Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak gure gizartearen ongizaterako ikertzaileen funtsezko ekarpena azpimarratu du

2023-06-05
  • Iñigo Urkullu Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeak antolatutako Ikertzaileei Aitortza: Zientzia, Teknologia eta Ekonomia Produktiboaekitaldian izan da

  • BRTA aliantzak, bigarrenez, sei ikertzaile saritu ditu: hiru ikertzaile beren ibilbideagatik, eta beste hiru gazte etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbide oparoagatik

  • BRTA aliantzaren zentroetan ikertzen eta teknologia garatzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, baloratzeko eta sustatzeko balio dute sari hauek

Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lagunduta, Ikertzaileei Aitortza: Zientzia, Teknologia eta Ekonomia Produktiboa ekitaldian izan da. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeak antolatu du ekitaldia. 

BRTA aliantzak hiru ikertzaile saritu ditu aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik, eta hiru gazte, berriz, etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbideagatik. BRTA aliantzaren zentroetan ikertzen eta teknologia garatzen eta ezagutza hori transferitzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, baloratzeko eta sustatzeko balio dute sari hauek.

Gure gizartearen ongizaterako ikertzaileen funtsezko ekarpena azpimarratu du Urkulluk. “Oso argi daukagu: gure aurrerapena, neurri handi batean, zientziari esker bermatzen da. Gure bizi-kalitatea hobetu egin da ikerketari eta haren aurrerapenei esker. Horregatik guztiagatik, zuen ibilbide profesionalean eta ibilbide pertsonalean pizgarri izatea espero dugun aintzatespen hau zor dizuegu”, adierazi du.

Ibilbidea kategorian hiru aintzatespen egin dira. Elena Palomo Del Barrio (CIC energiGUNE), Artzai Picón Ruiz (Tecnalia) eta Javier Del Ser Lorente (Tecnalia) izan dira saridunak, BRTA aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik.

Era berean, Ikerketa-etorkizuna kategorian, orain arte egindako lanagatik eta beren ikerketa-ibilbidean etorkizun oparoa izan lezaketenen artean saritutakoak Amaia González Garrido (Tecnalia), Borja Pozo Larrocha (Tekniker) eta Roberto Viola (Vicomtech) izan dira.

Bestalde, Lehendakariak bere hitzaldian adierazi du “gure talentuaren” aldeko apustua egin behar dela. “Badaukagu. Hemen dago, Euskadin. Talentu hori atxikitzeko eta sustatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortu behar ditugu, baita soldata-baldintzak ere. Hau erronka partekatua da. Herrialde baten helburua da”, esan du.

Zentzu horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak azpimarratu du karrera profesionaleko plan egokia izatea funtsezko faktorea dela BRTA zentroak garatzeko, eta, Europak eta, jakina, Euskadik bizi duten egoeran, “karrera profesionaleko plan on bat izatea plus bat da talentua erakartzeko”. 

Tapiak gogorarazi du, halaber, Euskadi ez dagoela isolatuta, “ikerketa eta euskal enpresa ondo lerrokatuta daude nazioarteko jarduerarekin, eta hala aitortzen digute behin eta berriz Europako Batzordetik”. Hala ere, sailburuak uste du beharrezkoa dela kanpoarekiko lotura hori are gehiago indartzea, uda amaieran adituez osatutako Nazioarteko Aholku Batzordea eratuz.

Informazio gehiago

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @estiherlavina
    2023-06-06

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 👉 Lehendakariak gure gizartearen ongizaterako ikertzaileen funtsezko ekarpena azpimarratu du

    📎 https://t.co/RYpkdHVpVh https…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)