Konputazio kuantikoari buruzko lehen prestakuntza-jardunaldia BASQ Estrategian
- Bi eguneko jardunaldia Materialen Fisika Zentroan ari da burutzen, Donostian, IBM-ko langileen eskutik
Gaur goizean hasi da Basque Quantum (BasQ) Estrategiaren testuinguruan IBM-k emandako konputazio kuantikoko lehen prestakuntza-jardunaldia. Euskadiko hirurogei ikertzaile eta master ikasle inguru Donostiako Materialen Fisika Zentroan elkartu dira Qiskit kode irekiko softwarea erabiltzen ikasteko. Ordenagailu kuantikoekin lan egiteko aukera ematen duen softwarea da hori. Horrela, ikaskuntza-esperientzia bat eskaintzen ari zaie, IBMren eskutik, konputazio kuantikoan modu praktikoan trebatzeko eta euskal komunitateak eskura duen azpiegitura konputazionalean programa kuantikoak exekutatzeko. IBMrekin egindako akordioaren ondorio da prestakuntza-jarduera hau, eta 2024aren amaieran 127 qbit-eko IBM Quantum System One bat instalatzearekin amaituko da.
Parte-hartzaileen artean, profilen oreka handia dago: masterreko ikasleak eta doktoratu aurreko ikertzaileak, doktorego ondoko ikertzaileak eta seniorrak, eta diziplina zientifiko desberdinetakoak, hala nola fisika, kimika, informatika, matematika eta ingeniaritzakoak. Hezkuntzarako edo ikerketarako tresna gisa erabiltzen bada ere, konputazio kuantikoan lan egiten duen edonori laguntzeko modulu sorta zabala, dokumentazio zabalagoa eta hainbat ezaugarri eskaintzen ditu Qiskit-ek. Lehenengo eguneko tutoretza-jardunaldian, parte-hartzaileak oinarrizko kontzeptuak ari dira ikasten: zirkuitu kuantiko bat nola diseinatu, zirkuitua zerbitzu zehatz baterako nola konpilatu, zirkuitu konpilatua nola exekutatu, laburpen-estatistikak nola kalkulatu eta emaitzak nola bistaratu. Bigarren egunean, berariazko modulu aplikagarriak aurkeztuko dira euskal ikerketa-komunitatearen intereseko eremuetan, hala nola materialen fisikan edo ikaskuntza automatiko kuantikoan.
Jardunaldi hau Iñigo Urkullu Lehendakariak martxoaren 24an Tabakaleran aurkeztutako BasQ Estrategiaren baitan kokatzen da. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatzen du, IKUR estrategia zientifikoaren esparruan. BasQ-ren helburu nagusietako bat da Euskadi goi-mailako prestakuntza duten ikertzaile eta profesionalen erreferentziazko harrobi bihurtzea eta konputazio kuantikoan nazioarteko talentua zabaltzea. Egunotako jardunaldia helburu horren barruan kokatzen da, eta, hemendik aurrera garatuko diren beste jarduera batzuekin batera, ikertzaileek eta profesionalek konputazio kuantikoaren erabilera zabaltzeko hartu beharreko gaitasunean jartzen du azpimarra. Hala, horren potentzial guztia ustiatu ahal izango dute, bai aurkikuntza zientifikoetan laguntzeko, bai erronka handiei aurre egiteko aplikazio praktikoan aurrerapausoak egiteko, hala nola, medikuntza pertsonalizatua, segurtasun informatikoa, klima-aldaketa edo logistika konplexua. Era horretan, hainbat enpresa-sektoretan teknologia kuantikoen erabilera lehiakorra bizkortzea ahalbidetuko da, negozio-aukera berriak sustatuz eta balio soziala sortuz.
IBMrekin aliantza
Euskal Autonomia Erkidegoak IBMrekin duen aliantza garatzea da BasQ-ren funtsezko elementuetako bat, IBM Quantum global Sarean integratuta (eta horren onuradun) egongo den euskal ekosistema kuantiko hori bultzatu eta katalizatzeko. IBMrekiko aliantza estrategikoaren oinarria honako hau da: bikaintasunezko gaitasunen presentzia izatea Euskadin, bikaintasun-zientziaren aldeko apustua bultzatzeko. Aldi berean, horrekin bilatzen da Euskadi bihurtzea konputazio kuantikoan trebatzeko lurralde, bai eta erabilera-kasuak garatuz esperimentatzeko eta industrian aplikatzeko lurralde ere. Horregatik hautatu du IBM-k Euskadi nazioarteko aliantzen sareko nodo gisa eta egoitza berri gisa (seigarren egoitza mundu mailan), konputagailu kuantiko bat kokatzeko eta kokapen berri horri lotutako jardueren multzoa hedatzeko.
Aliantza hau estrategikoa da Euskadirentzat, konputazio kuantikoan IBMren lehentasunezko bazkide gisa. Zientzia Euskadin oparotasun soziala eta lehiakortasun ekonomikoa sortzeko bektore zuzen gisa kokatzen duen etorkizuneko apustu handietako bat da. IBMrentzat, Euskadi nodo estrategiko bat da, teknologia kuantikoen garapenean duen ibilbideagatik eta bikaintasun-potentzialagatik.