Eusko Jaurlaritzak ingurumen-hezkuntza bultzatuko du herritarren artean, Euskadiko jasangarritasunean aurrera egiteko (Gobernu Bilera 2023-06-06)
Tapiak azken bi urteetan lortutako ingurumen-mugarri nagusiak berrikusi ditu, eta bereziki nabarmendu du Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektua maiatzaren 16an onartu izana
Herritarrak animatu ditu hondakinak batzeko antolatu diren jardueretan parte hartzera, ekainaren 10 eta 11ko asteburuan, Ekoetxea sarearen ingurumen-zentroetan
Gaur goizean, Gobernu Kontseiluak bere udaren aurreko azken bilera egin du, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Ingurumenaren Munduko Egunaren biharamunean, berau ekainaren 5ean ospatzen baita urtero. Euskadiko gune berdingabe horretan, ordezkari politikoez gain, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren arloko Erakunde Laguntzaileen Erregistroari atxiki zaizkion erakunde batzuk ere izan dira, BOOST proiektuaren kide direnak. Erregistro hau arautzen duen Dekretua iazko amaieran onartu zenez geroztik, Euskadiko ingurumen-hezkuntzarekin konprometituta dauden 30 eragile atxiki zaizkio, guztira. Erregistroak zabalik jarraitzen du, eragile gehiago hartzeko.
Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen ingurumen-hezkuntza hezkuntza-komunitatearekin eta gizarte-eragileekin batera bultzatzea, jasangarritasunaren eta osasunaren sustapenaren kultura berri baterantz aurrera egiteko asmoz, eta antolaketa- eta hezkuntza-kalitatearen eredu berrien garapena jartzen du jomugan, hezkuntza ez-formalaren eremua lehenetsiz, klima-larrialdiaren kudeaketa integralerantz aurrera egitea ahalbidetzen dute.
Euskadik ingurumen-hezkuntza bultzatzearen eta herritar guztiengana hedatzearen alde egiten du, eta ez enpresen, instituzioen eta hezkuntzaren arloan soilik. Itxuratu diren sei lerro estrategikoek gai hauek ere jorratzen dituzte: Hezkuntza-agenda 2030aren aldeko bultzada eta ‘Ikastetxe jasangarriaren’ zigilua; Jasangarritasunerako Ingurumen-hezkuntzaren arloko Berrikuntza, Prestakuntza, Gaikuntza eta Ezagutzaren Kudeaketarako Zentroaren sorrera; eraldaketa digitala, Jasangarritasunerako Ingurumen-hezkuntzaren Kanal Digitalaren bitartez; hezkuntza-komunitatearen parte-hartzerako tresnen garapena; ikastetxe jasangarrien hedapena; eta hezkuntza-planekin konektatzea eta lerrokatzea.
Sektoreartekotasuna funtsezkoa da alderdi horretan. 2018an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntzaren 2030erako Estrategia onartu zuen, euskal herritar guztiak jasangarritasunaren kultura berri baterako trantsizioan inplikatzeko xedez . Eta orain ildo horrexetan sakontzen da.
Itxuratutako politika horrek oraingo antolaketa-eredua aldatzeko beharrari erantzuten dio, ingurumen-hezkuntzaren alorrean, funtzionamendu efizienteago baterantz orientatu dadin. Horretarako, beharrezkoa izango da eskura dauden baliabideak koherentziaz aprobetxatzea eta teknologia berrien eta oraingo azpiegituren sostengua izatea, betiere pertsonak erdigunean mantenduz.
2023ko ingurumen-mugarriak
Tapia sailburuak azpimarratu ditu bere Sailak azken bi urteetan landu izan dituen ingurumen-mugarri garrantzitsuenetako batzuk; azkena Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Lege-proiektua da, helburutzat duena klima-neutraltasuna Euskadin 2050. urtea baino lehen lortzea. Gobernu-taldeak legegintzaldi honetarako hartuta zuen konpromiso hori maiatzaren 16an onartu zen, eta Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari da dagoeneko.
“Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari Euskadin modu bateratuen heltzen dien lehenengo legea da, eta gizarte osora hedatzen da, deskarbonizazioa erantzunkidetasunaren bitartez azkartzeko esparru juridiko egonkor bat ezarriz. Hala, lagungarria izango da Euskadiren konpromisoa eta atxikimendua jaso duten nazioarteko araudi, politika eta akordio guztiekin lerrokatzeko, zero isurketa garbiak izatera iristeari eta lurraldearen erresilientzia lortzeari begira”, adierazi du Tapiak.
Europar Batasunean, Euskadik isurketa guztien % 0,5 sortzen du. Eusko Jaurlaritzak eskualdearen erantzukizun konpartitua defendatu du, lege-proiektu honetan ez ezik legegintzaldi honetan 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programa (IEP 2030) ere ezarri dugu. Programa horrek Euskadiko ingurumen-politiken iparrorratza irudikatzen du, eta 2030erako lurralde jasangarriago baterako norabidea markatuko du. Prozesu aitzindaria da, eta ingurumen-ikuspegitik arazo globalei heltzen dieten 8 proiektu definitu dira. Proiektu bakoitzak erreferentziazko mugarrien zerrenda bat du, helburu espezifiko eta ebaluagarriak lortzeko ekintza zehatzak garatzeko, eta merkataritza, hezkuntza, osasuna, finantzak edo lurralde-antolamendua bezalako sektoreetan, besteak beste.
Konpromiso horrek onartutako beste ekimen, plan eta estrategia batzuetan ere islatu du. Esanguratsuenak honako hauek dira: Ekonomia Zirkular eta Bioekonomiaren Plana, 2021eko urrian onartua; Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana, 2021eko azaroan onartua; Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa, 2021eko abendukoa; Lurzorua Babesteko Estrategia, 2022ko ekainekoa; Hondakina minimizatzeko Bide-orria, 2022ko azaroan aurkeztua; eta Euskadiko 2030erako Ingurumen Esparru Programa, 2023ko martxoan plazaratua.
Herritarren inplikazioa
“Plan, estrategia eta programa hauekin guztiekin, Euskadik ekosistema sendo bat eratu du, jokalekua markatzen duena eta jarraitu beharreko ildoa itxuratzen duena, jasangarritasunaren eta ingurumenaren arloan, hamarkadaren amaierara arte”, azpimarratu du Tapiak. “Eta hori guztia Euskadiko Itun Berdearen banderapean, horixe baita gure eredu propioa krisitik irtetearen alde egiteko eta garapen inklusiboagoa eta jasangarriagoa lortzeko", gaineratu du Tapiak.
Sailburuak herritarrak animatu ditu Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzeko xedez astean zehar antolatuko diren jardueretan parte hartzera. Zehazki, Ekoetxea zentroak –Euskadiko ingurumen-zentroen sarea- kokatuta dauden ingurune naturaletan datorren astebururako antolatu diren jarduerak aipatu ditu, hots, ingurune horiek garbitzeko eta hondakinak batzeko jarduerak. Ekoetxea sarea erabat eraldatzen ari da, interpretazio-zentro izatetik herritarren ekintza eta ohiturak aldatzen dituzten zentro izatera pasatzeko. Eta hedatzen ari den sarea ere bada; izan ere, Urdaibai, Azpeitia, Meatzaldea eta Txingudiko ekoetxeei beste batzuk gehituko zaizkie 2023an, eta sareak hiru lurralde historikoetako zentro elkartuak eta laguntzaileak ere bilduko ditu.
Hala, ekainaren 10ean, larunbata, hondakinen bilketa Urdaibai erreserbako 5 lekutan egingo da, Ekoetxea Urdaibaik koordinatuta, eta ekainaren 11n, igandea, bilketa bana egingo da Ekoetxea Meatzaldean eta Ekoetxea Txingudin.
Informazio gehiago eta izen-emateak: www.ekoetxea.eus