qrcode

Eusko Jaurlaritzak Euskadin natura kontserbatzeko informazioa bateratzen duen sistema aurkeztu du

2023-06-02
  • Tresna publikoa, doakoa eta unibertsala da, eta informazio fidagarria, eguneratua eta bateratua eskaintzen du. Oso baliagarria izango da Euskadin natura zaintzeko estrategiak eta planak, araudiak, helburuak eta neurriak diseinatzen laguntzeko
  • Bilboko Itsasmuseumak Basque Environment and Ocean Week 2023 delakoa ere aurkeztu du. Hartan, Ingurumenaren Munduko Eguna eta Ozeanoen Munduko Eguna direla-eta, planetaren osasun-egoera ezagutzeko dibulgazio-jardunaldiak egingo dira ekainaren 5etik 11ra

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema berria (SINE) aurkeztu du gaur. Tresna boteretsua da Euskadiko natura zaintzearen inguruan erabakiak hartzen laguntzeko, datu-base fidagarri, eguneratu eta bateratuan oinarrituta.

Aurkezpen-ekitaldian, Bilboko Itsasmuseumean hartu dute parte gaur Amaia Barredok -Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordea-, Lucía Iglesiasek -Europako Batzordeko Natura Babesteko Unitateko politika-arduraduna-, Marta Rozasek -Eusko Jaurlaritzako Natur Ondarearen Zerbitzuko arduradunak- eta Marta Iturribarriak -Euskadiko Natura Informazio Sistemaren arduraduna eta hiru Foru Aldundietako ordezkariek ere.

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren helburua da eskura dagoen informazio guztia modu bateratuan ematea, Euskadin natura zaintzeko estrategiak eta planak, araudiak, helburuak eta neurriak diseinatzeko erabakiak hartu ahal izateko. Halaber, haren gauzatze- eta betetze-mailaren jarraipena egiteko, haren eraginkortasuna ebaluatzeko, finantzaketa kuantifikatzeko eta Europari dagozkion betebeharrak betetzeko balioko du.

Atari publikoa, doakoa eta unibertsala denez, ekintza publikoaren gardentasuna bermatzen da honen bitartez. Halaber, sistemak datuak kontsultatzeko eta datuak behin baino gehiagotan erabili eta balio publikoa sortzeko aukera ematen du. Azken finean, Euskadiko eragile guztien eta eragile guztientzako baliabidea da, Euskadiren izaerari eusteko eta, hartara, gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko lankidetza sustatzeko xedea duen tresna.

Entitate erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitu ahal izango du tresnaren panela; espezie, habitat eta tokien araberako iragazkiekin atalak pertsonalizatzeko aukera ematen baitu.

Basque Environment and Ocean Week 2023

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema aurkezteko ekitaldiaren ondoren, Bilbao Itsasmuseumak Basque Environment and Ocean Week 2023 (BEOW 2023) eman du ezagutzera. Ekimen honek planetaren osasun-egoera ezagutzeko dibulgazio-jardunaldi teknikoz jositako astea eskainiko du ekainaren 5etik 11ra bitartean. Hainbat arlotako espezialistek zientzia eta teknologiako azken berrikuntzetako batzuk aurkeztuko dituzte, Ingurumenaren Munduko Egunaren eta Ozeanoen Munduko Egunaren esparruan, ekainaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren.

Guztira 7 hitzaldi-saioak izango dira. Haietan, planeten mugak aztertuko dira eta Lurraren sistemaren egonkortasunerako funtsezkoak diren 9 prozesuren egoera ebaluatuko duen esparru kontzeptuala sortuko da. Halaber, prozesu horietarako muga-balio batzuk iradokiko ditu. Izan ere, horiek gaindituz gero, planetaren bizigarritasuna arriskuan jarri baitaiteke.

Ekainaren 5ean egingo den lehen jardunaldian, prozesu horietako bat (klima-aldaketa) aztertuko da. Amaia Barredo Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordeak hartuko du parte honetan. Ekainaren 8an, berriz, ozeanoetan jarriko da arreta, eta Adolfo Uriarte Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendariak hartuko du parte. Ekainaren 6ko gai nagusia lurraren erabilera aldaketak izango dira, eta hartan, Loli Lorenzo Ihobe Ingurumen Jasangarritasuneko Sozietate Publikoko teknikariak hartuko du parte.

BEOW 2023 hitzaldiei eta haietan izena emateko moduari buruzko informazio guztia Itsasmuseumen web orrian dago eskuragarri: www.itsasmuseum.eus/eu

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak