Berriak Kultura
Eu

Kiroleko dopinaren kontrako lege-proiektua onartu du Gobernuak (2011-12-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 27

Kiroleko dopinaren aurkako Lege-proiektua

Gaur egin duen bileran, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du kiroleko dopinaren kontrako lege-proiektua, dopinari buruzko 14/1998 legeak ezartzen dituen xedapenak gaur egungo errealitate berrira egokitzeko helburuz, Euskadik egitura juridiko nahiko sendoa izan dezan gure kiroletik gaitz hori erro-errotik kentzeko.

Dopatzea, honela edo hala, beti izan den arren kiroleko etikaren oinarrizko printzipioak urratzea, gaur egun dopina ez da kirolaren arloko engainu larria besterik, baizik praktika antolatu arriskutsu mordoa, oso kaltegarriak izan daitezkeenak osasun publikoarentzat, bereziki kirolarien bizitzarentzat. Dopinak kirolaren arloko etikaren eta dopina erabiltzen duen kirolariaren osasunaren esparruak gainditu ditu, eta osasun publikoko benetako arazo bihurtu da. Dopina ez da kirolari jakin batzuek noizean behin egiten dutena; horren atzean, interes ekonomiko handiak dituzten talde antolatuak daude. Horregatik, arau berri honek Kirol Zuzendaritzak, kirol-federazioekin batera, jada egiten dituen zenbait lan areagotu eta indartu nahi ditu.

Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 legeak, ekainaren 1ekoak, VII. Tituluko V. kapitulua, oso-osorik, dopinari eskaintzen dio. Baina kapitulu horretan arautzen denaz gain, gainontzeko artikuluetan ere arazo horri buruzko zenbait xedapen biltzen dira. Nahiz eta lege hori aurreneko urrats garrantzitsua izan zen bere garaian, Euskadik arau propioa izan zezan dopin gaitzaren kontra egiteko, onartu zenetik hona joan den denbora guztian agerian geratu da antolaketako eta arauetako eraldaketa garrantzitsuak eta oztopoak izan direla estatuko nahiz kanpoko legedietan, adibidez, azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoa, kiroleko dopinaren kontra egin eta osasuna babestekoa.

Horregatik, lege-proiektu honetan jasotako araudiak oinarri izan dituen printzipioak hain zuzen ere kiroleko dopinaren aurkako borrokan estatuan eta nazioartean aurreratuen dauden erakundeek onartutakoak dira.

Lege-proiektuaren ezaugarri nagusiak

- Erakundeak dopinaren fenomenora egokitzea, Dopinaren Kontrako Euskal Agentzia sortuta, dopina prebenitu, kontrolatu eta ezabatzeko EAEko administrazio orokorrari dagozkion ekintzak diseinatu eta taxutzeko, kirolaren esparruan eskumena daukan zuzendaritzari atxikita.

- Legeak nabarmen gogortzea dopinaren aurka borrokan egiteko; gogortze hori kirolarien eta prozesuan esku hartzen duten gainerako pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatu beharraz bateratzen saiatuta. Testuak oinarrizko ideia bat du abiaburu: dopinaren aurkako borroka ezin da edozein modutan eraman aurrera, eta kontu handiz zaindu behar dira dopinaren aurkako kontrolak egiten zaizkien kirolarien eskubideak, baina kontrolon eraginkortasuna inondik ere gutxitu gabe. Horretaraino iristeko, kirolarien eskubideak proportzionalki haztatu behar dira, dopinaren kontrako borrokan lortzekoak diren helburu zilegien parez pare jarrita.

- Federatu gabeko kiroletan ere dopinaren kontrako kontrola eta zigorrak ezartzea. Gaur egungo legerian federatutako kirolari buruz egiten diren aurreikuspenak beste kirol-jarduera batzuetara ere hedatu dira, horiek ere babestu beharra dagoela ikusten baita, araubide lausoagoaz bada ere.

Bi gauza lortu nahi ditugu: batez ere, inork ez dezala kirol-espirituaren aurkako ezer egin, eta kirolarien osasuna zaindu, federaturik dauden edo ez begiratu gabe. Horregatik, federatu gabeko lehiaketetan parte hartzen duten kirolarientzako araubide berezi bat idatzi dugu, esate baterako, eskolako edo unibertsitateko lizentzia duten kirolarientzat edo lizentzia modura balio duen inskripzio bidez aritzen direnentzat. Lehiaketa antolatuetan parte hartzen duten kirolarien osasuna ere zaindu behar dugu, federaturik egon edo ez. Kontua ez da, ordea, kirola egiten duten guztiei noiznahi dopin-kontrolak eginaraztea. Horregatik legean jartzen du Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak edukiko duela ahalmena, zerrenda bat onartuz eta argitaratuz, federatu gabeko zein kirol-lehiaketetan egin ahal izango diren dopin-kontrolak. Horrela, neurria galdu gabe jokatu nahi izan dugu, eta bereziak direla-eta kontrolatu beharrekoak diren kirol-lehiaketetara mugatu.

Horren inguruan, proiektuak berariaz aipatzen ditu zenbait debeku, kirolean galarazita dauden substantzia eta metodoak banatzen edo merkaturatzen dituzten kirol-zentroei begira.

- Aurrea hartzeko neurriak. Xedapen honetan, dopinaren aurkako borroka orotara hartu dugu. Xedapen honek dopina arautzen du eta, horrez gain, garrantzi handia ematen dio erakundeak, profesionalak eta kirolariak kirol-errendimendua hobetzeko erabiltzen diren hainbat substantzia eta metodok osasunean izan dezaketen eraginaren inguruan ikertzeari, sentsibilizatzeari, prestatzeari eta informatzeari.

- Asmo teraupeutikoz erabiltzeko baimenak. Kontrolak egiteko beste modu batzuk berariaz jasotzen ahalegindu da lege-proiektua. Dopinarekin inolako tolerantziarik izan nahi ez badugu, ez da nahikoa, besterik gabe, laginak hartu eta analisiak egitea. Horregatik, beharrezkoa da iruzur egiteko beste bide batzuk ere kontrolatzea, hala nola erabilera terapeutikoko baimenak oker erabiltzea.

- Osasun-kontrolak. 7/2006 Lege Organikoaren irizpide berbera kontuan izanik, legean, kontzeptu horrek jarduera-multzo hau hartzen du bere baitan: kirol-jarduerak osasunari eragin diezazkiokeen ondorioak hobetzeko, kontrolatzeko eta prebenitzeko, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak, kirol-federazioek eta gainerako kirol-erakundeek egokitzat hartzen dituzten jarduerak, bai eta dopinaren eta osasunaren alorrean legeak ezarritako betebeharrak kirolariek bete ditzaten kontrolatzeko jarduerak ere.

- Arau-hausteak eta zehapenak egokitzea. 14/1998 Legeko arau-hausteak eta zehazpenak egokitzea, lege hori sortu diren premia berriei erantzun eta nazioarteko araudiak dioenera egokitzeko. Besteak beste, zenbait kirol-elkarte, kirolari eta pertsona fisiko eta juridiko batzuek debekaturik izango dutela laguntza publikoak jasotzea dopinarekin zerikusia duten egoera batzuetan.

- Proiektuak berariaz jasotzen du dopinaren aurka borroka egiteko oinarrizko beste tresna bat: beste erakunde publiko edo pribatu batzuek jarritako zehapenak aintzat hartzea. Hau da, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean edo beste kirol-motaren batean zigorra jaso badu kirolari batek, ezin izango du Euskadin lehian aritu zehapena indarrean den artean, zehapen hori dena delakoa izanik ere.

- Dopinarekin zerikusia duten datu pertsonalak babestea. Arauak bere baitan hartu dituen zenbait xedapenek, kirolarien eta beste pertsona batzuen eskubideei dagokienez, badu eraginik datu pertsonalen babesean, nahiz eta ez duten arautzen. Egoera jakin batzuetan, zenbait informazio agintari eskudunei jakinarazteko betebeharrak ezartzen dira; beste egoera batzuetan, berriz, datu pertsonalen tratamendua arautzen da, eta abar. Lege-proiektu honetan, dopin- eta osasun-kontrolekin zerikusia duten datuak (analisien emaitzak, azterketa medikoen emaitzak, osasun-kontrolen emaitzak, erabilera terapeutikoko baimenen eskaerak eta baimenak, eta abar) osasunari buruzko datu pertsonaltzat hartzen dira, eta horregatik behar dute babes berezia.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan