Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Nazioarteko adoptzio agentzien egiztapena arautuko du Jaurlaritzak (2011-12-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 27

Dekretua, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazio eta funtzionamenduari buruzkoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileen egiaztapena eta funtzionamendua arautzen duen dekretua. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak landuriko dekretu horrek gaur egun arte indarrean zegoen 2003ko urrikoa ordeztuko du. Orain arte baliaturiko agentzia horien egiaztapen-sistema aldatzen du dekretu berri horrek, eta hobeto egokituko da orain erakunde horien errealitatera.

Egiaztapen-sistemaren aldaketarekin batera, aldaketa gehiago sartzen ditu dekretu horrek. Esaterako, argiago ezartzen ditu egiaztapena lortzeko erakundeek bildu beharreko eskakizunak, baldintza objektibo eta agindu teknikoen artean bereiziz.

Herrialde baterako egiaztapenak hiru urteko indarraldia izango du, eta Eusko Jaurlaritzaren esanbidezko ebazpena eskatuko du luzapen posibleak. Nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileek urtero auditoria bat egiteko duten betebeharra berreskuratzen da, betiere Eusko Jaurlaritzak zehaztutako baldintzetan, eta auditoria egingo duen erakundea ere hautatu ahalko du.

Ordainketen zatiketa hiru unetan arautzen da, hots, hasiera, aurresleipenaren onarpena eta erakundeak adopzioaren izapidetzearen kostuak iragartzeko duen betebeharra gaineratzen da.

Alderdiak (adoptatzen duen familia eta nazioarteko adopziorako erakunde laguntzailea) bitartekotza-kontratuko eredura egokitu behar dira eta dekretu berria indarrean hasi aurretik gaitutako erakundeei lau hilabeteko epea ematen zaie beren egiaztapen berria eska dezaten, bertan aurreikusitako baldintzetan eta eskakizunekin.

Honako hauek daude egiaztapena lortzeko eskakizunen artean:

1) Jarduteko lurralde-eremuaren arabera dagokion erregistroan inskribatutako eta legez eratutako irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea.

2) Egoitza soziala izatea Euskadin, eta egiaztapena eskatzen den atzerriko lurraldean ordezkaritza izatea.

3) Nazioarteko adopzioan bitartekotza-eginkizunak esklusiboki garatzeko baliabide material nahikoak eta jendeari arreta emateko bulegoa izatea, betiere Euskadin kokaturikoa; bulegoaren arreta presentzialeko ordutegia gutxienez egunean 4 ordukoa izango da, astelehenetik ostiralera, eta ordutegi horretatik kanpo telefonoz eta bitarteko telematikoak baliatuta eman beharko da arreta

4) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako diziplina anitzeko ekipo bat izatea, gutxienez zuzenbideko lizentziatu batek, psikologo batek eta gizarte-laneko diplomatu batek osatua.

5) Legezko ordezkari bat izatea jatorri-herrialdean

6) Estatu espainoleko autonomia-erkidegoren batek edota aurretiaz nazioarteko adopzioko lana egiten zuen jatorri-herrialderen batek nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaile gisa egiaztapena edo baimena kendu ez izana, erakundeari egotz dakiokeen arrazoia dela-eta.

7) Kontu korronte bakarra eta independentea izatea Euskal Autonomia Erkidegoko espedienteek eragindako mugimendu ekonomikoetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan