Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmetek Araban maiatzean izandako prezipitazio-eskasia nabarmendu du

2023-06-02
  • Maiatza hilabete oso lehorra eta erabat lehorra izan da Araban, oso hezea Tolosaldean eta normala Euskadiko gainerako lurraldeetan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak, maiatzeko ezaugarri nagusi gisa, Araba erdialdean eta hegoaldean izan den prezipitazio-eskasia nabarmendu du, bereziki Arabako Lautadaren mendebaldean eta Arabako Errioxan, bi leku horietan erabat lehorra izan baita, eta isurialde mediterranioko gainerako lekuetan oso lehorra. Tolosaldean, aldiz, bildutako prezipitazio-kopurua kontuan hartuta, hilabetea oso hezea izan da, eta Euskadiko gainerako lekuetan normala. Esan daiteke, beraz, maiatza oso ezberdina izan dela Euskadiko lurralde batzuetan eta besteetan.

Horrela, prezipitazio-kopururik handienak Gipuzkoa ekialdean jaso dira, zehazki Tolosaldea eskualdean (Eskas 324,8 l/m2; Ameraun 312,8 l/m2), eta txikienak, berriz, Arabako Errioxan (Páganos 8,4 l/m2).

Bestalde, maiatza hilabete beroa izan da isurialde kantauriarrean eta normala gainerako lurraldeetan. Batez besteko tenperaturari dagokionez, 15-16 ºC inguruan ibili zen itsasertzean, eta Arabako Lautadan, esate baterako, 13 ºC inguruan. Horrek Euskadi osorako 0,9 ºC-ko anomalia positiboa adierazten du 1981-2010 aldi normalarekiko. Tenperatura horrekin batera, intsolazioa normala dena baino handixeagoa izan da, % 7 inguru. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 180 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 191 eta Gasteizek 197.

Ekaitz egonkorrak

Maiatzaren 20an ezohiko egoera bat gertatu zen Gipuzkoa ekialdean, ekaitz egonkor indartsuak sortu baitziren, eta egun batean botatako gehieneko prezipitazioaren errekor batzuk hautsi ziren (Alegian, Zizurkilen), bai eta ordubetean botatako gehieneko prezipitazioarenak ere (Belauntzan eta Ereñozun).  Prezipitazio horien ondorioz, hilaren 20ko lehenengo orduetan Urumeak uholde-maila gorria gainditu zuen Ereñozuko estazioan, eta Oria ibaiak maila horia hainbat estaziotan.

Muturreko meteorologia-fenomenoei dagokienez, maiatzean Eusko Jaurlaritzak 8 abisu hori aktibatu zituen, horietako 7 prezipitazio handiengatik eta 1 enbatagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak