Jokin Bildarratzek Eduardo Chillida XIX. Matematika Olinpiadaren sariak banatu ditu
- Lehen lau sarituek hiru asteko egonaldia jaso dute sari, Ingalaterran uda honetan, ingeles maila hobetu ahal izateko
- DBHko 2. mailako 141 ikasle inguruk parte hartu zuten Matematika Olinpiadaren finalean
Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak amaitutzat eman du bere XIX. edizioa, gaur eguerdian Gasteizen egindako sari-banaketarekin. Ekitaldian buru izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Amaia Agirre Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin da, eta bertan izan da Luis Chillida ere, Chillida Fundazioko presidentea eta lehiaketari izena ematen dion eskultorearen semea.
Ohikoa denez, Eduardo Chillida Matematika Olinpiada bi fasetan garatu da aurten ere. Lehenengoa martxoaren 24an burutu zen, edizio honetan parte hartu duten 68 ikastetxeetako bakoitzean. Orotara 1.600 ikasle pasatxo izan ziren parte hartzaile. Proba horren emaitzaz, finalera pasatzeko, ikastetxe bakoitzeko bi edo hiru ikasle hautatu zituzten irakasleek, ikastetxearen tamainaren arabera. Azken fasea maiatzaren 13an izan zen hiru hiriburuetan eta 141 ikasle inguruk parte hartu zuten. 55 ikastetxetako ikasleak ziren (29 Arabakoak, 62 Bizkaikoak eta 50 Gipuzkoakoak). Fase horretan puntuaziorik onenak lortu dituzten 12 ikasleek jaso dituzte sariak gaur eguerdian, ikasketak egiten ari diren ikastetxeetako arduradunak eta senideak lagun zituztela.
Honako hauek izan dira aurtengo 12 sarituak:
- Iciar Barrio Corral Pureza de Maria ikastetxea. Bizkaia
- Mikel Piñole Pastor Esclavas S.C. Fátima. Bizkaia
- Luken Ortiz de Zarate Fernandez Larramendi Ikastola. Bizkaia
- Aiora Jauregi Pagaldai Beasain BHI. Gipuzkoa
Hurrengo irabazleak alfabetoaren araberako hurrenkeran ageri dira:
- Saioa Aldezabal Goikoetxea Orereta Ikastola. Gipuzkoa
- Unai Blanco Mensuro Eguzkitza BHI. Gipuzkoa
- Julen Gastañares Ruiz Miguel de Unamuno BHI. Araba
- Jorge Hernandez Barcena Esclavas S.C. Fátima. Bizkaia
- Adriana Martinez Vivanco Padre Andrés Urdaneta. Bizkaia
- Jurgi Onandi Manterola Arriagorriaga BHI. Bizkaia
- Oier Escalante Aranguren Arriagorriaga BHI. Bizkaia
- Yi Ye Laudio BHI. Araba
Ekitaldian zehar, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, lehenik eta behin, olinpiadaren edizio honetan irabazle suertatu diren ikasleak zoriondu ditu, egin duten lanagatik, baina baita horien gurasoak ere “umiltasunez betetako harrotasun horregatik, hau bezalako espazio batean seme edo alaba bat edukitzeagatik”. Halaber, ekitaldia baliatu du irakasleen lana eskertzeko. “Egunero, goizero, arratsaldero, irakasleak geletara joaten direnean, ikasleekin elkarbizitza eta elkartruke bat mantentzen dute dituzte, gazteen interesari eta ikasteko nahiari bizirik eusteko”.
Bildarratzek adierazi du, halaber, STEAM deritzon eremua –Matematikak leku garrantzitsua duen eremua- Hezkuntza Sailaren lehentasunezko jardun-arloetako bat dela. “Etorkizunari eta enplegagarritasunari begira oso eremu garrantzitsua da”, adierazi du, eremu horretara bereziki neskak erakartzeak duen garrantzia nabarmenduz.
Luis Chillidak, bestalde, euren aitak, Eduardo Chillidak, Matematikarekin izan zuen etengabeko harremanaren berri eman die ikasleei, Zientzia Zehatzetako eta Arkitekturako ikasle gisa, lehenik, baina artista gisa batez ere. Euren aita jakin-minez beteriko gizon gisa gogoratu eta deskribatu du, “ikusten ez dena ikusten saiatzen zena, ezezagunean ikusi nahi zuena”, eta gazte-gaztetatik irakatsi zion jakin-nahi hori, bizitzako gauza arruntenen atzean, eta baita artean ere, dagoen logika matematikoa azalduz. Horregatik guztiagatik esan du, amaitzeko, “aita pozik egongo zatekeen Olinpiada Matematikoan bere izena ordezkatzen duzuelako”.
Egonaldia Ingalaterran
Lehenengo lau sarituek, diploma egiaztagiriarekin eta IQ puzzle batekin batera, uda honetan Ingalaterran ingeles maila hobetzeko hiru asteko ikastaro bat egiteko beka jaso dute. Gainera, lehenengo hirurek Euskadi ordezkatuko dute ekainaren 23tik 26ra Tenerifen egingo den XXXIII. Matematika Olinpiada Juniorraren estatu-mailako fasean.
Gainerako sarituek, diplomaz eta IQ puzzleaz gain, 100 euroko bonu bana jaso dute, Elkar liburu-dendetan erosketak egiteko. Baina ikasle horien Matematikako irakasleentzako ere izan da oparirik; “Resolver problemas en matemáticas” liburua jaso dute.
Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak bere hirugarren ediziotik darama izen hau eskultorearen omenez, eta Euskadiko Matematika Irakasleen EMIE 20+11 Elkarteak antolatzen du, Hezkuntza Sailaren laguntzarekin. Ekimenaren hemeretzigarren edizioak helburu hauek ditu, besteak beste:
- Matematikaren arloa ikasle eta irakasleentzako prestakuntza-jarduera dibertigarri baten bidez ezagutaraztea.
- Matematika gure gizarte-ingurunera zabaltzea, parte hartzen duten ikasleen familiak inplikatuz.
- Ikasleen artean matematikarekiko zaletasuna sustatzea, problemak ebatziz.
- Sormena, erabakitzeko gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ohikoak ez diren arazoak konpontzeko trebetasuna sustatzea.
Sariak banatzeko ekitaldiaren ondoren, RISArchers taldeak “Matemáticas de risa“ hitzaldia eman du. Talde honetako kide diren Fernando Corbalán, Victor Manero, Luis Rández, eta Rubén Vigara arduratu dira Matematika gazte sarituei eta haien senideei modu atseginagoan hurbiltzeaz, horretarako umorea baliatuta. RISArchers taldea Zaragozako Unibertsitateko 36 ikertzaile monologistak osatzen dute gaur egun. 2015ean sortu zen modu espontaneoan, unibertsitate horrek antolatzen duen bakarrizketa zientifikoen tailerraren lehen edizioaren ondoren. Beren ikerketa-lana beste modu batean zabaltzea du helburu, publikoarengan interesa eta jakin-mina piztuz, eta beste zientzialari batzuk dibulgazio zientifikoaren esparruan urratsak ematera animatuz.