Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 9,5 milioi euro erabiliko dituzte langabeziaren aurka borrokatzeko

2011.eko abenduak 21

Erakunde arteko akordioak lau urte iraungo du gutxienez, eta enplegua sortzeko eta enpresak sustatzeko baterako ekintzak garatuko ditu. Euskadiko bi langabetutatik bat Bizkaian bizi da

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako enpleguaren aldeko lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Imanol Pradales Sustapen Ekonomikoko diputatuak.  Akordioak lau urte iraungo du gutxienez, eta 9,5 milioi euro jasoko ditu lurralde horretan langabeziaren aurka borrokatzeko.

Erakunde arteko hitzarmenak luzatzeko aukera aurreikusten du, eta datorren hilabetetik aurrera ekintza-katalogo bat garatuko du, enplegua sortzen eta Bizkaiko enpresak indartzen eta sustatzen laguntzeko. Egun lurralde horretan 81.212 enplegu-eskatzaile daude. Hau da, Euskadiko bi langabetutatik bat Bizkaian bizi dira.

"Atzo Enpleguaren aldeko Euskal Estrategia onartu genuen, eta gaur aurrerapauso bat gehiago eman dugu, erakundeen arteko lankidetzarekin. Langabezia herrialde osoaren arazoa da, guztion arazoa, eta horregatik, erakundeek bat egin behar dute elkarlanean jarduteko", azpimarratu du Zabaletak. Bestalde, Sustapen Ekonomikoko foru-diputatuak bere poza nabarmendu du, "Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean lortutako akordioagatik, Bizkaian lan-aukerak hobetzeko eta enpresa berrien sorrera sustatzeko ekintzak elkarren artean landuko direlako".

"Gaur lankidetza-bide estrategiko berria ireki da, Enpleguaren aldeko Euskal Estrategiaren Plan Eragileko lerroetako bat: tokiko eta eskualdeko garapena", gogorarazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Eta zera erantsi du: "politika aktiboek eta enpleguaren aldeko politikek ahalik eta gertuen egon behar dute eskualde bakoitzeko beharretatik eta, horregatik, politika aktiboak eskualde bakoitzaren, zonalde bakoitzaren eta lurralde bakoitzaren beharrizanetara zuzenduta gauzatu behar ditugu".

Horren ildotik, "egungo ekonomiaren testuinguruan, enplegua sortzeko jarduera ekonomikoa bultzatzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasuna. Borondate politikoari eta inplikaturiko alderdi guztien arteko akordio-gaitasunari esker, konpromiso hori errealitate bihurtu da gaur", gaineratu du Pradales jaunak.

Datozen hilabeteetan garatu beharreko ekintzen artean, bi erakundeetako langile espezializatuek ondokoak landuko dituzte:

- Ahalik eta bizkaitar gehien kalitatezko enplegu egonkor batean aktibatzea.

- Tokiko hazkunde ekonomikoa bultzatzea -enpresa-espiritua sustatuz-, eta Bizkaiko enpresen lehiakortasuna hobetzea.

- Toki- eta eskualde-mailan enplegu eta prestakuntzako proiektuak garatzea.

- Unean-unean behar handiena duten giza taldeetan bereziki lan egitea, dituzten lan-aukerak areagotzeko, orientazio espezializatua erabiliz.

"Sentsibleak izango gara enplegua sortzearen alde sortu litezkeen proiektu esperimental edo berritzaile guztiekiko. Eta kalitatezko enpleguaz ari naiz, gazteen enpleguaz, baita langabezia-tasa handienak dituzten zonaldeetako enpleguaz ere", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Beste hainbat tresnaren artean, enpresei laguntza emateko arloaren lana jarriko du Lanbidek hitzarmenaren zerbitzura. "Lanbideren zerbitzu berria da, eta laster jarriko da abian enpresen beharrizanei erantzuteko eta laguntza hobea emateko".

Horrez gain, baterako ekintza horretaz Pradales jaunak egin duen balorazioaren arabera, "horrekin enplegu-politiken aldeko eta ekonomia berpizteko baterako lanak irabaziko du". Gainera, honakoa adierazi du Sustapen Ekonomikoko diputatuak: "Enplegua sortu eta finkatzea Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunetako bat da legegintzaldi honetan, eta helburu horrekin aplikatzen dira Ekonomia Sustatzeko Sailaren politika guztiak, ondoko laguntza‑programen bitartez: gazteen enpleguaren aldeko plana, enpresa txikia eta ertainei bultzada berria emateko plana, enpresa berriak sortzeko plana, jarduera berrien eta proiektu berritzaileen sustapena".

"Garrantzitsuena erakundeen ahaleginak bateratzea da, eta ekimenak eta egiturak ez bikoiztea; aitzitik, indartsuagoak izan behar dugu, langabeziaren aurka borrokatzeko helburua partekatzeko gauza garelako", esan du Zabaletak amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)