Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Nerea Melgosak informazio gehiago, laguntza hobea eta interbentzioa goiztiarragoa proposatzen ditu suizidioa prebenitzeko

2023-06-02
  • Suizidioa heriotzaren lehen kanpo-kausa da; urtean, 800.000 heriotza eragiten ditu, mundu-mailan. EAEn, suizidio bat izaten da bi egunean behin.
  • Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Suizidioa: arreta esku-hartzean jarriz kongresua inauguratu du Gasteizen
  • “Suizidioak adin, genero, etnia eta gizarte-klase guztietan du eragina. Suizidioaz hitz egiten dugunean, bizitzak salbatzen laguntzen ari gara” esan du Melgosak

Gasteiz, 2023/06/02

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Vitoria-Gasteizen egon da, ASAFESek (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea) antolatu duen biltzarrean: Suizidioa: arreta esku-hartzean jarriz biltzarrean.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak gaur goizean inauguratu du Suizidioa: arreta esku-hartzean jarriz, ASAFESek (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea) Gasteizen antolatu duen kongresua, osasun publikoko arazo horri aurre egiteko tresnak eta esperientziak partekatzeko.

Melgosak arazoa larria dela eta esku hartu behar dela eta prebentzio eraginkorra behar dela nabarmendu du. “Suizidioa heriotzaren lehen kanpo-kausa da; urtean, 800.000 pertsonak erabakitzen dute, mundu-mailan, beren buruaz beste egitea. EAEn, suizidio bat izaten da bi egunean behin. Zenbaki horietako bakoitzak galdutako bizitza bat, familia hondatu bat eta dolu-aldian dagoen erkidego bat adierazten ditu”, hasi da Melgosa, azaltzen.

 “Nork bere buruaz beste egiteko ahaleginaren kasuan, arazoa are handiagoa da. 10 eta 20 aldiz gehiago dira. Sufritzeari utzi nahi dioten pertsonak, minaren eta etsipenaren aurka borrokan ari direnak eta beste irtenbiderik ez dagoela sentitzen dutenak. Ez dakite nola egin aurre”, esan du.

Nerea Melgosak azaldu du, era berean, “2019an, Eusko Jaurlaritzak, Suizidioa prebenitzeko euskal estrategia” ezarri zuela, “errealitate horren aurka borrokatzeko eta arriskuan dauden pertsonei eta haien familiei ematen zaien arreta hobetzeko. Arriskuan dauden pertsonek laguntza bilatzea eragozten duten oztopoak eraisteko esku-hartzea eta informazio gehiago, asistentzia hobea eta esku-hartze goiztiarragoa eskainiz”.

Gainera, honako hau gogorarazi du: “eskola-eremuan suizidioa prebenitzeko eta kasu horien aurrean jarduteko, iaz Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-eremuan jokabide suizidaren prebentzioa, esku-hartzea eta posbentzioa egiteko estrategia jarri zuen abian, irakasle-taldeei, ikasleei eta familiei zuzendua”.

 “Suizidioak adin, genero, etnia eta gizarte-klase guztietan du eragina. Ez da ahultasunaren edo norberekoikeriaren ezaugarri bat. Egoera askok eraman gaitzakete geure buruaz beste egitera, eta ezin diogu arriskuari ezikusiarena egin, ageriko arazorik ez dagoelakoan”, esan du Melgosak.

Sailburua, era berean, kezkatuta agertu da, espetxeetan dauden suizidio-indize altuengatik. “Espetxe-erakundeek erronka handia dute suizidioari dagokionez; suizidio-tasa 7,5 aldiz handiagoa da behin-behineko espetxeratzean dauden presoetan eta sei aldiz handiagoa kondenatuetan”, esan du.

 “Joan den hilean, Eusko Jaurlaritzak suizidioa prebenitzeko protokolo berria jarri zuen abian EAEko espetxeetan, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, barneratuak eurak, haien senitartekoak, funtzionarioak eta boluntarioak inplikarazi zituen. Prestakuntza berezia duten laguntzako presoen eginkizuna sendotu da, ideia suizidak antzemateko neurriak ezarri dira, arrisku-faktore berriak sartu dira eta, zoritxarrez, suizidio bat edo suizidio-ahalegin bat gertatzen bada, ikuspuntu medikotik eta tratamendu- eta segurtasun-ikuspuntutik kontrastatzen eta aztertzen da, egon diren ustezko akatsak detektatzeko eta berriro gerta ez daitezen”, esan du Nerea Melgosak.

Nabarmendu du, era berean, zer garrantzitsuak diren gaurkoa bezalako ekitaldiak, “tresnak partekatzeko, mitoak apurtzeko eta suizidioarekin lotutako tabua alde batera uzteko; izan ere, suizidioaz hitz egiteak bizitzak salbatzen laguntzen du”.

Itxiera-ekitaldian, Melgosak eskerrak eman dizkio ASAFESi, egiten duen lan bikainagatik eta gaiaren inguruan duen konpromisoagatik. “Eskerrik asko arazo hori prebenitzeko eta hari aurre egiteko tresnak guztiontzat eskuragarri izango dituen etorkizuna eraikitzen laguntzeagatik. Beti dago laguntza. Beti dago itxaropena”, esan du, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)