Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntzen 47.500 eskabide baino gehiago kudeatzen ditu

2023-06-03
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bidali du 7.594 familiari dagozkien 8.247 espediente ordaintzeko agindua
  • Urte-amaierarako, 66.000 izatea aurreikusten du
  • Atzeraeraginezko izaera urriaren 31n amaituko da; ordutik aurrera, familiek hiru hilabete izango dituzte, jaiotzatik, eskaera egiteko
  • “Laguntza horiek hazkuntzak dakarren finantza-karga arintzeko diseinatuta daude, eta ume guztiek hazteko eta garatzeko behar dituzten hezkuntza-, osasun- eta ongizate-baliabideetara jotzeko aukera dutela ziurtatzen da”, esan du Melgosak

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 47.524 eskabide jaso ditu lehen hiru hiletan, seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntzak abian jarri direnetik; laguntza horien bidez, haien hezkuntzari, osasunari, elikadurari eta zaintzei lotutako gastuen zati bat ordaindu nahi da. Aurkeztu diren eskabide guztietatik 8.247k ordaintzeko agindua dute, eta horrek esan nahi du dagoeneko 7.594 familientzako laguntzak aktibatu direla –horietako batzuek adingabe bat baino gehiago dute nahi izanez gero–. Gainerako eskabideak adostutako epearen barruan kudeatzen jarraitzen dute; alegia, eskabidea jasotzen denetik sei hilean.

Hilean 200 euroko laguntzak umea jaio denetik hiru urte bete artekoak dira. Hirugarren umearen kasuan (familia ugariak), laguntza hori ehun euro gehiagokoa da hilean, harik eta zazpi urte bete arte. Desgaitasun-egoeran dauden adingabeen kasuan, laguntza bikoiztu egiten da

 “Helburua da hazkuntzak dakarren presio ekonomikoa murriztea eta, horretarako, familiei aukera ematea seme-alabei haien garapen integralerako arreta eta beharrezko baliabideak emateko”, esan du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak

Bestalde, 585 eskaera ukatu egin dira, gehienak adinaren aldetiko eskakizuna betetzen ez zutelako edo bikoiztuta egon direlako.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du aurten 66.000 eskabide bideratzea guztira; 8.200 ekainaren eta abenduaren bitartean jaioko diren umeei dagozkie.

“Neurri horren bidez, 2022ko ekainean onetsi zen Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia sustatu nahi da. Legegintza honetako gobernu-programak berak erronka demografikoa herrialdeko hamar helburuetako bat bezala ezartzen du”, esan du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Gehieneko epea

Dekretuak urtarrilaren 1eko atzeraeragina ezartzen du; horretarako, eskabideak egiteko epea aurtengo urriaren 31ra luzatzen da. Azarotik aurrera, familiek hiru hilabete izango dituzte, adingabea jaiotzen denetik, eskabidea egiteko. Eskabidea tarte horretan aurkezten ez bada, laguntzak eskabidea aurkezten den egunetik zenbatuko dira.

Adin-eskakizunak betetzen dituzten Euskadiko familia guztiek kobratu ahalko dute jaiotzaren, adopzioaren, adopzio aurreko bizikidetzarako zaintza-eskuordetzaren edo tutoretzaren ondorioz kargura duten seme edo alaba bakoitzeko hileko laguntza. Hala, hiru urtetik beherako umeen familiek hilean 200 euroko ordainketa eskatu ahalko dute; hirugarren eta ondoko seme-alaben kasuan, beste 100 euro gehiago jaso daitezke, hilean, hiru urtetik umeak zazpi bete arte. Era berean, adingabeak kargura dituzten familia guztiek kobratu ahalko dute, nahiz eta 2023a baino lehen jaio, betiere baldintzak betetzen badituzte.

Umeak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-egoera bat aitortuta badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira (bider bi).

Hileko laguntza jasotzeaz gainera, erditze anizkoitzengatik eta adopzio anizkoitzengatik aparteko laguntza bat jaso daiteke, ordainketa bakarreko laguntza. Laguntzaren zenbatekoa erditzearen edo adopzio anizkoitzaren seme-alaba kopuruaren arabera ezartzen da, bai eta estandarizatutako familia-errentaren arabera ere. Gainera, bateragarria da beste administrazio batzuek xede berarekin ematen dituzten edo ezar ditzaketen beste batzuekin, hala nola kenkari fiskalekin.

Laguntza telematikoki eska daiteke –horretarako, identifikazio-baliabide bat izan behar da, laguntza kanal horren bidez eskatu ahal izateko– edo aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuaren ordezkaritzen –EAEko hiru hiriburuetan–, Correos bulegoen edo udalen bidez.

Argibide gehiago nahi duten familiek 945 062 040 zenbakiaren bidez edo umeak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez eskatu ahalko dituzte; nahi dutenek, laguntza berri honekin zerikusia duen edozein kontu kontsulta dezakete. Era berean, galde-eskeen atal bat dago https://www.euskadi.eus/familiek-seme-alabak-hazi-eta-mantentzeko-laguntza-berriak/web01-a2famil/eu/ web-orrian.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-06-04

    Bitartekoen arteko desberdintasunari aurre eginez, ez dago baliabide gehiago dituenik desberdintasun gehiago sortzeko erabiltzeko, nagusitasunezko posizioaz abusatzen du eta sektoreen arteko hausturak etengabeko estakuruetan geratzen dira.

  • Argazkia Xaver
    2023-06-04

    Combatiendo la desigualdad de medios no haya quien tenga más recursos para utilizarlos para crear más desigualdades abuso posición dominante creando roturas entre sectores queden en estacamientos permanentes.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)