Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak Grand Départ Pays Basque 2023 irteera handirako diseinatutako mugikortasun- eta segurtasun-operatiboa aztertu du

2023-06-14
  • Euskadin inoiz izan ez den bezalako dispositibo integrala da, eta Ertzaintza, Tourraren hiru etapek zeharkatuko dituzten udalerri guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako larrialdietako eta suteen itzalketako zerbitzuak, Osakidetza, erakunde-maila guztietako errepideen eta trafikoaren kontrolerako taldeak, eta abar koordinatuko ditu

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela elkartu da gaur goizean Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua. Koordinazio, analisi eta eztabaidarako organo goren horretan Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman inplikatuta dauden erakunde guztiak daude ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, EUDEL, hiru hiriburuetako udalak, hiru foru-aldundiak, Legelarien Euskal Kontseilua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia, EAEko Fiskaltza Nagusia, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza eta abar.

Lan-bileran, besteak beste, uztailaren 1ean, 2an eta 3an Euskadi zeharkatuko duen Grand Départ Pays Basque 2023 irteera handia dela-eta, euskal erakundeek planifikatu duten segurtasun-operatibo konplexuaz hitz egin dute. Euskadin inoiz izan ez den bezalako Segurtasunaren Gida Plan integrala da, eta Ertzaintza, Tourraren hiru etapek zeharkatuko dituzten udalerri guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako larrialdietako eta suteen itzalketako zerbitzuak, Osakidetza, erakunde-maila guztietako errepideen eta trafikoaren kontrolerako taldeak, eta abar koordinatuko ditu.

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi izan ditu Euskaditik igaroko diren 2023ko Frantziako Tourraren hiru etapa horietan oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean ezarriko diren murrizketa esanguratsuak, eta, hori dela eta, nazioarteko txirrindulari-proba iritsi arte geratzen diren egunetan euskal erakundeek behin eta berriz eskatuko diete herritarrei joan-etorriak aurretik planifikatzeko, informazioa aurretik biltzeko eta, batez ere, garraio publikoa erabiltzeko datorren uztailaren 1ean, 2an eta 3an, probak eragin handia izango baitu errepideetan.

Gai-zerrenda

Horrez gainera, bileran izan direnek Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2025erako Plan Orokorraren jarraipena ere egin dute, eta, horren barruan, azken hilabeteotan nabarmendu dira Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna sinatu izana eta Gobernu Kontseiluak Cyberzaintza, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia, sortzea onartu izana.  

Bestalde, Gobernuak herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko egindako aurrerapen teknologiko garrantzitsuak ere azaldu ditu. Alde batetik, Gasteizko Ertzain-etxean premiazkoak ez diren izapideak egiteko eta salaketak jartzeko hitzordua eskatzeko abian jarritako proiektu pilotua, gainerako ertzain-etxeetara datozen hilabeteotan hedatuko dena. Eta, bestetik, larrialdi-egoeretan komunikazioak hobetzeko, 112 SOS Deiak aplikazioaren bidez denbora errealean irudiak bidaltzeko aukera.  

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)