Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Gobernuak ongi iritzi dio 2010eko Etxebizitza Politiken Ebaluazio Txostenari (2011-12-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 27

Erabakia, 2010eko Etxebizitza Politika Ebaluatzeko Txostena aldekoa baloratzeko dena

Gobernu Kontseiluak ongi iritzi dio 2010eko Etxebizitza Politikaren Ebaluazio Txostenari. Etxebizitzaren gaineko politika publikoen helburu nagusia da etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien duten pertsonen etxebizitza-premiei erantzutea, alokairuko etxebizitzak ugarituta eta hazkunde jasangarriago bati bide emanda, lehendik dauden bizitokiak birgaituz eta lehengoratuz; hori guztia, erakundeen erantzukidetasun egokiarekin eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin.

Txostenean, ebaluatzeko egin den ahalegina nabarmentzen da; ebaluazio aurreratua, garapen tekniko eta metodologikoari dagokionez, eta koherentea, Gobernu honek politika publikoen gaineko ebaluazioa orokortzeko duen helburuarekin; hain zuzen, arlo horretan garapen aurreratuak egin ditu etxebizitza atalak, aitzindari izateaz gain.

Nahiz eta batez ere eraikuntzaren sektorean zailtasun ekonomiko izugarriak dauden eta jarduera nabarmen murriztu den, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak EAEn babes publikoko 4.950 etxebizitza eraikitzen has daitezen lortu du 2010ean; hala, nabarmen gainditu du Plan Zuzentzailean ezarritako helburua (3.450 etxebizitza). Bolumen garrantzizko horrek are balio handiagoa hartzen du, baldin eta kontuan hartzen badugu aldi horretan merkatu askean etxebizitza-kopuru horren erdia hasi direla egiten (2.572 unitate).

Nahiz eta zailtasunak dauden alokairu araubidean eraikitzeko, ederki gainditu dira Plan Gidariak ezarritako helburuak (952 etxebizitza; beraz, betetze-maila % 127koa izan da). Ikusirik alokairua diruz laguntzeko politikek arrakasta txiki samarra izan dutela alokairuko etxebizitzak eraikitzeko aliatu publiko eta pribaturik prest ez dagoela eta, Saila, Visesarekin batera, alokairuko etxebizitza babestuen sustatzaile nagusi bihurtu da.

Bestalde, alokairuko etxebizitzen eskariari erantzuteko helburuak ere lortu dira: 12.253 unitateren eskariari erantzun zaio, hau da, betetze-maila % 106koa izan da. Gogobete den eskariaren barruan sartzen dira abian jarri diren alokairuko etxebizitza babestuak, Bizigune programak atzemandako etxebizitzak (4.741) eta Emantzipatzeko Oinarrizko Errentaren bidez emandako laguntzak (6.560 unitate).

Etxebizitza babestuen funtzio soziala bermatzeko helburuarekin, Etxebizitza Sailak modu sistematikoan egiten ditu ikuskapenak etxebizitza babestuetan. Zehazki, 2010ean 4.657 etxebizitza bisitatu zituen guztira, eta horietatik 98ri jarri zien zehapenen bat.

Etxebizitzak birgaitzeko laguntzen programei esker, 19.497 etxebizitza birgaitu dira (% 107ko betetze-maila).

Halaber, nabarmentzekoa da Hiriber programak auzoak berritzen lagundu duela; izan ere, 2010ean 15 milioi euro eman zituen hiriak berritzeko lanetarako, guztira 45 udalerritan. Diruz lagundu daitezkeen halako jarduketetarako aurrekontua 25 milioi euro baino gehiagokoa da.

Datu horiek agerian uzten dute 2010erako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean ezarritako kopuru handiak erdietsi direla.

Arlo hauen gainean ezarritako helburuak geratu dira datozen urteetan lortzeko zain:

zuzkidurazko bizitokiak eraikitzea, erosteko aukera emango duten alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzea eta lurzorua eskuratzea.

Eraginkortasunaren ebaluazioa
Etxebideri dagokionez, nahiz eta funtzionamendua hobetzen joan den eta nabarmentzekoak diren beste administrazio batzuekin ezarritako loturaren ondoriozko hobekuntzak (Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala (GSIN), OHZren Erregistroa eta abar), diagnostikoak agerian utzi ditu arlo garrantzitsuak daudela hobetzeko, bai izena emateko unean, bai adjudikazio-prozesuetan. Arlo horietan lanean ari da Saila.

Hala, Plan Zuzentzaileko etxebizitza-politikaren kudeaketa ezin eraginkorragoa izateko kontuan hartu diren ekintzetako askok hobekuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte sistemara, eta horiek lagungarri izango dira baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Ekintza horien artean, Etxebideren kudeaketarekin zuzenean loturiko batzuk nabarmendu behar dira, hala nola izena emateko sistema berrikustea, prozesua erraztea, irizpideak bateratzea eta abar.

Sozietateen sarea berregituratzeari dagokionez, 2010. urtean eman ziren lehenengo pausoak Alokabide publiko bihurtzeko eta Bizigunerekin bat egiteko. Azkenean 2011n ekin zaio eragiketa horri, lehenik alokairuko etxebizitzak kudeatzeko Alokabide SA sozietate publikoa titulartasun publikokoa guztiz sortuta, eta segidan Alokabideren zati batek Bizigune programa xurgatuta. Ekintza horrekin, Alokabideren parke propioa osatzen duten ia 2.500 etxebizitza horiek alokairuko etxebizitza publikoen parte izatera igaro dira.

Bestalde, birgaitze-politikak kontuan hartuta, egindako analisian egiaztatu ahal izan da bikoiztasunak daudela laguntzetan; izan ere, hainbat erakundek ematen dituzte laguntzak birgaitze-jarduketa berberak egiteko, eta diru-laguntza horiek, kasu askotan, osagarriak izaten dira. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da koordinazioa hobetzea, bikoiztasunak saihestuz eta leihatila bakarra abian jartzeko bidean aurrera eginez, eta, aldi berean, Etxebizitza Sailaren zerbitzu-katalogo bat sortuz eta herritarrentzako informazio eta aholkularitza egokia eskainiz. Jarduketa horien azken xedea da jarduketen eta baliabide publikoen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea. Kontu horiek jasota daude jadanik Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean; beraz, espero da datozen urteetan aurrera egingo dela arlo honetan.

Ekitatearen ebaluazioa
2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak lurralde-oreka lortu nahi du; horretarako, etxebizitza-premia gehien duten zona geografikoetan egiten du ahalegin handiena. Hala, etxebizitzak eraikitzeari dagokionez, egiaztatu da, Arabak nagusi izaten jarraitzen badu ere, lurralde-banaketa hobea lortu dela; hain zuzen, Gipuzkoan eraikuntza-helburuak lortu dira, eta asko hurreratu da Bizkaian.

Halaber, baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonentzako alokairutarako laguntzen bidez (Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-larrialdietarako laguntzak) arindu egin nahi dira dauden desberdintasunak. 2010ean, 28.000 pertsona inguruk lortu ahal izan dituzte laguntza horiek.

Parte-hartzearen ebaluazioa
Nabarmentzekoa da etxebizitza-politikak egitean parte-hartzea oso handia izan dela 2010. urtean. Hala, 2010eko ekainaren 16an, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Etxebizitzaren Aldeko Gizarte Ituna sinatu zuen sektoreari loturiko 75 talde baino gehiagorekin; horien artean zeuden ekonomi eta finantza erakundeak, bizilagunen elkarteak, pertsona nagusienak, kontsumitzaileenak, familia ugarienak eta abar.

Gizarte Itunaren helburua zen erakunde eta gizarte eragileekin epe ertain eta luzera etxebizitza-politika zuzendu behar duten ildo estrategikoak adostea eta erakundeen artean beharrezkoa den koordinazio hori bermatzea.

Halaber, Etxebizitza Sailak 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea egitean herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri zuen abian, euskal herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, etxebizitzaren inguruko haien iritzi eta proposamenak ezagutzeari begira. Prozesu horrek arrakasta handia izan zuen; proposamen ugari aurkeztu ziren, eta horietatik % 67 ekintza konkretu gisa sartu ziren 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean.

Sailaren jardunaren gaineko gogobetetzeari buruzko ebaluazioa
Parte hartzeko prozesu horiek agerian utzi dute herritarrek zer eskatzen duten etxebizitzaren arloan, eta bide eman dio Sailari egiaztatzeko gehien eskatzen diren kontuetako bat leihatila bakarraren premia dela, hots, herritarrei bateko zein besteko sail eta erakundeek etxebizitzak birgaitzeko ematen dituzten laguntza-programa guztiei buruzko informazioa eta aholkua emateko leihatilaren premia.

Bestalde, Etxebizitza Sailak inkestak egiten ditu aldian-aldian etxebizitza babestuen eskatzaileen eta programen adjudikaziodunen artean, eta horrek bide ematen du ebaluatzeko hala programen gaineko gogobetetze-maila zenbaterainokoa den nola garatutako jarduketak herritarren premietara zenbateraino egokitzen diren, hobetzeko beharrezko ekintzak aplikatzeko.

Eraginaren ebaluazioa
Bizitokien eraikuntzak segmentu askean izan duen atzerakada handian nabarmentzen da eraikuntzaren sektorea egoera zaila igarotzen ari dela. Alabaina, testuinguru horretan, etxebizitza babestuen ekoizpen handiak merkatu honi dinamismoa ematen laguntzen du.

Halaber, nabarmendu behar da eragin ekonomiko handia dutela Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diruz lagundu ditzakeen birgaitzeko etxebizitzetarako politikek. Babes daitezkeen etxebizitzetarako aurrekontua, hau da, Sailaren diru-laguntzaren bat jaso duten banakoen eta bizilagunen erkidegoen jarduketa babestuetan egindako inbertsioaren guztizkoa (lanen kostu erreala, gehienezko muga batekin) 277,4 milioi eurokoa izan da 2010ean. Hala, diru-laguntzaren euro bakoitzeko 13,4 euro sortu dira, ekoizpen-jarduerari dagokionez.

Bestalde, udalei irisgarritasuna hobetzeko eta lehentasunez esku hartu beharreko auzo eta hiriguneak hobetzeko laguntza-programen bidez, zenbateko garrantzizkoa eman da diru-laguntzetan, guztira 17 milioi euro inguru. Babes daitezkeen halako lanetarako aurrekontua 36 milioi ingurukoa da.

Jarduketa horiei esker, irisgarritasuna handitu da eta horrek pertsona nagusiei eta ezintasunen bat duten pertsonei higitzea erraztu die; etxeen bizigarritasuna eta erosotasuna hobetu izanak berekin ekarri du, batetik, energia-kontsumoa gutxitzea, eta, bestetik, pertsonak denbora luzeagoan geratzea beren etxeetan; hala, nabarmen aurreztu da osasun- eta gizarte-politiken arloko gastua. Beraz, halako politikak egiteko beharrezkoa da koordinazioa eta osagarritasuna; izan ere, etxebizitza-politikek zuzenean eragiten dute gizarte-politiketan eta energia-politiketan, besteak beste.

Bestalde, Etxebizitza Sailaren eta finantza-erakunde nagusien artean ezarritako finantza-hitzarmenari esker, familia ugarik eskuratu ahal izan dituzte hipoteka-kredituak beren etxebizitza babestuaren ordainketa finantzatzeko, eta, hala, gainditu egin dira finantzabidea lortzeko dauden zailtasun handiak.

Bestalde, alokairua sustatzeko politikek alokairuko etxebizitzen kuota areagotzen laguntzen dute, eta, nahiz eta oraindik ere txikia den (% 7,3koa EAEn, eta Estatuan oro har, % 13koa), espero dugu nabarmen handituko dela datozen urteetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan