Berriak Lehendakaritza
qrcode

AEBetako ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du “Learning Tour 2023” ekimenaren esparruan  

2023-06-16
  • Ekimen horrek zazpigarren edizioa du oraingoa eta ardura-karguak dituzten lagunei Euskadiren errealitatea erakustea du helburu
  • Garapen jasangarrian, klima-aldaketan eta trantsizio energetikoan, tokiko politiketan eta nazioarteko harremanetan adituak diren 4 pertsona etorriko dira datorren astean Euskadira, arlo horietako euskal politikak bertatik bertara ezagutzeko

Estatu Batuetako ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du datorren astean, “Euskadi Learning Tour 2023” ekimenaren zazpigarren edizioaren esparruan. Eusko Jaurlaritzak sustatzen du ekimen hori, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotze Estrategiaren barruan. Ekimenaren helburua da bazkide estrategikoekiko harremanak bultzatzea kanpoan, Euskadiren errealitatea ezagutarazteko.

Oraingo honetan, garapen jasangarrian, klima-aldaketan eta trantsizio energetikoan, tokiko politiketan eta nazioarteko harremanetan adituak diren 4 pertsonak osatzen dute ordezkaritza, eta Estatu Batuetako erreferentzia-zentroetan egiten dute lan.

Agenda

Bisita Lehendakaritzak antolatu du, eta ekainaren 18tik 23ra egingo da. Egun horietan, ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu trantsizio hirukoitzaren erronkei aurre egiteko Euskadin gauzatzen ari diren politika publikoak: energetiko-ekologikoarenei, teknologiko-digitalarenei eta soziosanitario-demografikoarenei.

Horretarako, aurreikusita dago bilerak egitea Eusko Jaurlaritzaren arlo hauetako arduradunekin: kanpo harremanetakoekin; 2030 Agenda eta berrikuntza sozialekoekin; ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikokoekin; eta berdintasunerako eta trantsizio sozialerako politiketakoekin, besteak beste. Puntako teknologia- eta ikerketa-zentroak ere bisitatuko dituzte. Era berean, Euskadiko zerga-araubidea eta kooperatiba-eredua ezagutaraziko dira.

Maila instituzionalean, Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin bilduko da ordezkaritza, eta Gernikako Batzar Etxea bisitatuko du.

Agendaren jasotakoaren arabera, Gasteizko Santa Maria katedrala, Bilboko Guggenheim museoa eta Basque Culinary Center ere bisitatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko