Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Bizkaia Espetxeak milioi bat euro baino gehiago inbertitu ditu instalazioen efizientzia hobetzen eta prestakuntza-espazioa optimizatzen

2023-06-01
  • Eraikinean zaharberrikuntza sakona egiten ari da, ikasgelak birgaitzen, inguratzailea eta barneko akaberak egokitzen eta dutxen eremua eta sare-kableak berritzen ari baitira
  • Eraikinak 60 urte baino gehiago ditu; sekula ez du zaharberrikuntza handirik izan eta, gaur egun, zaharkituta dauden elementu batzuk aldatu eta espazioak optimizatu behar dira
  • Lanak zenbait gauzatze-fasetan daude

Vitoria-Gasteiz, 2023/06/01

Bizkaia espetxea zaharberrikuntza-prozesu sakonean murgilduta dago: higatuta eta zaharkituta dauden elementuen ordez beste modernoago batzuk jarriko dira, eta instalazioak optimizatuko dira eta, horretarako, inguratzailea eta barneko akaberak egokituko dira, eta sareko kableak berrituko dira, besteak beste. Zentroa 1964koa da, eta, harrezkero, ez da beste zaharberrikuntza sakonik egin, orain bezala. Lanak zenbait fasetan daude, batzuk amaitzear, eta milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua dute.

 “Bizkaia espetxea egungoaz oso bestelako espetxe-kudeaketako eredu batean oinarrituta eraiki zen. Gaur, 60 urte geroago, espetxeko instalazioak eguneratu egin behar dira eta gaur egungo esku hartzeko beharretara egokitu”, esan du Vicenta Alonso Bizkaia espetxeko zuzendariak.

Zehazki, bi espazio zaharberrituko dira, besteak beste, erabilera anitzeko gela bilakatzeko. Helburua da tamaina handiagoko areto bat izatea, eta, bertan, neurri handiagoko gelak behar dituzten prestakuntzak eman ahal izatea. Hala, Bizkaia espetxea lanbide-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza emateko gaitu ahalko da; izan ere, horretarako, eskakizun bereziak dituzten lokalak eduki behar dira. Aurrekontua 89.808 eurokoa da.

Gainera, era berean, kirol-pistaren hobekuntza lizitatu da, zeina futbolean eta saskibaloian jolasteko egokituko baita eta pilotalekua ere baitu. Txostenean jasotzen denez, lurra hormigoizkoa da, eta nabarmen hondatuta dago, arrakala handiekin eta inolako lautasunik gabe; egoera horrek zaildu egiten du euri-urak behar bezala hustea. Espetxe-iturrien arabera, partida-egunetan lesio bat baino gehiago erregistratu da, zoladura ez baita kirola egiteko egokiena. Pista birgaitzeko eta egokitzeko eta kirol-zoladura egokia jartzeko, 465.000 euro inguru erabiliko dira.

Bizkaia espetxea zaharberritzeko proiektu honetako funtsezko beste alderdi bat inguratzailearen eta barneko akaberen egokitzapen puntuala da. Lanak esleipen-fasean daude, eta 60.230 euro ingurukoak izango dira. Gainera, dutxak egokitzeko lana amaitzen ari da; hartara, 156.330 euroko partida bat bideratu da.

Konektibitateari dagokionez, espetxe osoko sareko kableak eta elektronika berritzeko plan bat prestatzeko lanean ari dira; hark hobekuntza ekarriko du komunikazioetan, bereziki bulegoetan. Lanen aurrekontua 232.320 eurokoa da, eta Europako Next Funtsen kargura izango da.

 “Azken batean, helburua da 60 urte baino gehiago dituen eta zaharberrikuntza handirik izan ez duen eraikina berrikusi eta egokitzapenak egitea, espetxean bizi diren pertsonen eta han lan egiten duten pertsonen egunerokotasuna hobetzeko, EAEko espetxe-ereduan finkatutako ildo estrategikoei jarraikiz. Azpiegitura berritu horiei esker, tratamenduko esku-hartzerako eta prestakuntzarako espazioak irabaziko ditugu”, esan du Vicenta Alonsok.

44 barneraturen aldi baterako lekualdatzea

Obren hasieran, era berean, barneratuen talde bat lekualdatu beharko da aldi baterako; izan ere, lanek eremu komunetan eta egoitza-eremuetan izango dute eragina. Zehazki, ekainan, Bizkaiko espetxeko 44 barneratu hurbil dauden beste espetxe batzuetara lekualdatuko dituzte txandetan. Gainera, aldi baterako lekualdatzeak izango dira; izan ere, barneratuak Bizkaira itzuliko dira, baldintzak egokiak direnean.

Espetxe-iturriek baieztatu dutenez, elkarren artean hurbil dauden autonomia-erkidegoen artean lekualdatzeak egitea ohikoa da horrelako egoeretan. Hori horrela, eragiketak Espetxeen Idazkaritza Nagusiaren oniritzia du.

Lekualdatuko diren 44 pertsonak prebentzio-egoeran daude, oraindik ez da haien epaiketa egin; beraz, haiek irteteak ez du ezarritako inolako tratamendu edo ibilbide indibidualik eragotziko. Hala ere, Bizkaiak jarraituko du helmugako zentroa izaten, ondorio guztietarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)