
Astekonomiak gaur nabarmentzen du Euskadiko afiliazioak milioi bat baino gehiago direla, saltoki handietako eta txikizkako merkataritzako enpleguaren igoerarekin eta KPIaren bilakaerarekin batera
Euskadik milioi bat afiliatu gainditu zituen maiatzean Gizarte Segurantzan: serie historiko osoko errekorra. Datu hori Astekonomia bideoaren abiapuntu da gaur. Bideoak saltoki handietako eta txikizkako merkataritzako enpleguaren hazkundea ere aztertzen du, KPIak maiatzean izandako bilakaera ahaztu gabe.
Maiatzean, Gizarte Segurantzako afiliazioak urte arteko % 1,6 egin zuen gora, aurreko hilean baino hamarren bat gehiago. Zehazki, 1.002.586 afiliazio izan ziren: serie historiko osoko erregistrorik handiena. Beste behin ere, emakumeek (% 1,8) gizonek (% 1,5) baino gehiago parte hartu zuten hazkunde horretan.
Eta enplegua, adibidez, saltoki handietan eta txikizkako merkataritzan sortu zen, apirilean salmentek portaera desberdina izan bazuten ere. Susperraldiaren alderik onena islatzen du adierazle horrek, pertsonengan pentsatuz.
Euskadiko saltoki eta elikadura-kate handietako salmentak % 0,3 jaitsi ziren apirilean aurreko urteko aldi beraren aldean. Salmenten bilakaera positiboa izan zen elikagaien sektorean (% 0,1), eta negatiboa gainerako produktuetan (-% 1,2). Salmentek behera egin duten arren, enpleguak nabarmen egin du gora (% 4,6).
EINek argitaratutako azken datuen arabera, Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmentak % 0,7 handitu ziren apirilean aurreko urteko hil beraren aldean. Horrela, aurreko hilabeteetako aurrerapen nabarmenak baretu egin dira. Bestalde, txikizkako merkataritzako enpleguak aldakuntza-tasa garrantzitsuak izaten jarraitu zuen (% 2,5).
Bestetik, maiatzeko adierazle aurreratuak % 3,2an kokatu zuen maiatzeko KPIaren aldakuntza, apirileko erregistroa baino bederatzi hamarren beherago. Bilakaera hori batez ere erregaien prezioen jaitsieragatik izan zen, eta, neurri txikiagoan, elikagaien eta alkoholik gabeko edarien igoera 2022ko maiatzean baino txikiagoa izan zelako. Halaber, azpiko inflazioa bost hamarren murriztu zen (% 6,1).
Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.