Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak 4.875.000 euro erabiliko ditu, 2012. urtean euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko (2011-12-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 20

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012an euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den Agindua onartu du (Hedabideak deialdia). Horretarako 4.875.000 euro erabiliko dira.

Deialdi honek hedabideen 2012ko jarduna hartuko du kontuan, eta bere xedea euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egitea da.

Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen hedabideak:
- A taldea: Euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua, barne hartzen dituena bai euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren egunkariak bai udalerri eta eskualde jakinetan zabaltzen diren egunkariak. 1.820.000 euro.

- B taldea: Euskara hutsezko aldizkari inprimatuak (1.841.500 euro). Hemen euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...) sartzen dira (1.137.500 euro), bai eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak ere (704.000 euro).

- C taldea: Emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak. Talde honetarako 227.500 euro erabiliko dira.

- D taldea: Emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak. Talde honetarako 500.500 euro erabiliko dira.

- E taldea: Internet bidezko hedabideak eta berri-agentziak, hala nola, euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak, zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiak, zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak, edo notiziak euskaraz ematen dituzten berri-agentziak. Talde honetarako 485.500 euro erabiliko dira.

Nolanahi ere, talde bakoitzarentzat jarritako baldintzak betetzen ez dituzten hedabideak edo honako ezaugarri hauetakoren bat duten hedabideak ez dira diruz lagunduko:

a) Euskadiko Administrazio Orokorra osatzen duten entitateen hedabideak.

b) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen hedabideak.

c) Elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko hedabideak.

d) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak; orobat bere edukiak hezkuntza arlora zuzenduak dituzten aldizkariak.

e) Eskola-aldizkari, -irrati eta -telebistak.

f) Kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora pasakoak eta antzekoak.

g) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.

h) Informazio orokorrekoak edota gai anitzeko informaziokoak ez diren tokiko aldizkariak.

i) Diruz lagungarriak izan arren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2012an xede berberarekin diruz lagundutako hedabideak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan