Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

14 eta 30 urte bitarteko 300.000 gaztek baino gehiagok eskura dute dagoeneko Gazte-txartel digital berria, aukera gehiagorekin

2023-06-08
  • Jaialdi, ikastaro, museo, jolas-parke edo saltokietara baldintza onetan sartzeko aukera ematen du
  • Beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelen abantailak ere eskaintzen ditu
  • Aukera berak eskaintzen ditu European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetan
  • Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela (Hostelling International) eta doako bidaia-asegurua ditu barnean
  • 2023ko Gazte-txartel berria formatu digitalean deskargatu daiteke NIK Patrika digitala edo gazteaukera.eus aplikazioaren bidez 

Gaur egun, 300.000 gaztek baino gehiagok dute Gazte-txartela Euskadin, gure autonomia-erkidegoan erroldatuta dauden 14-30 urteko gazteei zuzendutako txartela.

Horren helburua da gazteentzako abantaila sorta bat sustatzea ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko orduan, bai eta gizartean arlo garrantzitsuetan parte har dezaten sustatzea ere: kulturan, kirolean edo mugikortasunean, esaterako. 

Hartutako konpromisoak betez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Gazte-txartel berria aktibatu du. Hemendik aurrera, formatu digitalean egongo da eskuragarri, eta diseinu berria izango du. 

Orain arte, Gazteria Zuzendaritzak formatu fisikoan bidaltzen zien Gazte-txartela 14 urte betetzen zituzten gazteei. Hemendik aurrera, posta bidezko jakinarazpen bat jasoko dute, Gazte-txartel digitalaren onuradun direla jakinarazteko eta txartela nola deskargatu eta aktibatu jakinarazteko. 

14 eta 15 urteko gazteek Gazte-txartel digital berria deskargatu ahal izango dute https://www.gazteaukera.euskadi.eus/gazte-txartela webgunetik. 16 urteko edo gehiagoko gazteek Eusko Jaurlaritzaren “NIK Patrika digitala” aplikaziotik jaitsi ahal izango dute, identifikazio elektronikorako bitarteko baten bidez. Nolanahi ere, txartela web-orri berean aktibatu behar da gero, abantailak, beherapenak eta zozketak eskuratu ahal izateko. 

Abantailak eta beherapenak 

Gazteria Zuzendaritzaren eta gaur egun Gazte-txartelaren parte diren Euskadiko 2.000 establezimenduren arteko lankidetzari esker, milaka gazte sar daitezke jaialdi, ikastaro, museo, jolas-parke edo dendetara, baldintza onetan. 

Gazte-txartelaren bidez, beste autonomia-erkidego batzuetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten 80.000 abantaila baino gehiago eskuratu daitezke, baita European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetan ere. 

Gazte-txartelak, gainera, Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela (Hostelling International) ere badu barnean, eta horrek aukera ematen du munduko edozein aterpetxetan ostatu hartzeko, baita doako bidaia-asegurua izateko ere.

Azkenik, Gazte-txartela dutenak Gazte-txartela Pack-era sar daitezke eta egiten diren zozketetan parte har dezakete. Pakete hori taloitegi bat da, mota guztietako laguntzaileen beherapen-kupoi bereziak biltzen dituena. 

Urrats honek indartu egiten du gazteen bizitzaren garapenean ahalduntze-, autonomia- eta emantzipazio-prozesuak bultzatzea eta erraztea helburu duten neurrien ekosistema. Azken batean, baliabide gehiago eskaintzea askatasun eta aukera gehiago izateko, giza garapenaren eta garapen pertsonal osoaren hainbat alderditan aukeratzerakoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak