Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Cyberzaintza, Euskadin ziberdelituei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko Agentzia berria, sortzea onartu du (Gobernu Bilera 2023-06-06)

2023-06-06
  • Segurtasun Sailaren mende egongo da eta, Ertzaintzarekin koordinatuta, ziberdelituei eta herritarren aurkako zibererasoei aurre egiteko borroka zaindu eta koordinatuko du
  • 2023ko lehenengo hiruhileko datuen arabera, Euskadin salatzen diren 4 delituetatik bat Internet bidez egiten da
  • Urtea hasi zenetik 6.086 ziberdelitu erregistratu dira Euskadin, eta horietatik % 88 ziberiruzurrak dira 

Gobernu Kontseiluak Agencia Vasca de Ciberseguridad-Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia Sortzeko Lege Proiektua onartu du gaur. “Cyberzaintza” deituko den erakunde publiko berri horrek berezko nortasun juridiko izango du, eta Internet eta teknologia berrien erabileraren ondoriozko mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko sortuko da. Eusko Legebiltzarrak onartzen duenean, Agentzia berria Segurtasun Sailari atxikita egongo da eta Eusko Jaurlaritzak, agentzia sortzen denetik aurrera, Euskadin zibersegurtasunaren arloko arriskuei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak izango ditu. 

Testu arau-emaileak 13 artikulu ditu 3 kapitulutan banatuta, eta xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen. Orain Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko du irakurketa bakarreko prozeduraren bidez azkar izapidetzeko, “Cyberzaintza” sortzeko bideari datozen hilabeteetan ekin ahal izateko. 

Cyberzaintza 

Euskadiko zibersegurtasunaren agentzia berriak, batez ere, hiru arlo landuko ditu: 

  • ZIBERDELITUAK: Ertzaintzarekin koordinatuta, “Cyberzaintza” agentziak Euskadiko segurtasun publikoa zainduko du, ziberkrimena jazarriz eta herrialdeko azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babestuz. 
  • AZPIEGITURA ETA DATU PUBLIKOEN BABESA: agentzia berriak babestu eta zainduko du euskal sektore publikoko azpiegitura digitalen funtzionamendu egokia. 
  • ENPRESA DATUEN ETA AZPIEGITUREN BABESA: Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren sustapenerako taldearekin koordinatuta, “Cyberzaintza” agentziak Zibersegurtasunaren Euskal Zentro aitzindari eta arrakastatsuaren lekukoa hartuko du. Zentroa 2017an sortu zen zibersegurtasunaren ezarpenarekin erlazionatutako jarduera ekonomikoa dinamizatzeko, sektore profesionala indartuz eta Euskadi nazioartean zibersegurtasunaren arloko intereseko lurralde gisa posizionatzeko, bereziki industria-esparruan. Alde horretatik, gaur egun Zibersegurtasunaren Euskal Zentroari atxikita dauden pertsonala eta baliabide materialak “Cyberzaintzan” integratuko dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, oinarri sendo horren gainean, euskal gizartearen garapen jasangarria ahalbidetuko duten ingurune ziber seguru eta erresilienteagoak izateko enpresa-kultura sustatzen jarraituko du. 

Eginkizunak (2. art.) 

Hauek dira Agentziaren zeregin nagusietako batzuk: 

  • Ziberintzidentziak eta zibererasoak ikertu eta aztertzea.
  • Antzematea eta horiei erantzutea, horretarako irizpideak finkatuta eta babes-neurri egokiak sustatuta zibermehatxuei aurre egiteko.
  • Zerbitzu publiko kritikoak eta funtsezkoak identifikatu eta zaintzea, horien ziberbabeserako neurri egokiak proposatzeko.
  • Larrialdiei erantzuteko taldearen (CERT) eta zibersegurtasuneko intzidenteei erantzuteko taldearen (CSIRT) eginkizunak betetzea, Estatuko zein nazioarteko beste organismo batzuekin koordinatuta, zibereraso bat gertatuz gero izan litezkeen kalteak minimizatzeko eta ondorioak arintzeko.
  • Gizartea kontzientziatzea zibersegurtasunaren garrantziaz jabetu dadin, horretarako programa hezitzaileak eta sentsibilizazio-kanpainak sustatuz Interneten portaera seguruak bultzatzeko.
  • Enpresa-sarea eta Euskadiko funtsezko sektoreak, hala nola, osasuna, larrialdiak, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, garraioa, eta abar, zibersegurtasunean eta garapen digital seguruan treba daitezen babestea eta bultzatzea.
  • Zibersegurtasuneko estrategia bateratu bat sustatzea eta koordinatzea euskal administrazio publiko guztientzat. 

Egitura 

Agentzia Eusko Jaurlaritzak izendatutako pertsona batek eta Administrazio Kontseilu batek zuzenduko dute (4. art.). Kontseilu hori 16 kidek osatuko dute eta lehendakaria Segurtasun Sailaren ardura duen pertsona izango da. Lehendakariordea Ekonomiaren Garapeneko sailburua izango da, eta, besteak beste, foru-aldundiak, hiru hiriburuak eta EUDEL ordezkatuko dituzten 14 kide izango dira. Horrez gainera, Aholkularitza Kontseilu baten laguntza ere izango du (7. art.), eta hauek izango dira kideak: 

  • Hezkuntza Sailaren ordezkari 1.
  • Osasun Sailaren ordezkari 1.
  • Zibersegurtasun-gaietan aditua den pertsona 1, Euskadin egoitza duten unibertsitateek izendatua.
  • Teknologiaren arloan aditua den pertsona bat, BRTA Teknologia Zentroen Aliantzak izendatua.
  • CYBASQUE, Euskadiko Zibersegurtasun Industrien Elkarteak izendatutako pertsona 1.
  • Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zuzendari nagusia.
  • Delitu informatikoez arduratzen den Ertzaintzako burua.
  • Izenpe enpresaren Administrazio Kontseiluko zuzendaria.
  • SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaria.
  • Zibersegurtasunaren esparruan nazioartean proiekzioa eta prestigio aitortua duten bi pertsona, Agentziaren Administrazio Kontseiluaren lehendakariak proposatuta. 

Ziberdelinkuentzia Euskadin: 2023ko lehenengo hiruhilekoa 

2023ko lehenengo hiruhileko datuen arabera, Euskadin salatzen diren delituen % 25 teknologia berrien bidez egiten dira. Denbora horretan, zehazki, 6.086 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 22 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 88 dira.  

  1. Ziberiruzurrak: 5.364, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 19 gehiago.
  2. Ziberfaltsifikazioak: 279, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 37 gehiago.
  3. Teknologia berrien bidez sekretuak argitara eta jakitera ematea: 204, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 15 gehiago.
  4. Zibermehatxuak eta Ziberjazarpenak: 44, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 4 gutxiago.
  5. Ziberdelitu sexualak: 25, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 108 gehiago.
  6. Zibererasoak: 11, 2022ko lehenengo hiruhilekoan baino % 83 gehiago. 
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan