Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Iaz Etxebizitza Saila 4.950 babes publikoko etxebizitza eraikitzen hasi zen, Plan Zuzentzailearen helburua nabarmen gaindituz

2011.eko abenduak 27

2010eko Etxebizitza Politiken Ebaluazio Txostena

Gobernu Kontseiluak ongi iritzi dio 2010eko Etxebizitza Politikaren Ebaluazio Txostenari. Etxebizitzaren gaineko politika publikoen helburu nagusia da etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien duten pertsonen etxebizitza-premiei erantzutea, alokairuko etxebizitzak ugarituta eta hazkunde jasangarriago bati bide emanda, lehendik dauden bizitokiak birgaituz eta lehengoratuz; hori guztia, erakundeen erantzukidetasun egokiarekin eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin.

Txostenean, ebaluatzeko egin den ahalegina nabarmentzen da; ebaluazio aurreratua, garapen tekniko eta metodologikoari dagokionez, eta koherentea, Gobernu honek politika publikoen gaineko ebaluazioa orokortzeko duen helburuarekin; hain zuzen, arlo horretan garapen aurreratuak egin ditu etxebizitza atalak, aitzindari izateaz gain.

Nahiz eta batez ere eraikuntzaren sektorean zailtasun ekonomiko izugarriak dauden eta jarduera nabarmen murriztu den, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak EAEn babes publikoko 4.950 etxebizitza eraikitzen has daitezen lortu du 2010ean; hala, nabarmen gainditu du Plan Zuzentzailean ezarritako helburua (3.450 etxebizitza). Bolumen garrantzizko horrek are balio handiagoa hartzen du, baldin eta kontuan hartzen badugu aldi horretan merkatu askean etxebizitza-kopuru horren erdia hasi direla egiten (2.572 unitate).

Nahiz eta zailtasunak dauden alokairu araubidean eraikitzeko, ederki gainditu dira Plan Gidariak ezarritako helburuak (952 etxebizitza; beraz, betetze-maila % 127koa izan da). Ikusirik alokairua diruz laguntzeko politikek arrakasta txiki samarra izan dutela alokairuko etxebizitzak eraikitzeko aliatu publiko eta pribaturik prest ez dagoela eta, Saila, Visesarekin batera, alokairuko etxebizitza babestuen sustatzaile nagusi bihurtu da.

Bestalde, alokairuko etxebizitzen eskariari erantzuteko helburuak ere lortu dira: 12.253 unitateren eskariari erantzun zaio, hau da, betetze-maila % 106koa izan da. Gogobete den eskariaren barruan sartzen dira abian jarri diren alokairuko etxebizitza babestuak, Bizigune programak atzemandako etxebizitzak (4.741) eta Emantzipatzeko Oinarrizko Errentaren bidez emandako laguntzak (6.560 unitate).

Etxebizitza babestuen funtzio soziala bermatzeko helburuarekin, Etxebizitza Sailak modu sistematikoan egiten ditu ikuskapenak etxebizitza babestuetan. Zehazki, 2010ean 4.657 etxebizitza bisitatu zituen guztira, eta horietatik 98ri jarri zien zehapenen bat.

Etxebizitzak birgaitzeko laguntzen programei esker, 19.497 etxebizitza birgaitu dira (% 107ko betetze-maila).

Halaber, nabarmentzekoa da Hiriber programak auzoak berritzen lagundu duela; izan ere, 2010ean 15 milioi euro eman zituen hiriak berritzeko lanetarako, guztira 45 udalerritan. Diruz lagundu daitezkeen halako jarduketetarako aurrekontua 25 milioi euro baino gehiagokoa da.

Datu horiek agerian uzten dute 2010erako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean ezarritako kopuru handiak erdietsi direla.

Arlo hauen gainean ezarritako helburuak geratu dira datozen urteetan lortzeko zain:

zuzkidurazko bizitokiak eraikitzea, erosteko aukera emango duten alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzea eta lurzorua eskuratzea.

Eraginkortasunaren ebaluazioa

Etxebideri dagokionez, nahiz eta funtzionamendua hobetzen joan den eta nabarmentzekoak diren beste administrazio batzuekin ezarritako loturaren ondoriozko hobekuntzak (Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala (GSIN), OHZren Erregistroa eta abar), diagnostikoak agerian utzi ditu arlo garrantzitsuak daudela hobetzeko, bai izena emateko unean, bai adjudikazio-prozesuetan. Arlo horietan lanean ari da Saila.

Hala, Plan Zuzentzaileko etxebizitza-politikaren kudeaketa ezin eraginkorragoa izateko kontuan hartu diren ekintzetako askok hobekuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte sistemara, eta horiek lagungarri izango dira baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Ekintza horien artean, Etxebideren kudeaketarekin zuzenean loturiko batzuk nabarmendu behar dira, hala nola izena emateko sistema berrikustea, prozesua erraztea, irizpideak bateratzea eta abar.

Sozietateen sarea berregituratzeari dagokionez, 2010. urtean eman ziren lehenengo pausoak Alokabide publiko bihurtzeko eta Bizigunerekin bat egiteko. Azkenean 2011n ekin zaio eragiketa horri, lehenik alokairuko etxebizitzak kudeatzeko Alokabide SA sozietate publikoa -titulartasun publikokoa guztiz- sortuta, eta segidan Alokabideren zati batek Bizigune programa xurgatuta. Ekintza horrekin, Alokabideren parke propioa osatzen duten ia 2.500 etxebizitza horiek alokairuko etxebizitza publikoen parte izatera igaro dira.

Bestalde, birgaitze-politikak kontuan hartuta, egindako analisian egiaztatu ahal izan da bikoiztasunak daudela laguntzetan; izan ere, hainbat erakundek ematen dituzte laguntzak birgaitze-jarduketa berberak egiteko, eta diru-laguntza horiek, kasu askotan, osagarriak izaten dira. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da koordinazioa hobetzea, bikoiztasunak saihestuz eta leihatila bakarra abian jartzeko bidean aurrera eginez, eta, aldi berean, Etxebizitza Sailaren zerbitzu-katalogo bat sortuz eta herritarrentzako informazio eta aholkularitza egokia eskainiz. Jarduketa horien azken xedea da jarduketen eta baliabide publikoen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea. Kontu horiek jasota daude jadanik Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean; beraz, espero da datozen urteetan aurrera egingo dela arlo honetan.

Ekitatearen ebaluazioa

2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak lurralde-oreka lortu nahi du; horretarako, etxebizitza-premia gehien duten zona geografikoetan egiten du ahalegin handiena. Hala, etxebizitzak eraikitzeari dagokionez, egiaztatu da, Arabak nagusi izaten jarraitzen badu ere, lurralde-banaketa hobea lortu dela; hain zuzen, Gipuzkoan eraikuntza-helburuak lortu dira, eta asko hurreratu da Bizkaian.

Halaber, baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonentzako alokairutarako laguntzen bidez (Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-larrialdietarako laguntzak) arindu egin nahi dira dauden desberdintasunak. 2010ean, 28.000 pertsona inguruk lortu ahal izan dituzte laguntza horiek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan