Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzaren Nazioartekotze Planeko bekadunen %80k lana aurkitzen du sei hilabete baino gutxiagoan

2011.eko abenduak 22

25 urte bete dituen programa honi esker, lan merkatuan sartu dira nazioartekotze arloko profesionalak diren 800 euskal gazte baino gehiago

Bekadunen ia erdia praktikaldia egin duten enpresan bertan gelditzen dira lanean. Nazioartekotzerako bekarekin hiru hilabeteko prestakuntza jasotzen da Unibertsitatean, urtebete igarotzen da nazioartekotzea sustatzeko organismo batean, oro har atzerrian, eta zortzi hilabeteko praktikak egiten dira atzerrian ezarpenak dituen euskal enpresa batean. Industria Sailaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean 500 beka eskainiko dira, 2011n eskainitako 85en aldean.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotzerako Beken Programak 25 urte bete ditu balantze oso positiboarekin, izan ere programan parte hartu duten 800 bekadunetik 500 inguru lanean ari baitira  nazioartekotzearekin lotutako zereginetan. Bekak irauten duen 22 hilabeteetan zehar, bekadunek nazioartekotutako enpresen kudeaketako alderdiei buruzko prestakuntza jasotzen dute. Profesional berri hauen %55 emakumeak dira, eta merkatu globaletan lan egiteko prestatuta badaude ere, tokiko perspektiba ere badute, ongi ezagutzen baitute euskal enpresa-sarea, kontuan hartu behar baita beren prestakuntza etapan lehen eskutik ezagutzen dituztela munduari gero eta zabalduago dagoen euskal enpresa-sarearen aukerak eta premiak.

Gaur arratsaldean egin den ospakizun ekitaldiak promozio guztietako bekadunak elkartu ditu, hasi 86ko promozioko lehen bekadunetatik eta 25. promoziokoetaraino.  Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak diploma bat eman die azken promozioko, hots, 2011ko bekadun berriei.

Topaketa hunkigarri honetan, gogora ekarri da 25 urte hauetako historia, bereziki aipatu direlarik nazioarteko ingurunea, tokiko enpresen garapena, bekadunen, prestatzaileen, erakundeen, enpresen eta beste hainbaten lekukotzak, eta abar.

Sailburuak azaldu bezala, Sailaren aurrekontuetan handituko den ildoetako bat da nazioarteko profila duten giza baliabideak prestatzera bideratuta dagoena. Aurtengo edizioan 85 beka eman badira ere, Sailak aurreikusten du 2012an 500 eskainiko dituela “lehia gero eta indartsuagoa delako, atzerrira esportatzeko eta han inbertitzeko prozedurak sofistikatu egin direlako, eta horretarako, enpresaren nazioarteko kudeaketan espezializatutako prestakuntza behar dugulako”.

Aipatzekoa da bekadunen %40 enpresan bertan gelditzen direla praktikaldia amaitu ondoren. Baina are interesgarriagoa da jakitea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak prestatutako bekadunetatik 500 nazioarteko merkataritzarekin lotutako postuetan ari direla lanean eta, gainera, beka amaitutakoan oso denbora gutxi igarotzen dutela lana bilatzen, bekadunen %80k sei hilabete baino gutxiagoan aurkitu baitu lanposturen bat. Bestalde, datu horiek argi azaltzen dute zergatik duen beka programa honek hain harrera ona euskal gazteen artean.

Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotzerako Beken Programa 1985ean hasi zen hiru bekadunekin, eta harrezkero kopurua urtez urte handitzen joan da, 2011. urteko 85 bekadunera iritsi arte. Azken horiek diploma bat jaso dute 25. urteurrenaren karietara gaur Bilbon ospatu den ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzak ahalegina egin du Beka Programa hori bultzatu eta profesionalak prestatzeko, eta prozesu horrekin batera, gero eta euskal enpresa gehiago irten dira atzerrira. 2000. urtean 295 euskal enpresak zeuzkaten ezarpenak atzerrian, 2011n ordea 550 baino gehiago dira atzerrian filial komertzialak edo produktiboak dituztenak.

Hain zuzen ere enpresak dira Programa honen zutabeetako bat, 25 urteotan ehundik gora euskal konpainiak babestu baitute ekimen hau praktikaldiak eskainiz ezarpen produktibo naiz komertzialetan. Baina, horrez gain, berme handiko prestakuntza plana eskaintzen diote bekadunari. Hala, enpresek berek adierazi diote programaren sustatzaile den Industria Sailari gustura daudela ekimenarekin. “Positiboki baloratzen dugu bekadunen ekarpena, beren ideia berriak, ezagutzak, gogo bizia eta kultura arteko harremanak sortzeko duten nahia”, esan dute enpresariek.

Programa egokitu eta hobetu egin da edizioz edizio, gaur egungo Beka eskaintzara iritsi arte: kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza teoriko espezifikoa hiru hilabetez Euskal Herriko Unibertsitatean eta urtebeteko lana atzerriko bulego komertzial espainiar batean edo SPRIren (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoa) Kanpo Sareak munduan zehar dauzkan bulegoetako batean. Azkenik, zortzi hilabeteko praktikaldia nazioartekotutako euskal enpresetan.

Bekadunen jomugei dagokienean, Europa da profil berri hau duten profesional gehien hartzen dituen kontinentea, baina, euskal enpresen interes komertzialen norabideari jarraiki, gero eta gehiago dira Txina eta Brasilera doazen bekadunak.

2 iruzkin
  • Irekia
    2011.eko abenduak 27

    Estimada Alazne:
    Para recibir todas las noticias de Irekia puede suscribirse al RSS que se encuentra al final de las Noticias de la página principal.
    Un saludo

  • 2011.eko abenduak 27

    Estoy interesada en recibir información en mi correo alazne27@gmail.com, agradeceré envio noticias.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)