Jokin Bildarratzek Lizartzako eskola txikira egin du bisita
- Lizartzako eskolak antolatuko du igande honetan aurtengo Eskola Txikien Eguna.
- Ikasturte honetan Lizartza, Orexa eta Gazteluko 66 neska-mutil ari dira ikasten Lizartzako eskolan
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Lizartzako eskola txikian izan da gaur goizean bisitan, eta eskola honek duen hezkuntza-proiektua eta egunerokoan egiten duen lana bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu, bertako zuzendaritza taldearen eskutik.
Lizartzako eskolak antolatuta ospatuko da igande honetan, ekainak 11, Eskola Txikien urteroko jaia, Tolosaldeko herri honetan. Festaren antolakuntzari dagozkion azken lan eta ukituekin ari dira beraz, egun hauetan, bertako arduradunak, eta eskolako umeak ere iganderako ikuskizun eta kantuak entseatzen ari zirela topatu ditu Bildarratz sailburuak, udaletxe aurreko plazan, Lizartzara iritsi berritan.
2022-2023 ikasturte honetan Haur eta Lehen Hezkuntzako 66 ume ditu Lizartzako eskolak (2 eta 12 urte bitartekoak), eta eskola txikia izanik, adin desberdineko haurrek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute, adin aniztasuna bultzatuz. Lizartzako bertako neskatila-mutikoek ez ezik, Orexa eta Gazteluko haurrek ere ikasten dute Lizartzako eskolan, 6 taldetan banatuta (Haur hezkuntzako bi talde, eta Lehen Hezkuntzako lau talde). 14 irakasle arduratzen dira horien guztien hezkuntzaz.
Baina adin ezberdineko umeak talde berean elkartzeaz gain, proiektuen bidez lan egitea eta ikastea du bere ezaugarri nagusietako bat eskola honek: ikas-arloak elkartuta eta ikasi beharreko gaien inguruan proiektuak garatuz (hasi eta buka ikasleek eurek garatzen dituzten proiektuen bidez) ikasten dute haurrek. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu horretan, digitalizazioak ere tarte handia aurkitu du, eta duela urte batzuetatik hona irakaskuntza digitalean maila aurreratua du Lizartzako eskolak. Eleaniztasun proiektua ere martxan dute eta, esaterako, Arte-hezkuntza ingelesez ematen dute. Eskolaren hezkuntza-proiektuan beste bereizgarri bat, eskolak bere ingurunearekin eta ingurumenarekin duen lotura estuaren erakusgarri, ikasleek eurek lantzen duten baratzea da.