qrcode

Astekonomiak hoteletako eta apartamentu turistikoetako ostatu-gauetan apirilean izandako errekorrak jaso ditu gaur, baita industria-prezioak bide negatibora itzuli izana ere

2023-05-26

Euskadiko hotel-establezimendu eta apartamentu turistikoetako ostatu-gauek beren markak hautsi zituzten apirilean. Adierazle horiek, industria-prezioetan erregistratutako balio negatiboekin batera, abiaburua dira gaur Astekonomiarentzat (adierazle ekonomiko garrantzitsuenen asteko laburpenarentzat).

Euskadiko hotel-establezimenduek 600.000 ostatu-gau baino gehiago izan zituzten apirilean. Serie historiko osoan ez zen inoiz hain erregistro handirik lortu apirilean. Zehazki, ostatu-gauen igoera % 15,6koa izan zen. Horrela, 2021eko martxotik aurrera hasitako goranzko joera berretsi da.

Aurreko informazioaren osagarri, apartamentu turistikoetako ostatu-gauek % 28,4 gora egin zuten apirilean Euskadin. Zehazki, 54.794 ostatu-gau izan ziren, hau da, apirileko kopururik handiena datuak daudenetik. Hala, aurreko aldietako erregistroak nabarmen gainditu dira.

Bestalde, prezioen jaitsierak bere horretan jarraitzen du eta apirilean industria-prezioen aldakuntza-tasa -% 1,9ra erori zen. Ondorioz, IPRI - industria-prezioen indizea balio negatiboetan dago 2021eko hasiera aldetik lehen aldiz, batez ere honako hauen prezioek izandako jaitsieraren ondorioz: energia (-% 19,2) eta, neurri txikiagoan, kontsumo-ondasun iraunkorrak (-% 3,3).

Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan