Berriak Herrizaingoa

Ertzaintzak plan berezia jarri du martxan, Gabonetako erosketa aldian lapurreta eta ebasketen aurka egiteko

2011.eko abenduak 22

Saltokietara jende gehien joaten den egunetan erosleen eta merkatarien segurtasuna handitzea du helburu

Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen alorrek plan berezi bat jarri dute martxan, Eguberrietan euskal saltokietan lapurreta eta ebasketei aurrea hartzeko. Plana asteartean, hilak 20, jarri zuten indarrean eta Gabon jai guztietan zehar izango da aktibatuta. Euskadiko merkataritzagune eta merkataritza inguru guztietan, herritarren segurtasunerako agente gehiago egongo dira.

2010eko, joan den urteko, Gabonetan, ia mila lapurreta eta ebasketa egon ziren Euskadiko saltokietan. Gabonetako erosketa aldia urteko une arriskutsuenetakoa izaten da Euskadiko merkataritzagune eta dendentzat. Egun eta ordu tarte jakinetan jende asko biltzen denez, ahalegin handia egin behar izaten dute lokaletako segurtasun zerbitzuetako langileek; izan ere, profesional horiek ondo dakitenez, gaizkile gehienek une horiexek erabiltzen dituzte saltokietan gauzak lapurtzeko. Denda inguruetan horrenbeste jende batzen denean, kartera lapurren kopurua ere handitzen da, eta inoiz baino gehiago egoten da sasoi honetan.     

Delinkuentzia mota horri aurrea hartzeko asmoz, Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako Alorrak aurtengo Gabonetarako dispositibo berezia planifikatzea erabaki zuen azaro amaieran. Horren barruan, Ertzaintzaren ertzain etxe bakoitzak plan bat egin du, bere inguruko ezaugarriei egokitua. Batik bat merkataritzaguneetan eta establezimendu gehien dauden inguruetan (Bilboko Zazpikaleak edo Donostiako eta Gasteizko hiriguneetako auzoak) jarri dute arreta.  

Ertzain etxe guztiak 

Dispositiboa ertzain etxe guztiek jarriko dute indarrean, modu koordinatuan, eta Brigada Mugikorreko agenteek eta zerbitzura deitutako agente libreek indartuko dute. Horren barruan, agente uniformedunak izango dira nagusi, horrelako delituak egin nahi dituztenei atzera eragiteko eta herritarren segurtasun pertzepzioa handitzeko, baina uniforme ofizialik gabeko ertzain batzuk ere egongo dira. Merkataritza establezimenduetako segurtasun langileekin izan ohi den lankidetza handitu egingo da, zaintza sistema elektroniko guztiak, kamerak eta grabazio gailuak batez ere, ondo dabiltzala bereziki zaintzeko. Gainera, merkataritzaguneetako aparkalekuetan eta garraiobide publikoetako geltokietan erne-erne begiratuko diete mugimendu susmagarriei.    

Dispositiboaren helburua, aurretiazko segurtasuna handitzea ez ezik, patruilak delituen aurrean in fraganti aritu ahal izatea eta gehienbat delitu hauei begiratuko dien errekurtso sarea zabaltzea ere izango da. Horrela, agenteek ihes egiten dutenak edo, delituzko ekintza beste toki batean egiteko asmoz, beste toki batera joaten direnak atzeman ahal izango dituzte.   

Dispositiboaren lanen barruan, jende gehieneko uneei begiratuko diete arreta bereziz, baina baita beste une arriskutsu batzuei ere, hala nola saltokiak zabaltzeko eta ixteko orduak edo bildutako dirua jasotzekoak. Ibilgailu edo pertsona susmagarrien berri, prebentziozko identifikazioak, atxiloketak eta salaketak berehala jakinaraziko zaizkie operazioan parte hartzen ari diren unitate guztiei, ahalik eta azkarren erantzun ahal izan dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko