Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Zortzi hilabeteko epean Industria Sailak 920 teknologia berri ezarri ditu 190 euskal mikroenpresatan

2011.eko abenduak 28

 

Zortzi hilabeteko epean Industria Sailak 920 teknologia berri ezarri ditu 190 euskal mikroenpresatan

 

  • - Maiatzetik hona, mekanikariek, ostalariek eta merkatariek teknologia berrien arloan dituzten premiei buruzko informazioa jasotzen dute SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez. Programa hori oraintsu zabaldu da Euskadiko mikroenpresa guztietara.
  • - 920 konponbide horiek alor hauetakoak dira: enpresaren posizionamendua Interneten, web atariak, posizionamendu birtuala Google maps aplikazioan eta enpresaren kudeaketa eraginkorra.
  • - Merkataritza txikizkaria da sektore aktiboena (%74). Parte hartu nahi duten enpresek www.euskadinnova.net web orrian eman dezakete izena.

 

Zortzi hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak informatikako eta teknologia berrien arloko 920 konponbide ezarri ditu 190 mikroenpresatan SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez abiarazi duen prozesu honen barruan. IKTak ezartzeko prozesu hori hiru sektore hauetako mikroenpresei zuzentzen zaie, beren lehiakortasuna hobetzeko xedez: "Merkataritza txikizkaria", "Motorrezko ibilgailuen mantenimendua eta konponketa" eta "Edari establezimenduak eta jatetxeak".  Hala, hamar langile baino gutxiagoko hamahiru bat mila negoziotako mekanikari, ostalari eta merkatariek eta arlo horietako autonomoek aukera dute beren informatikako premien neurriko diagnostikoak jasotzeko. Programa hau duela gutxi  ireki da era guztietako mikroenpresentzat.

920 konponbide horiek arlo hauetakoak dira: enpresaren posizionamendua Interneten, web atariak, posizionamendu birtuala Google maps aplikazioan eta enpresaren kudeaketa eraginkorra. 190 mikroenpresatatik %74 elikagaiak ez diren produktuen arloko saltoki txikizkariak dira, beste %16 edari establezimenduak eta jatetxeak, %5 ibilgailuak konpontzeko tailerrak eta azken 6ak beste sektore batzuetatik datoz (aholkularitzak, akademiak, hotelak, elikagaien saltokiak eta estetika zerbitzuak).

SPRIko Informazio Gizarteak iragan maiatzean jarduera honi ekin zionetik, 265 mikroenpresak eman dute izena programan (143k Bizkaian, 79k Gipuzkoan eta 43k Araban). Horietako gehienak (166) elikagaiak ez diren produktuen salmenta txikizkarikoak dira, 49 edari establezimenduak eta jatetxeak eta 25 ibilgailuak konpontzeko tailerrak eta gainerako sektoreetakoak ere bai.  265 horietatik 173k aplikatu dituzte IKTak beren negozioetan.

Programan izena emateko arrazoi nagusia negozioa sustatzeko premia izan da %75arentzat. Bigarren arrazoia izan da (%70) negozioari irudi modernoago bat eman nahi izatea, bezero berriak atzemateko. Aipatzekoak dira halaber informazioaren segurtasuna (%45) eta egokitzapen teknologikoa (%35).

 

IKTen erabilpenaren arloan, programan parte hartu duten mikroETEen artean  %85ak bazuen ekipo informatikoa eta Interneterako konexioa negozioan bertan, baina portzentaje hori %70eraino murrizten da negozioarekin lotutako erabilpenari dagokionean.

 

IKTak denbora eta dirua aurrezteko

 

Hala, Eusko Jaurlaritzak proposatu du proiektuan parte hartu nahi duten enpresek www.euskadinnova.net helbidean eman dezatela izena. Enpresa horiek hainbat abantaila lortuko dituzte IKTen bitartez:

  • - Denbora eta dirua aurreztea joan-etorri gutxiago eginez gestio administratiboak konpontzeko tramite telematikoei esker.
  • - Negozioa ezagutzera ematea sare sozialak baliatuz edota web orri propioa sortuz eta,
  • - Negozioa modu eraginkorragoan kudeatzea inbentarioa automatikoki eguneratuz.

Ekimen hori "Mikrosektoreen analisia, palanka indarra egingo duten aplikazioak identifikatu eta ezartzea EAEko mikroETEetan" proiektu pilotuaren barnean sartzen da. EAEko mikroETEen enpresa-sarea sakon aztertu ondoren, 16 azpisektore aukeratu ziren lehenik eta hiru mikrosektore zehatz horiek ondoren, bi irizpide oinarritzat hartuta:  garrantzi handia dute EAEko mikroETEen sarean eta batez bestekoa baino IKT ekipamendu maila baxuagoa dute.

Hiru sektoreen egoera datuak

Salmenta txikizkariko mikroenpresen kopurua (7.661) Euskadin dauden guztien %98,8koa da. Lau saltokitik hiruk ordenagailu bat dute eta gehienetan mahai gaineko ekipoak izaten dira, baina gero eta gehiagotan daude funtzio anitzekoak, eramangarriak edota zerbitzari informatikoak. Posta elektronikoa da gehien erabiltzen den zerbitzu informatikoa, posta mugikorra eta Extranet dituelarik atzetik. Sektore honetako IKT adierazleak gainerakoetakoak baino baxuagoak dira. Baina oinarrizko azpiegitura teknologikoaren ezarpen maila gainerako sektoreetakoekin bateratzen hasi da.

Jatetxeen sektoreak Euskadiko ostalaritza enpresa guztien %27 (3.345 mikroETE) hartzen du. Edarien sektoreko mikroETEak berriz Euskadiko ostalaritzako mikroenpresa guztien %68 dira. Jatetxeen %12k ordenagailua dauka eta %9k posta elektronikoa eta Internet ere bai.

Ibilgailuen mantenimendu eta konponketaren sektoreko mikroETEen kopurua (2.007) Euskadin dauden horrelako enpresen %96 da. Hona hemen sektore horretako informazio teknologien ekipamendu maila: ordenagailua %73,9, Internet %66,5 eta posta elektronikoa %64,7.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan