14 eta 30 urte bitarteko 300.000 gaztek baino gehiagok eskura dute dagoeneko Gazte-txartel digital berria, aukera gehiagorekin
- Jaialdi, ikastaro, museo, jolas-parke edo saltokietara baldintza onetan sartzeko aukera ematen du
- Beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelen abantailak ere eskaintzen ditu
- Aukera berak eskaintzen ditu European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetan
- Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela (Hostelling International) eta doako bidaia-asegurua ditu barnean
- 2023ko Gazte-txartel berria formatu digitalean deskargatu daiteke NIK Patrika digitala edo gazteaukera.eus aplikazioaren bidez
Gaur egun, 300.000 gaztek baino gehiagok dute Gazte-txartela Euskadin, gure autonomia-erkidegoan erroldatuta dauden 14-30 urteko gazteei zuzendutako txartela.
Horren helburua da gazteentzako abantaila sorta bat sustatzea ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko orduan, bai eta gizartean arlo garrantzitsuetan parte har dezaten sustatzea ere: kulturan, kirolean edo mugikortasunean, esaterako.
Hartutako konpromisoak betez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Gazte-txartel berria aktibatu du. Hemendik aurrera, formatu digitalean egongo da eskuragarri, eta diseinu berria izango du.
Orain arte, Gazteria Zuzendaritzak formatu fisikoan bidaltzen zien Gazte-txartela 14 urte betetzen zituzten gazteei. Hemendik aurrera, posta bidezko jakinarazpen bat jasoko dute, Gazte-txartel digitalaren onuradun direla jakinarazteko eta txartela nola deskargatu eta aktibatu jakinarazteko.
14 eta 15 urteko gazteek Gazte-txartel digital berria deskargatu ahal izango dute https://www.gazteaukera.euskadi.eus/gazte-txartela webgunetik. 16 urteko edo gehiagoko gazteek Eusko Jaurlaritzaren “NIK Patrika digitala” aplikaziotik jaitsi ahal izango dute, identifikazio elektronikorako bitarteko baten bidez. Nolanahi ere, txartela web-orri berean aktibatu behar da gero, abantailak, beherapenak eta zozketak eskuratu ahal izateko.
Abantailak eta beherapenak
Gazteria Zuzendaritzaren eta gaur egun Gazte-txartelaren parte diren Euskadiko 2.000 establezimenduren arteko lankidetzari esker, milaka gazte sar daitezke jaialdi, ikastaro, museo, jolas-parke edo dendetara, baldintza onetan.
Gazte-txartelaren bidez, beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten 80.000 abantaila baino gehiago eskuratu daitezke, baita European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetan ere.
Gazte-txartelak, gainera, Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela (Hostelling International) ere badu barnean, eta horrek aukera ematen du munduko edozein aterpetxetan ostatu hartzeko, baita doako bidaia-asegurua izateko ere.
Azkenik, Gazte-txartela dutenak Gazte-txartela Pack-era sar daitezke eta egiten diren zozketetan parte har dezakete. Pakete hori taloitegi bat da, mota guztietako laguntzaileen beherapen-kupoi bereziak biltzen dituena.
Urrats honek indartu egiten du gazteen bizitzaren garapenean ahalduntze-, autonomia- eta emantzipazio-prozesuak bultzatzea eta erraztea helburu duten neurrien ekosistema. Azken batean, baliabide gehiago eskaintzea askatasun eta aukera gehiago izateko, giza garapenaren eta garapen pertsonal osoaren hainbat alderditan aukeratzerakoan.