Berriak Kultura
Eu

Kimuak 2011k 136 aukeraketa eta 25 sari eskuratu ditu jada

2011.eko abenduak 23

Kimuak 2010eko film laburrek, 1.060 aukeraketa eta 211 sari eskuratu dituzte

Kimuak 2009k ia bere ibilbidea amaitua du zinema jaialdietan; 977 aukeraketa eta 123 sari izan ditu.

Joan den Donostia Zinemaldian aurkeztu zen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak antolatzen duten euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko programa publiko honen hamalaugarren edizioa. Bederatzi film labur izan ziren aukeratuak eta hiru genero nagusiek, fikzioak, animazioak eta dokumentalak, izan zuten tokia, nahiz eta gehienak fikziozko film laburrak izan. Katalogoan ez dago ia komediarik; aitzitik, thrillerra, genero beltza eta drama dira nagusi.

Kimuak 2011ko film laburrek 136 aukeraketa eta 25 sari jaso dituzte jada. Kopuru horiek aurreko katalogoak eskuratu zituenak baino hobexeagoak direnez, pentsa dezakegu film labur berriek aurreko katalogoen antzeko ibilbidea jarrai dezaketela.

Azken aukeraketei dagokienez, Kimuak 2009 programak ia amaitua du zinema jaialdietako ibilbidea. 977 aukeraketa (623 Espainiaz kanpoko jaialdietan) eta 123 sari eskuratu dituzte. Ez dira 2007an zein 2008an lortutako 175 sariak gainditu, baina 2006an eskuratutako 112ak, aldiz, bai. Beraz, esan dezakegu Kimuak 2009k, aurreko edizioetako kopuru handietara heldu ez bada ere, horien ibilbidea duin mantendu duela.

2010ekoaren ibilbideari dagokionez, lehen zatia, trinkoena, amaituta dago, eta edizio honetako behin‐behineko emaitzen arabera, Kimuaken historiako bigarren ediziorik arrakastatsuena izan dela esan daiteke, 2005 urtekoaren atzetik, hain zuzen. Gaur egunera arte, Kimuak 2010eko film laburrek 1.060 aukeraketa izan dituzte eta eskuratutako sari kopurua asko hazi da: 211. Kontuan hartzen badugu programa honi oraindik urtebeteko ibilbidea geratzen zaiola, pentsatzekoa da kopuru horiek neurri batean hobetu daitezkeela.

Kimuaken zenbait labur denon ahotan egon dira edo daude azkenaldian. Daisy Cutter animaziozko lana, Silverspace enpresa gasteiztarrak ekoitzi eta Enrique Garcíak eta Rubén Salazarrek zuzendua, Oscar sarietarako animaziozko film laburren behin‐behineko zerrendan egon da, Alberto Vázquez eta Pedro Rivero bilbotarraren Birdboy filmarekin batera, nahiz eta azkenean ez duten behin‐betiko zerrendan sartu.

La gran carrera European Film Awardsen (Europako Zinemaren Sariak) fikziozko film labur onenaren azken fasera heldu zen. Kote Camacho donostiarra, Txintxua Films etxeak ekoitzitako filmaren zuzendaria, sari banaketa ekitaldian izan zen.

Bestalde, datorren otsailaren 19an bi kategoria desberdinetan Goya saria eskuratzen ahaleginduko dira El premio eta Zeinek gehiago iraun. Kowalski Films enpresa donostiarrak ekoiztu eta León Siminianik zuzendu duen El Premio lehen hamar hautatuen artean dago fikzio sailean. Horietatik 5 finalista aterako dira. Animazio sailean aldiz, lehen aipatutako Birdboy filmarekin batera, Gregorio Muro donostiarrak zuzendu eta ekoitzi duen Zeinek gehiago iraun bost finalistetako bat izaten ahaleginduko da.

Aurtengo katalogoa lehen aldiz norbaiti eskainia dago, hain zuzen, arrazoi ezberdinengatik Kimuaken bilakaeran pisu esanguratsua izan duten eta azken hilabetetan zendu diren hiru pertsonari. Lehenak, Magali Lueirok, azken bi urtetan Kimuak nazioartean hedatzen lagundu zuen, Clermont‐Ferranden, Nizan edo Corten (Korsika) azoka eta foroetan parte hartuz. Handik gutxira, gaixotasun luze baten ondorioz utzi gintuen Txabi Basterretxea donostiarrak. Kimuak programaren lehen katalogoko film laburretako bat zuzendu zuen, 1998 urtean, eta aukeraketaren epaimahaiko kide izan zen 2006an, 2007an eta 2008an. Bat‐batean, eta hau ere oraindik gaztea zela, joan zitzaigun Aitzol Aramaio zuzendaria. Un poco de chocolate filmaz gain, bere garaian oihartzun handia izan zuen film labur bat zuzendu zuen, Terminal, Kimuak 2002ko programaren ardatzetako bat, hain zuzen. 18 sari eskuratu zituen orotara eta jaialdi ospetsuetan hartu zuen parte, besteak beste Interfilm‐Berlin eta Hanburgo (Alemania), Venezia‐Circuito Off (Italia), Uppsala (Suedia), Gijon, eta abar. Magalik, Txabik eta Aitzolek gure eskerrik onena eta beroena merezi dute.

Azkenik, Kimuaken hurrengo deialdira begira aldaketa garrantzitsu bat emango da. Orain arte epea martxoa eta apirila artean ireki eta uztaila hasiera arte luzatzen zen. Hilabete horren erdialdera epaimahaiak aukeraketa egin eta katalogoa handik bi hilabetera aurkezten zen, Donostia Zinemaldian. Hurrengo edizioan deialdia otsailean egingo da eta ekainera arte egongo da zabalik. Aukeraketa hilabete horretan bertan egingo da, eta aurkezpena, lehen bezala, Donostia Zinemaldian egingo da. Data aldaketaren arrazoia, karpetaren ekoizpen lana erraztea eta hobetzea da, amaierako katalogoa hobea izan dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)