Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak Euskadiko azpiegitura nabarmenak babesten dituen sektoreko profesionalei zuzenduta antolatu den “Lankidetza publiko-pribaturako guneak Segurtasun Integralean” mintegia inauguratu du

2023-06-07
  • Segurtasun publikoaren eta teknologien arloko adituek zibersegurtasunaren esparruko erakunde publiko eta pribatuak indartzearen garrantziaz hitz egin dute

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak “Lankidetza publiko-pribaturako guneak Segurtasun Integralean” mintegia inauguratu du gaur goizean UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen mintegiaren helburuak zibersegurtasunaren gaur egungo erronkak eta joerak aztertzea eta Euskadiko azpiegitura nabarmenen babesa sustatzea dira.

Jardunaldia Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2025eko Plan Orokorreko lerro estrategikoen barruan antolatu da, eta Euskadiko Azpiegitura Nabarmenak Babesteko Planeko (EANB) 53 zerbitzu-operadoreei zuzenduta dago. Operadore horiek, besteak beste, Informazio eta Komunikazioen Teknologiak, Energia, Osasuna, Gobernua eta Administrazio Publikoa sektoreetakoak dira.  

Era horretako ekintzen bitartez, Eusko Jaurlaritzak segurtasunari eta zibersegurtasunari buruzko ezagutza sustatzen du enpresetan, modu horretan euskal gizartearen ongizatea eta Euskadiren garapen ekonomikoa bultzatzeko.  

PROGRAMA

Segurtasun publikoko eta zibersegurtasuneko adituak UPV/EHUko aretoan elkartu dira erakunde eta enpresek, publiko eta pribatuek, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendu zuzenean eragina izan dezaketen eta pertsonen segurtasunean ondorio negatiboak izan ditzaketen mehatxu digitalei aurre egiteko egiten duten lana aztertzeko.  

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria izan da hitza hartzen lehenengoa, eta Euskadiko azpiegitura nabarmenak babesteko proiektuari buruzko ikuspegi orokorra, proiektuaren helburu nagusiak eta egungo egoera azaldu ditu. Jarraian, Asier Larramendik, Laboral Kutxako Segurtasuneko zuzendariak, erakunde bateko arlo guztietan, izan daitezkeen gorabeherei aurrea hartzeko eta horien eragina minimizatzeko, babes-neurri eraginkorrak ezartzearen garrantziaz hitz egin du.

Ondoren, Javier Díeguezek, Basque Cybersecurity Centreko zuzendariak, nabarmendu du estrategia eta protokolo eguneratuak izatearen garrantzia zibererasoei aurre egiteko eta horien ondorioak arintzeko.  

Amaitzeko, Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria moderatzaile lanetan aritu da zibersegurtasunaren arloko ingurune arautzaileari buruzko mahai-inguru batean, eta parte-hartzaileak izan dira Arantza Sanabria, Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkaria; Izaskun Urrestarazu, IZENPEKO zuzendari nagusia; Iñigo Pascual, Ertzaintzako Informazio Teknologietako Delituen Atalaren arduraduna; eta Norberto Ojinaga, Euskalteleko Soluzio Teknologikoetako zuzendaria.

Jardunaldiari Rodrigo Gartziak, Segurtasuneko sailburuordeak, eman dio amaiera, eta Euskadiko Azpiegitura Nabarmenak Babesteko Plana osatzen duten erakundeek Euskadiko herritarren babesa indartzeko egiten duten ekarpena eta hartuta duten konpromisoa nabarmendu ditu.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-06-08

    Miniinsektu robotizatu batek ere iseka egingo lieke defentsei, min egin dezake, eta gero ez da zaintza jaitsi behar.

  • Argazkia Xaver
    2023-06-08

    Hasta un miniinsecto robotizado consiguiera burlas defensas, puede hacer daño, luego no hay que bajar la guardia.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)