Hegazti-gripearen beste kasu bat detektatu da Bizkaian aurkitutako kaio gaixo batengan
Martxoaz geroztik ez zen agertu Euskadin batik bat hegaztiei eragiten dien gaixotasun horren kasurik.
2021eko udazkenetik, gaixotasun horren pandemia Europan hasi zenetik, eutsi egin zaio hegazti basatien eta eskortako hegaztien zaintzari.
Birus hori ez da arriskutsua pertsonentzat hegazti-produktuak kontsumituz gero.
Neikerreko Abereen Osasunaren Laborategiak H5N1 Patogenotasun Handiko Hegazti-gripearen (PHHG) beste kasu bat detektatu du Mendexako hondartzaren inguruan gaixorik agertu zen kaio hankahori batengan. Hegazti basatia Bizkaiko Foru Aldundiak jaso zuen eta erakunde horren fauna basatia sendatzeko zentrora eraman zuten. Hilik sartu zen zentroan.
Aurretik, hegazti-gripearen zenbait kasu detektatu ziren euskal kostaldeko kaioetan: 2022ko maiatzaz geroztik 26 foku hiru lurraldeetan. Guztiak hegazti basatietan detektatu ziren (zangak, saiak, zikoinak, antzarak, ubarroiak eta kaioak). Lagin berria Algeteko Erreferentziazko Laborategi Nazionalera bidaliko dute, baiezta dezaten.
Kasu horiek 2021eko urriaz geroztik, Europan orain arte erregistratutako hegazti-gripearen epidemia garrantzitsuena hasi zenez geroztik, gauzatzen ari den zaintzaren errefortzuari esker aurkitu ahal izan dira. Zaintza horren helburua da birusa goiz detektatzea, fokuak agertuz gero, gaixotasuna geldiarazteko.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, euskal hegazti-sektorearekin batera, beste kontrol-neurri batzuk hartzen ari dira eskortako hegaztiak gaixotasun horrekin kutsatzea saihesteko. Informazio-material eta -eskuliburuak egin dira, susmoa izanez gero zer egin azaltzeko, eta hegaztien ustiategien artean zein hegaztiekin kontaktua izan dezaketen pertsonen artean banatu dira. Horretaz gain, hegazti-sektoreko langile guztientzako prestakuntza saioak antolatu dira.
Bestalde, 2022ko abenduan EHAAn Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuaren agindua argitaratu zen, Euskadin hegazti-gripearen aurkako prebentzio-neurriak ezartzen dituena. Neurri horien xedea da hegazti ustiategietan zaintza indartzea eta biosegurtasuna areagotzea.
H5N1 birusak oso ahalmen urria du pertsonak kutsatzeko, eta ezin da inoiz transmititu hegaztien haragi, arrautza edo hegaztietatik eratorritako edozein produktu kontsumituz gero. Hala ere, birusaren zirkulazioa saihesteko, gomendatzen da hilda edo hiltzeko zorian aurkitzen diren hegazti basatiak ez ukitzea eta 112 zenbakiaren bidez larrialdi zerbitzuei jakinaraztea, foru-zerbitzu ofizialek ken ditzaten.