Berriak

Euskadi, dopinaren aurkako borrokaren aitzin-aitzinean

2011.eko abenduak 27

Dopinaren aurkako Euskal Agentzia sortuko da, eta hura arduratuko da kiroleko dopinaren prebentzioaz, kontrolaz eta errepresioaz

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio kiroleko dopinaren aurkako lege proiektuari; hau da, dopinaren inguruko errealitate berrira egokitzeko premiatik sortutako arau berriari. Proiektu honen asmoa da zuzenbide esparru berria ematea Euskal Autonomia Erkidegoari, dopinaren gaitza errotik eta modu eraginkorrez kentzeko kirolaren mundutik. Horrez gain, proiektu honek Europako abangoardian jarriko luke Euskadi, dopinaren aurkako borrokari dagokionez.

Kiroleko dopinaren aurkako lege proiektuaren berrikuntzetako bat Dopinaren aurkako Euskal Agentzia sortzea da. Organo horretan diseinatu eta exekutatuko dira kiroleko dopina prebenitzeko, kontrolatzeko eta saihesteko ekintza guztiak. Arauaren asmoa ez da kirolari guztiei dopin kontrol orokorrak egitea. Hori dela eta, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak onartu eta argitaratu egingo du dopin kontrolak jasan ditzaketen kirol lehiaketa ez-federatu guztien zerrenda.

Blanca Urgell Kulturako sailburuak Lehendakaritzan (Vitoria-Gasteiz) agertu da Gobernu Kontseiluaren ondoren, Dopinaren aurkako Lege Proiektuaren xehetasunak azaltzeko. Haren ondoan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia agertu da, eta halaber Lehendakaritzako Idazkari Nagusi Manu Salinero, zeinak hazkuntza ekonomikoa eta enplegua suspertzea bilatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2015 azaldu baitu.

Lege proiektu berriarekin arau-hausteak eta zigorrak egokitu egingo dira. Klubak, kirolariak eta gainerako pertsona fisiko eta juridikoak babestea debekatzen da espresuki dopinarekin zerikusi duten zenbait egoeratan. Horrez gain, beste erakunde publiko edo pribatuek ezarritako zigorren elkarrenganako aitortza ezarriko da, Urgell andreak azaldu duenez. Horrek esan nahi du beste herrialde, autonomia erkidego edo beste kirol modalitate batean zigortutako kirolari bat ezin izango dela Euskadin lehiatu zigor hori indarrean dagoen bitartean.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, 2015 aldirako

Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2015 onartu du. Manu Salinerok azaldu duenez, «lehentasunezkoa da hazkuntza ekonomikoa, enplegua eta ongizatea suspertzea Euskadin». Plan berriarekin, 2015erako BPGren % 3ko inbertsioa egin nahi du I+Gn Jaurlaritzak. Badira zenbait erronka, hala nola enpresa lehiakorrak eta berritzaileak sortzea eta puntako tokietan jartzea munduko merkatuetan; Gizarte Berrikuntza estrategia kooperatiboa munduko erronkei modu integralean aurre egiteko estrategia kooperatibo bihurtzea; edota Euskadi talentuaren gune aurreratu bihurtzea eta zientzian, teknologian eta berrikuntzan dena ematen duen herrialde bat.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.12.27)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak