Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko protokoloa sinatu du Ertzaintzarekin eta Basauriko Udalarekin, erantzun koordinatua eta eraginkorragoa emateko

2023-06-15

Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIak, Basauriko Udalak eta Ertzaintzak (Ibaizabaleko ertzain-etxea) erakunde arteko koordinazio-protokolo bat sinatu dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko.

 

Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko erakunde arteko koordinazio-protokolo bat edukitzearen helburua da indarkeria horri aurre egiten dioten emakumeei arreta osoa, babesa eta erreparazioa bermatzea.

 

Jon Guajardok, Barrualde Galdakaoko ESIko zuzendari-gerenteak, Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, Edurne Arcek, Ibaizabaleko ertzain-etxeko nagusiak, eta María Larrinagak, Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak, aurkeztu dute gaur protokolo hau, indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta instituzionala indartu eta birbiktimizazioa saihestuko duena.

 

Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) genero-indarkeriaren arloko erreferente-talde bat du, ESIaren Lehen Mailako Arretako 17 unitateetan, bai eta Ginekologia, Psikiatria eta Larriealdietako ospitale barruko zerbitzuetan ordezkaritza duena. Profesionalen sare hori funtsezkoa da kasuak koordinatzeko eta kudeatzeko, bai eta emakumeari arreta-maila guztietan laguntzen jarraitzeko ere.

 

"Gure helburu nagusietako bat indarkeria matxistaren detekzio goiztiarra da, baita bizirik atera direnen erreparazioa ere gure erakundeko udalerri guztietan", azaldu du Jon Guajardok. Eta, horregatik, kasuei aurre egitea konplexua denez, erakunde honetako genero-indarkeriaren euskarri-taldeak etengabeko aholkularitza eskaintzen die behar duten profesionalei. Laguntza-talde hori genero-indarkeriaren kasuetan prestakuntza eta esperientzia duten profesional erreferenteek osatzen dute, eta gizarte-laneko unitatearen eta ESIko berdintasun-erreferenteen laguntza du.

 

Osakidetzak urteak daramatza prestakuntza arautua eta jarraitua ematen profesionalak sentsibilizatzeko, bai genero-indarkeriari dagokionez, bai berdintasunari dagokionez. Gainera, genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen kasuetan jarduteko protokoloak eta gidak ere baditu.

 

Barrualde-galdakaoko ESIari dagokionez, lehen mailako arretako unitate guztiek prestakuntza-saioak egiten dituzte aldian-aldian, unitateko langile guztiak gai honen inguruan sentsibilizatzeko. 2022ko datuen arabera, erakunde honetako 900 profesional inguruk parte hartu zuten genero-indarkeriari edo berdintasunari buruz eskainitako 17 ikastaroetako batean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)