Teknologiaren munduan genero ikuspegia txertatzeko moduari buruzko gogoeta egin da Berdintasunaren aldeko Herri Itunaren urteurrenaren ospakizunean
- "Posible al da adimen artifizial feminista bat?" jardunaldia egin da podcast formatuan, zuzenean
- Berdintasun sailburuak iragarri du urrian Emakundek “Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia. Paradigma aldatzearen alde” nazioarteko kongresua egingo duela Donostian
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburu Nerea Melgosak eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak "Posible al da Adimen Artifizial Feminista bat?" jardunaldia ireki dute gaur arratsaldean Bilbon. Jardunaldia Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko Bizitzen aldeko Herri Itunaren aurkezpenaren urteurrenaren testuinguruan egin da. Jardunaldiaren ardatza Ituna osatzen duten hamar puntuetako bat izan da, eraldaketa digitalarena, eta, iragarri duten bezala, sakonago landuko da Donostiako Miramar Jauregian urriaren 23 eta 24rako Emakundek antolatu den “Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia. Paradigma aldatzearen alde” nazioarteko kongresuan.
Adimen artifizialari dagokionez, sailburuak esan du zalantzarik gabe, adimen artifiziala bide berriak irekitzen ari dela, aukera berriak, baina baita kezka berriak ere: “Esate baterako, teknologia testuinguru sozialetik eta gizartearen konplexutasunetik artifizialki bereizteko arriskua. Edo rol eta estereotipo sexistek sistema algoritmikoei nola eragiten dieten jakitea”. Zentzu horretan esan du hausnartu behar dela jakiteko “nola egin sistema horiek teknologia diskriminatzaile bihur ez daitezen”.
Elgarrestak, bestalde, zientziaren eta teknologiaren mundua aukera bat bezala ikusi behar dugula esan du. Azaldu duenez, “generoa kontuan jartzen duen teknologia digitala aukera paregabea da emakumeak ahalduntzeko, emakumeek teknologiaren diseinuan parte hartzeko eta aro digitalean dauden desberdintasun mota guztiak ezabatzeko». Honekin batera, gogorarazi du Nazio Batuek dei egin dietela gobernu guztiei eta gizarte osoari mundu digital “seguruagoa, inklusiboagoa eta bidezkoagoa” lortzeko ahaleginak bizkortzeko. Ildo horretan, uste du beharrezkoa dela eremu horretan “paradigma aldatzea”, 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak egia bihurtzeko.
Urrian egingo den kongresuaren helburua zientziaren eta teknologiaren arloan paradigma-aldaketa sustatzea da, genero-ikuspegia sistematikoki eta modu integralean txertatzeko. Bertan, esparru horretan nazioartean, estatuan eta autonomia-erkidegoan dauden estrategia, esperientzia eta jardunbide egokiak ezagutu ahal izango dira.
Jardunaldiaren jarduera nagusia "Posible al da adimen artifizial feminista?" eztabaida izan da, podcast formatuan egin dena zuzenean. Quan Zhouk (@gazpachoagridulce), Iratxe Gómezek (teknologiaren ahotsa) eta Lorena Fernándezek (Inspira STEAM) aurkeztu dute podcast-a. Zientzia eta teknologian erreferente diren emakumeak dira, eta genero-ikuspegiak IAren diseinuan duen garrantziaz eta ingurune zientifiko-teknologikoetan emakumeen presentzia handitzeko moduaz eztabaidatu dute.
Jardunaldian, halaber, azken urteko berdintasun-arloko mugarriak errepasatu dira, Herri Itunaren hamar puntuei lotuz: Justizia ekonomikoa, emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, haurrak eta nerabeak, zaintzak, gizonen inplikazioa, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak eta gobernu ona. Hala, hainbat mugarri nabarmendu dira, hala nola Berdintasunerako Lege berriaren onarpena, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren sinadura, Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Ekintza Estrategia, Zainketen aldeko Herri Ituna, klima-aldaketari buruzko lana genero-ikuspegitik, edo gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko lana, besteak beste.