Berriak Kultura
Eu

Musikaren eta balio unibertsal positiboen aldeko apustua egingo du EGO-k neguko denboraldi berrian

2011.eko abenduak 21

Charles Chaplin eta bere "City Lights" (Hiriko argiak) film mutua izango dira gazte-taldearen neguko topaketaren ardatza.

2012ko urtarrilean eskainiko dituen kontzertuak hauek izango dira: urtarrilaren 2an, Bilboko Euskalduna Jauregian (20:00etan), 3an Gasteizko Principal antzokian  (20:30ean)eta urtarrilaren 4an Donostiako Kursaal jaurehian (20:00etan). Erronka: Filmak irauten duen 86 minutuetan musikaren eta irudien arteko sinbiosi perfektua transmititzea entzuleei, egundoko sinkronia-ariketa burutuz.

Musika bikaina eta garaien gainetik dauden funtsezko balio unibertsalak uztartzen ditu orain dela 80 urte estreinatu zen lanak: City Lights. Hala nola, maitasuna, eskuzabaltasun desinteresatua edota elkartasuna, eta klaseen arteko diferentzia. Film honekin batera, EGOko gazte musikariak eszenatokira igoko dira Euskal Herriko Gazte Orkestrako denboraldi berrian.

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan aurkeztu du EGOko programazioa Blanca Urgell Kultura sailburuak. Aurkezpenean, sailburuak aldamenean izan ditu Juan Jose Ocón donostiarra eta euskal kutxen ordezkariak (BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxa).

Hogeita hamargarren aldia da lan-topaketok aurkezten dituztela. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako ekimena da, eta BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxa finantza-erakundeen gizarte-ekintzen babesa du. Euskadiko musikari gazteen artean kalitatezko prestakuntza sustatzeko bidean Eusko Jaurlaritzak aurrerapausoa eman du horrela. Dagoeneko ehunka musikari gazteri eskaini zaie goi-mailako orkestra-prestakuntza ekimen horren bidez.

EGOren aurtengo neguko topaketa abenduaren 22tik urtarrilaren 5era egingo da Eibarko hezkuntza-esparruan.

Oraingoan, gure erkidegoko biztanleen artean musika sinfonikoa modu erakargarrian zabaltzea du helburu EGOk. Horrela, "publiko berria" sortu nahi du, hori funtsezkoa baita gure musikari gazteen etorkizuneko ibilbide profesionalari begira. Kontzertuak jaialdi izatea da orkestraren asmoa, bai musikarientzat eta baita entzuleentzat ere. Ildo horretan, familiartean entzun eta ikusteko programa prestatuko du, konposizio guztiak arras ezagunak baitira.

Orkestra profesionaletan gero eta maizago programatzen duten errepertorioa landu nahi da musikari gazteekin. Musikaren ikuspegitik begiratuta kalitate handiko errepertorioa da, eta interpretatzeko zaila.

City Lights - Sinopsia

1931ko apirilaren 4an estreinatu zuten Espainian City lights, Charles Chaplinen maisulanetako bat. Film borobila da, gutxi daude halakoak, eta zinemaren historiako amaierarik hunkigarrienetakoa du. Film mutu gisa estreinatu zen, soinudun zinemaren arrakastaren erdian, eta sekulako ospea lortu zuen nazioartean. 1928an hasi zuten errodajea,  The jazz singer (Jazz kantaria) lehen film soinuduna estreinatu baino hilabete batzuk lehenago. Soinuak ondorio itzela izan zuen zinemaren industrian. Baina Chaplinek bazekien ezin zuela Charlot hitz egiten jarri, horrek magia hautsiko baitzuen. Dena den, soinuztapenaz baliatu zen irudiei jarri beharreko musika kontrolatzeko eta soinu-efektu batzuk sartzeko. Txantxa ere egin zuen soinuaren kontura: filmaren hasierako sekuentzian monumentu baten inaugurazioa azaltzen da, eta bertan ematen duten diskurtsoa erabat ulertezina da; hortik aurrera filmak ohi moduan jarraitzen du, pantomimarekin eta idatzizko elkarrizketekin, ahotsik gabe.

Filmean lore-saltzaile itsuarekin maitemintzen den alderraiaren istorioa kontatzen da. Neskak, gaizkiulertua tarteko, gizona aberatsa dela pentsatuko du. Charloten portaera eskuzabala, miresgarria eta hunkigarria da, dena emango baitu neska itsua salbatzearren. Virginia Cherrill aktorea da lore-saltzailea, Harry Myers-ek egiten du aberats deprimituarena, mozkortuta dagoenean alderraiaren adiskide den horrena, eta azkenik, Chaplinek bere betiereko rola betetzen du, alderrai txiroarena. Hirukote protagonista bikaina da, bai aktoreen interpretazio-lanari begiratuta eta baita ere pertsonaiek gidoian duten bilakaerari dagokionez.

Maitasuna edota eskuzabaltasun desinteresatua filmean azaltzen diren giza balio positiboak dira; gizarte-arazoei ere heltzen die lanak, klaseen arteko diferentziari edo diruaren botereari, esaterako. Gai horiek guztiak unibertsalak dira, eta garaien gainetik daude. Horrenbestez, filmak ez du gaurkotasunik galduko. Eta noski, bertan agerikoa da Chaplinen maisutasuna, aipatutako ideiak irudi bilakatu eta hainbat belaunalditako publikoari era egokian transmititzea lortu baitu.

Azken finean City lights zinema-bitxia da, eta 80 urte bete dituen arren ez du liluragarritasunik galdu. Barregarria eta sentimentala da aldi berean. Bertan azaltzen diren gag komiko batzuek heldu  eta haur askoren barre-algarak eragiten dituzte oraindik, eta amaiera sotilki hunkigarria da gaur egun ere.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell