Kontroleko osoko bilkura (2023/06/02)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herri honek 2023an dituen erronkei buruz.
2023ko erronken inguruan, Urkulluk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2024 Plangintza Estrategikoa aspaldi definituta duela, bi zutabe nabarmentzen dira bertan: Hazkunde Jasangarria eta Giza Garapena; eta bi zutabe hauek 4 ardatz nagusiri esker garatzen dira: pertsonak, planeta, oparutasuna eta autogobernua. Horrela, Lehendakariak azpimarratu du Euskadik 2023an eta datozen urteetan dituen erronken erantzuna gure autogobernuaren gaitasunei eta baliabideei lotuta egongo dela zuzen-zuzenean. Gainera, Plangintza Estrategikoa Nazio Batuen 2030 agenda eta bere Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin lerrokatuta dagoela nabarmendu du. “Aipatutako guztiaz gain, 2023ko aurrekontua eta legegintza-programa gauzatzen eta exekutatzen ari gara. Noski, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera ere baduzue. Ikusten duzunez, Kortajarena andrea, Gobernu hau etengabe dago lanean etorkizunari begira, ez izan zalantzarik. ”, gaineratu du.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatu eta planifikatzeko dekretua aurkaratzeari buruz.
Lehendakariak azaldu duenez, dekretu berri hau Hezkuntza Ituna errespetatzearen, LOMLOEren lege-esparrura egokitzearen eta COJUAren Irizpenaren abal juridiko argiaren baitan kokatzen da. “Onarpen- eta eskolatze-dekretuaren eta plangintza-dekretuaren aldaketak lehenengo erantzuna dira, egungo araudiaren mugak kontuan hartuta”, zehaztu du. Gainera, nabarmendu du lege berria onartzeak gaitasun handiagoa emango duela kalteberatasunari edo segregazioari erantzuteko. “Lege berriak erregulazio dekretu berriak ekarriko ditu, baina berriz diot lehen urratsa eman dugula, zuek onartutako Hezkuntza Itunaren eta LOMLOEren esparruan”, azpimarratu du.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzaren erreformak duen harrerari buruz.
Lehendakariak oso positibotzat jo du “akordio handi” hori, Hezkuntza Ituna, urte askotako lanaren ondoren euskal gizartearen ordezkaritza demokratikoaren % 90ek onartu zuena. Gainera, azpimarratu du Hezkuntza Itunaren konpromisoak leialtasunez jaso direla Ganbera honetan izapidetzen ari den lege-proiektuan. Hala, Iñigo Urkulluk azpimarratu du beharrezkoa dela prestakuntza-esparru berri bat sortzea, gizarteak eskatzen dizkigun beharretara egokitu ahal izateko, eta aurrera egiten jarraituko dugu.
Finantzaketaz ari garela, Lehendakariak Hezkuntzaren aldeko Gizarte Zibilaren Elkarteak egindako SoCiEducación 2023 azterlanean jasotako datu batzuk aipatu ditu. Azterlan hori Estatistikako Institutu Nazionalaren datuetan oinarritzen da. Datuen arabera, Euskadi da ikasleko baliabide gehien bideratzen dituen erkidegoa: 10.214 euroko gastu publikoa ikastetxe publikoetako unibertsitateaz kanpoko ikasle bakoitzeko. Era berean, 2023-2026 aldirako onartu berri den Unibertsitate Plana aipatu du. Plan horrek 2.246 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, hau da, % 14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta, eta orain arte unibertsitate-esparruan egindako finantzaketa handiagoa.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, etorkizuneko euskal hezkuntza-legearen arabera itunpeko ikastetxe pribatuek izango duten finantzaketari buruz.
Urkullu lehendakariak adierazi duenez, administrazio arduradun gisa, Jaurlaritzari dagokio derrigorrezko irakaskuntzen doakotasuna gauzatzeko baliabide publikoak ematea; horretarako, “Eusko Jaurlaritzak erabakiak hartu ditu eta Euskadin itunpeko irakaskuntzaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duen lege-proiektu bat onartu du”.
Ildo horretan, Urkulluk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak itunpeko sarearekin dituen itunak onartu berri dituela, datozen 6 urteetarako finantzaketa bermatuz. “Argi eta garbi ezarri ditugu bai ekarpen ekonomikoa, bai itunpeko sareak hezkuntza-itunaren akordioen esparruan hartzen dituen konpromisoak”, azaldu du. Hori horrela, Lehendakariak azpimarratu du helburu partekatua euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa eraldatzea eta hobetzea dela.
Interpelazioa, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Jaurlaritzak indarkeria matxistaren arazo estrukturalari erantzun egokia emateari buruz.
Lehendakariak irmotasunez adierazi du Euskadik ez dituela hilketa matxistak onartzen eta, horregatik, argi eta garbi esan du: “emakumeak egiazki libre izan arte ez gara geratuko. Emakumeak libre nahi ditugu. Badakit, helburu honetan, guzti guztiok bat gatozela”.
Zentzu honetan, hilketa bat dagoen bakoitzean instituzio eta gizarte bezala huts egin dugula adierazi du. “Hildakoak biktimak dira. Gizarte bezala huts egingo genuke hiltzaile hauek zoro batzuk besterik ez direla ondorioztatuko bagenu. Analisi sinplista honek ez digu oinarrian dagoen arazoa konpontzen lagunduko. Arazoa bere osotasunean aztertu behar da”, esan du.
Iñigo Urkullu gogorarazi du biolentzia matxista, emakume eta gizonen arteko berdintasun desorekaren adierazle larriena dela baina biolentzia hau eragiten duten faktoreak, seinale xumeak izanik ere, nonahi ikusi ditzazkegula inguruari begi kritikoekin begiratzen badiogu. “Beraz, elementu hauei guztiei aurre egitea dagokigu gizarte bezala”, azpimarratu du.
“Emakumeak libre behar dute izan. Eta benetako gizarte demokratiko eta kohesionatua izan nahi badugu, hemen dugu erronka: emakumeak egiazki enpoderatu daitezen, eguneroko jarrera mikromatxistak seinalatu, emakume gazteak arrisku eremutan erori ez daitezen alarmak jarri, biktimei babesa eman, justizia arindu eta indartu… behar ditugu. Ez dago etenaldirik, erronka erraldoi batean gaude eta ezin diogu huts egin”, adierazi du.