"Damuak” gora egin du azken hauteskundeetan abstenitutakoen artean 2019an erregistratutakoarekin alderatuta
- Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta bat argitaratu du herritarrek azken hauteskundeetan izan duten portaera ezagutzeko
- Gehienek hauteskunde-kanpainaren aurretik zuten erabakita beren portaera, baina gero eta gehiagok erabakitzen dute azken egunetan
- Emaitzen balorazioa ez da duela lau urte bezain positiboa
Joan den maiatzaren 28an abstenitu ziren lagunen artean “damuak” gora egin du duela lau urte egindako udal- eta foru-hauteskundeekin alderatuta, hauteskundeak izan eta hurrengo bi egunetan euskal herritarrek izandako hauteskunde-portaerari buruzko azterlan baten arabera. Hala, abstenitu ziren inkestatuen % 17k diote, emaitzak ikusita, nahiago luketela Batzar Nagusietarako hauteskundeetan botoa ematera joan izan balira, eta % 16k udal-hauteskundeetan botoa eman balute (2019an, % 11 eta % 10 izan ziren, hurrenez hurren).
Ikerketak, gainera, erakutsi du herritarrek duela lau urte baino interes eta segimendu txikiagoa izan dutela hauteskunde-kanpainarekiko (% 58k interes handia edo nahiko handia 2023an; eta %72k, 2019an).
Hauteskunde-portaera dela-eta, azterlanak azaleratu du gehienek botoa erabakita zutela hauteskunde kanpainaren aurretik, baina gero eta gehiagok erabakitzen dutela azken egunetan.
Emaitzei dagokienez, herritarrek egiten duten balorazioa ez da duela lau urte lortutakoa bezain positiboa, ez udal-hauteskundeetan, ez foru-hauteskundeetan, nahiz eta gehienek positiboki baloratzen dituzten.