Eusko Jaurlaritzak 6 milioi bideratu ditu osasuneko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2023-5-30)
- Osasun Sailak osasun-asistentzia eta bizi-kalitatea hobetzeko proiektuetara bideratzen den deialdi hau jarri du abian
Eusko Jaurlaritzak, gaur, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak proposatuta, osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2023. urteko deialdia onetsi du; laguntzak 6 milioi euroko zuzkidura du, iaz baino milioi erdi inguru gehiago.
Laguntza horiek bi bloketan banatzen dira: batetik, 3.150.000 €, Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko eta Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzeko lerroko proiektuetarako, eta, bestetik, 2.850.000 €, Osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzeko lerroko eta Interes bereziko ekintza osagarrien lerroko proiektuetarako.
Laguntza horietan sartzen diren jarduketak –laguntza horiek handitu daitezke– dira honako xede hau dutenak: pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren eginkizuna hobetzen laguntzea, bai eta osasun-asistentzia eta bizi-kalitatea hobetzeko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak garatzen laguntzea ere.
Zehazki, lau laguntza-lerro bereizten dira:
- Osasun-ikerketaren jarduera sustatzea, I+G proiektuen bidez, osasun-sistemaren gaitasuna eta osasun-sistemaren eta gizartearen eskariei erantzun hobea emateko behar den ezagutza sortzeko eta integratzeko egiten duten ekarpena sendotzeko.
- Osasun-ikerketaren jarduera areagotzea, jarduera kliniko-asistentziala duen pertsonalak eginiko I+Gko jarduera edo proiektuen bidez, I+G jardueren dedikazioa areagotzeko eta Euskadiko osasun-sisteman ikerketa-kultura sendotzeko.
- Osasun-arloko ikerketa estrategikoa sustatzea, osasun-lidergoan, lankidetzan eta Euskadiko zientzia- eta teknologia-gaitasunen aprobetxamenduan oinarrituta sortutako I+G proiektuen bidez; haien bitartez, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak balioztatzen eta garatzen aurrera egiteko aukera dago, RIS3 Euskadi-ZTBP 23030 estrategiarekin bat etorriz.
- Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3 Euskadiren 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuekin bat etorriz osasun pertsonalizatuaren eremuan.