Berriak Segurtasuna
qrcode

Erkorekak eta Grande-Marlaskak lankidetza indartu dute zibersegurtasunean eta genero-indarkerian

2023-06-16
  • Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Barne ministroa buru direla elkartu da Bilbon Euskadiko Segurtasun Batzordea

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ostiral honetan adostu dute lankidetza indartzen jarraitzea bientzat lehentasuna duten bi esparrutan: emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan eta ziberdelinkuentziaren aurkako borrokan.  

Horixe erabaki dute Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa buru direla Bilbon egin den Euskadiko Segurtasun Batzordearen bileran.

Zibersegurtasunaren arloan, Barne Ministerioaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Bulegoaren (OCC) eta Ertzaintzaren arteko lankidetza indartuko da, eta auzitegiko analisi digitaletan eta ziberinteligentzian arituko dira elkarlanean, Euskadin kokatutako oinarrizko zerbitzuetako operadoreetan eragina izan dezakeen informazioa partekatzeaz gainera.  

Bestalde, bileran erabaki dute Ertzaintza sareko delitu-joerak monitorizatzea, detektatzea, prozesatzea eta aztertzea helburu duen Ziberkriminalitatearen Behatokian sartzea.  Alde horretatik, Ertzaintzak ziberdelinkuentziaren esparruan sustatzen diren komunikazio ekintzen eta planen diseinuan, exekuzioan eta hedapenean parte hartuko du.

Lankidetza sexu-indarkerien aurkako borrokan

Segurtasun Batzordearen bilerak indarkeria matxistaren eta, horren barruan, sexu-indarkeriaren, aurkako borrokaren esparruan elkarlana indartzeko ere balio izan du.

Ertzaintzako adituek ere parte hartuz landu den “Sexu-indarkerien prebentziorako lehenengo plan estrategikoa 2023-2027” onartu ondoren, gaur erabaki da euskal poliziak planaren Jarraipen Batzordean lagundu eta parte hartuko duela, bai eta planean aurreikusitako ekintzetan ere, eta dagozkion ekarpen eta hobekuntzak egin ahal izango ditu.

Era berean, Ertzaintzak Sexu Delituen Erregistro, Jarraipen eta Prebentzio Sistema berrian ere parte hartuko du bi aldeek erabakitzen duten modalitatean.

Nazioarteko esparruari dagokionez, Barne Ministerioak Schengen araudia erabat betetzearen alde egiten jarraituko du, eta Frantziako Gobernuarekin lanean jarraituko du Hendaia-Salgaien Zubiko mugako pasabidea berriz zabaltzea bizkortzeko eta Biriatuko mugako pasabideko kontrolak murrizteko, ibilgailuen mugaz gaindiko trafikoa arindu ahal izateko.

Administrazioen arteko koordinazio-organo gorena

Euskadiko Segurtasun Batzordea bi administrazioen arteko segurtasunaren arloko koordinazio-organo gorena da, eta aldian behin elkartzen da txandaka Madrilen eta Euskadin. Aurreko bilera 2021eko ekainaren 18an egin zuen Madrilen.

Lehendakariordearekin eta ministroarekin batera izan dira ostiraleko bileran, Estatuaren izenean Rafael Pérez, Segurtasuneko estatu-idazkaria; Denis Itxaso, Estatuko Gobernuaren Euskadiko ordezkaria; José Antonio Rodríguez, Koordinazio eta Ikerketarako idazkari Nagusia; eta Juan Antonio Puigserver, Barne Ministerioko idazkari nagusi teknikoa.

Eusko Jaurlaritzaren izenean bileran izan dira Rodrigo Gartzia, Segurtasuneko sailburuordea; Victoria Landa, Ertzaintzaren zuzendaria; eta Aitor Lete, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria.

 

Eranskina Datuak

“Ertzaintza zifratan”

Emakumeen aurkako Genero Indarkeria eta Etxeko Indarkeria: 2023ko ekaina

Genero Indarkeriako eta Etxeko Indarkeriako delituak Euskadin emakumeen aurka egiten diren delitu guztien % 91 dira.  

Une hauetan, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek bikotekideen, bikotekide ohien edo familiarteko gizonezkoen indarkeria-delituen biktima diren 5.107 emakume babesten dituzte Euskadin: Bizkaian 2.497, Araban 708 eta Gipuzkoan 1.902.

Ekaineko zifren arabera, 3.502 emakumek dute epaitegiek emandako era bateko edo besteko babes-agindua: Bizkaian 1.562k, Araban 468k eta Gipuzkoan 1.472k. Alde horretatik, 78 gizon daude kontrol telematikoaren pean urruntze-agindua betetzeko eskumuturrekoekin: Bizkaian 36, Araban 8 eta Gipuzkoan 34.

Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta euskal poliziek horien arabera esleitzen dituzte dagozkion babes-neurriak. Une hauetan Euskadin 42 emakumek dute babes handiena, bizkartzain-zerbitzua: Bizkaian 30ek, Araban 6k eta Gipuzkoan beste 6k. Euskadiko beste 187 emakumek kontra zaintzako polizia-operatibo bat dute: Bizkaian 110ek, Araban 12k eta Gipuzkoan 65ek.

Bestalde, Euskadin bizi diren 198 emakumek dituzte babesteko baliabide teknologikoak (Bizkaian 97k, Araban 52k eta Gipuzkoan 49k).  Telefonia mugikorreko aplikazio bat da, Ertzaintzak esklusiboki instalatzen du eta biktimaren telefonoan integratuta geratzen da. Aurretik konfiguratutako telefonoetara (erreferentziako ertzain-etxea, larrialdiak, etab.) ohiko deiak egiteko aukera ematen du, baina, horrez gainera, egoera kritikoa aditzera emateko botoi bat du, eta biktimaren posizionamenduaren datuak berehala bidaltzen ditu larrialdietako zerbitzura, eta gertatzen dena entzun daiteke erantzun azkarra eta eraginkorra emateko.

Sexu-indarkeriak: 2023ko lehenengo hiruhilekoa

Emakumeen sexu-askatasunaren aurkako delituak Ertzaintzak emakumeen aurkako indarkerian sailkatzen dituen delitu guztien gainerako % 9 dira.  

2023ko lehenengo hiruhilekoan, Euskadin sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako 154 delitu egin ziren, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 10 gutxiago: Araban 14 (-% 30), Bizkaian 84 (-% 10) eta Gipuzkoan 56 (-% 56).   

Horietako gehienak, 143, sexu-erasoak izan ziren, eta horrela sailkatuta daude jazarpenaren eta sexu-abusuen delituak sexu-erasoen tipologian sartu zituen lege-aldaketaren ondoren. Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, eraso gehienak etxe barruan gertatu ziren: etxean % 46, eremu publikoetan % 35, aisiako lokaletan % 10, etxebizitzen eranskinetan % 7 eta beste leku batzuetan % 2.

Ziberdelinkuentzia Euskadin: 2023ko lehenengo hiruhilekoa

2023ko lehenengo hiruhilekoko datuen arabera, Euskadin salatzen diren delituen % 25 teknologia berrien bidez egiten dira. Denbora horretan, zehazki, 6.086 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 22 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 88 dira.

  • Ziberiruzurrak: 364, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 19 gehiago.
  • Ziberfaltsifikazioak: 279, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 37 gehiago.
  • Teknologia berrien bidez sekretuak argitara eta jakitera ematea: 204, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 15 gehiago.
  • Zibermehatxuak eta Ziberjazarpenak: 44, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 4 gutxiago.
  • Ziberdelitu sexualak: 25, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 108 gehiago.
  • Zibererasoak: 11, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 83 gehiago.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak