Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Deustuko Unibertsitateko errektore berriarekin elkartu da

2023-05-23

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera, bilera egin du gaur eguerdian Deustuko Unibertsitateko errektore berriarekin, Juan Jose Etxeberria Sagastumerekin. Bilera, Etxeberria errektoreak kargu berria hartu eta hurrengo egunean bertan burutu da.

Deustuko Unibertsitatea erreferentziazko unibertsitatea da, eta Euskal Unibertsitate Sisteman integratuta dago. Horrela bada, Hezkuntza sailburuaren eta errektore berriaren arteko bilera erakunde bien arteko (Eusko Jaurlaritza eta unibertsitatea) lankidetza luze eta emankorraren testuinguruan gertatu da.

Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egin den lehen topaketan, Euskal Unibertsitate Sistema koordinatzeko euskal unibertsitate-politiken baitan Deustuko Unibertsitatearentzat gaur egun estrategikoak diren gaiak aztertu dituzte bi arduradunek, bai eta Deustuko Unibertsitatetik egungo zein etorkizuneko gizarte-erronkei eta eraldaketei erantzuteko beharrezkoak diren politikak eta tresnak ere.

Bileran landutako gaien artean, Unibertsitatea+Enpresa 2022-2026 Estrategiarekin lotutakoak nabarmentzen dira, Euskadiren garapenerako funtsezko motorra baita hau, esparru akademikoaren eta enpresa-arloaren arteko loturak estutzea helburu nagusietako bat duena, kualifikazio handiko ikasleak prestatzea xede hartuta; edo baita IKUR 2030 Estrategia ere, aurrekoa bezala Hezkuntza Sailak bultzatua, euskal unibertsitateen bikaintasun-ikerketaren esparruan. Nazioartekotzearen arloari dagokionez, Deustuko Unibertsitatea integratuta dagoen UNIC Unibertsitate Europarraren proiektua izan dute hizpide.

Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemak euskal gizartearen eragile dinamizatzaile eta eraldatzaile gisa duen garrantziari buruzko inpresioak ere trukatu dituzte, euskal talentuaren, ikerketaren eta berrikuntzaren nazioarteko garapena eta posizionamenduaren bultzatzaile zereginean.

Bileran, Bildarratzek errektore berria zoriondu du karguagatik, eta bere aurrekoarekin, Jose María Guibertekin, izan den koordinazioagatik poza azaldu dio. Ziur agertu da sailburua bi erakundeek azken urteotan izan duten elkarlanari eutsiko diotela. “Deustuko Unibertsitatea funtsezko eragilea da Euskal Unibertsitate Sistematik talentua sortu eta erakartzeko politikan, eta nazioartekotze-estrategia oso garrantzitsua du, gure politikekin eta helburuekin guztiz bat datorrena”, sailburuak adierazi duenez. Gainera, unibertsitate horrek gure herrian duen eragin soziala azpimarratu du. “Eragin hori eremu publiko-pribatuan duen lankidetzan eta bikaintasun-zientziaren esparruan nabarmentzen da”.

Juan José Etxeberria errektore berriak, bestalde, adierazi du Deustu irabazi asmorik gabeko erakundea dela, “gure inguruko garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari ekarpena egiten diona”. Horri esker, unibertsitate honek konfiantzazko harremana du eragile askorekin, errektorearen esanetan. Adierazi duenez, lankidetza hori bereziki estua da Eusko Jaurlaritzarekin, Euskal Unibertsitate Sistemaren esparruan, eta “gure herrian gauzatzen diren emaitzetara dago bideratua, eta are gehiago konprometitzen gaitu gu gizarteari ematen diogun zerbitzuarekin”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)