Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuaren Legearen Proiektua onartu du, finantzaketa publikoko tresnen kudeatzaile gisa duen eginkizuna sendotzeko (Gobernu Bilera 2023-5-30)

2023-05-30

Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuaren Legearen Proiektua onartu du gaur. Horren helburu nagusia da Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa-esparruari, funtzioei, antolaketari eta araubide juridikoari egiturazko erregulazioa ematea. Legegintza-ekimen hau legegintzaldi honetarako aurreikusitako proiektuetako bat da, Finantzen Euskal Institutuak finantzaketa publikoko tresnen kudeatzaile gisa duen eginkizuna sendotzeko.

Euskal Institutua 2007ko abenduan sortu zen, Euskadiko Administrazio Publikoaren finantza- eta kreditu-politika publikoa berrantolatzeko. 2009ko urtarrilean ekin zion bere jarduerari, eta 2013tik aurrera hasi zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiko finantza-jarduketarako tresnak berrantolatzeko prozesua, Finantzen Euskal Institutua indartuta eta finantzaketa publikoko tresnen kudeaketa beregana erakarrita.

2018ko uztailean, Urkullu lehendakariak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk eta Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantza Tapiak finantza-tresna publikoak arrazionalizatzeko proiektua aurkeztu zuten, Eusko Jaurlaritzaren finantza-politika beste modu batean antolatzeko, finantza-tresnak arrazionalizatzera bideratuta, eta horixe izan zen gaur onartutako lege-proiektu honen hazia. Ildo beretik, kapitalari lotutako finantzaketa-tresna berriak aktibatu ziren, Euskadiko enpresak hazten eta finkatzen laguntzeko.

Proiektu honek antolaketa- eta erakunde-esparru koordinatu eta espezializatua ezarri nahi du, eta esku-hartzeko hiru tresna motak —kapitala, bermea eta prezioa— ahalik eta ondoen antolatu, enpresen beharren arabera eta haien tamaina eta garapen-fasea kontuan hartuta.

Finantza-antolamenduko eredu berria ezarrita, beraz, Finantzen Euskal Institutuak finantza-jarduera sustatu eta inplementatu behar du, hiru jarduera garatuta: lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren finantza-partaidetzak izatea funts eta sozietate finantzarioetan; bigarrenik, Eusko Jaurlaritzaren politika sektorialei lotutako beharrezko finantza-tresnak kudeatzea; eta, hirugarrenik, kreditu-jarduera eragiketa espezifikoetan kontzentratzea, finantza-erakundeekin batera inbertitzeko estrategiei jarraituz.

Finantzazio publikoaren arloan Finantzen Euskal Institutuak duen pisu espezifikoa kontuan hartuta, beharrezkoa eta egokia da horretarako araudi erregulatzaile espezifiko bat izatea, baita Finantzen Euskal Institutuaren lege integral bat ere, haren erregulazioa Euskadiko errealitate ekonomiko eta araudi berrira egokitzeko, baita sektore publikoko erakundeen finantza-politikaren eta kreditu publikoaren tresna gisa hartu behar duen zereginera ere, euskal sektore ekonomikoetan finantzaketarako eta partaidetza publikorako tresna publikoak kudeatuta.

Lege-proiektu honen edukiak alderdi hauek jorratzen ditu, besteak beste: Finantzen Euskal Institutuaren izaera, atxikipena, egoitza eta araubide juridikoa; jarduteko helburu eta printzipioak eta funtzioak; gobernu-organoak eta egitura organikoa; funtzioak garatuko dituzten estatutuak; gobernu-organoen osaera eta izendapena; erakundearen zerbitzuen egitura organikoa eta funtzionala eta haren funtzionamendu-araubidea; langileen araubidea; Institutuaren baliabide ekonomikoak eta ondarea; araubide ekonomiko-finantzarioa; baita haren balizko azkentzea eta likidazioa ere.

Gaur onartu ondoren, lege-proiektu hau Eusko Legebiltzarrera igorriko da tramitatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko