qrcode

Euskadik “Marine Stewardship Council”-en (MSC) Mares Para Siempre III. Sariak hartu ditu

2023-06-09

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, inauguratu du gaur Marine Stewardship Councilek (MSC) antolatuta Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egin den Maren Para Siempre Sarien banaketa ekitaldia. MSC irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da, eta 25 urte baino gehiago daramatza arrantza jarduera jasangarria izateko ahaleginak egiten.

Sari horiek Estatuan arrantza jasangarriarekin konpromiso nabaria duten entitateak aitortzen dituzte. AZTI Fundazioa, Kofradia Itsas Etxea – Izan Arrantzale eta Eroski Taldea dira sarien hirugarren edizio honetan hamabi kategorietan saria jaso duten entitateetako batzuk.

Oroz sailburuordeak, honako hau nabarmendu du: “Euskal Erakundeok lehiakorra eta errentagarria den Euskadiko eta Europako arrantza-sektore baten oinarriak finkatzearen alde egiten dugu, baina ez hori bakarrik: gizarte- eta ingurumen-ikuspegitik jasangarria ere izan dadila nahi dugu. Euskadi eredu izan da arrantzaren arloan, eta eredu izaten jarraitu nahi du, jarduera ingurumenarekin modu errespetutsuan egin dadin”.

Sarien banaketa-zeremonian MSCko zientzialari nagusi Katie Longok hitzaldia eman du honako hauei buruz: klima-aldaketa eta arrantza jasangarriaren etorkizuna, arrantza-kudeaketaren berri emateko aurrerapen zientifikoak erabiltzeko modu berri eta hobeak lortzearen garrantzia, eta itsasoko produktuen merkatu jasangarria. Longok munduko beste zientzialari batzuekin batera egiten du lan, eta Ocean Health Index-a sortzen lagundu du, datu urriko arrantza-tokien kudeaketa hobetzeko tresnak garatu ditu, baita MSC ekoziurtagiriaren eragin ekonomiko eta sozialak hobetzekoak, eta arrantza-produktuen trazabilitaterako detekzio-metodoak ere garatu ditu.

Prentsa oharra

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak