Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 160.000 euroko partida onartu du euskal kultura-ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko (Gobernu Bilera 2023-05-30)

2023-05-30
  • Emaitza Euskariana-Euskal Kulturaren Atari Digitalean zabalduko da, eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin
  • Laguntza hauen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, ondare hori hurrengo belaunaldiei zabaldu eta transmititzeko

Gobernu Batzordeak euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko gaur onartu dituen diru-laguntzen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, ondoren Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitalaren bidez zabaltzeko. Horrela, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtu nahi dira, datozen belaunaldiei transmititzeko. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 160.000 euro bideratuko ditu.

Diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-baliabideak, digitalizatzea edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten proiektuak, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa, bibliografia-funtsak. Proiektu bakoitzerako kalkulatutako gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da, eta gutxieneko balioa ez da 2.500 eurotik beherakoa izango digitalizaziorako eta 5.000 eurotik beherakoa katalogazio eta digitalizaziorako.

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte euskal kultura-ondareko baliabideen titular diren pertsona fisikoek eta erakunde publiko edo pribatuek, baliabideak jabari publikoan badaude, obra umezurtzat jotzen badira (horien jabetza intelektualeko eskubideen titularrak identifikatu gabe badaude edo, halakorik badago, aurkitu gabe badaude) edo titularrek dagozkien ustiapen-eskubideak badituzte.

Aurreko deialdiekin alderatuta, berritasun nagusia diruzko laguntzak “gauzazko” laguntza bihurtzea da. Erabaki hori katalogatzeko eta/edo digitalizatzeko lanak eskatzaile batzuentzat dakarren zailtasun teknikoan oinarritu da, baita irudien eta horiekin batera doazen deskribapenen kalitate-estandarrak bermatzeko premian ere. Horrela, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren ardura izango da lan hori egitea eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin

Azken emaitza Euskarianan, Euskal Kulturaren Atari Digitalean, zabalduko da, baliabideak zuzenean sartuz edo bilduz, sustatzaile bakoitzak bere OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) gordailua badu. Protokolo honek gaur egun dauden digitalizazio-proiektu nagusien arteko elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzen ditu, eta Interneteko edukien zabalkunde eraginkorra errazten du. Deskribapenean zein digitalizazioan estandarren erabilera sustatzen da, euskal kultura-ondarearen baliabideak Europeanan – kultura-ondare digitalizatuaren Europako atarian – txertatzea ahalbidetzeko.

Interesdunek hilabeteko epean eskatu beharko dituzte laguntzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iazko deialdian 6 proiektu lagundu ziren diruz, besteak beste, XIX-XX mendeetako moda-aldizkariak digitalizatzea; Antton Elizegi 1984-2000 argazki fondoaren katalogazio eta digitalizazioa; Koch Arruti argazki-fondoaren katalogazio eta digitalizazioa; Kaputxinoen Liburutegi Digitalaren funts bibliografikoaren digitalizazioa edo Eresbil Fundazioaren – Musikaren Euskal Artxiboa – euskal kultura-ondarearen grabazio historikoen digitalizazioa, besteak beste. 

EUSKARIANA

Euskariana lankidetza-proiektu bat da, eta mota guztietako euskal kultur erakundeek, artxiboek, liburutegiek eta museoek hartzen dute parte. Euskariana ate digitala da, Interneten euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki bilatzea ahalbidetzen eta errazten duena. Helburua da euskal kulturarekin lotutako ahalik eta baliabide digital gehien biltzea, bereziki bibliografikoak, erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz. Aipatutako materialen edukiaren zati handi bat eskuratzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen du, bai esteken bidez, bai bere biltegiaren bidez.

Gainera, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen du, publiko orokorraren (informazioa edo irakurketa atsegina bilatzen duena) eta publiko espezializatuenaren (ezagutza berriak sortzea helburu duten ikertzaileak) beharrei erantzuteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko