Eman odola!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 1,7 milioi euro bideratuko ditu gazte-erakundeak babesteko eta indartzeko (Gobernu Bilera 2023-5-23)

2023-05-23
  • Lehenengo deialdia gaur onartu da, eta gazte-elkarteei zuzenduta dago, 800.000 euroko aurrekontuarekin
  • Deialdia 120.000 euro handitu da, gazte-elkarteei laguntzeko
  • Elkarte horiek haurrak, nerabeak eta gazteak sozializatzen, gizarteratzen eta balioetan trebatzen laguntzen dute
  • Gazte-erakundeek zailtasunak dituzte erreleborik eta programak garatzeko boluntariorik ez dutelako
  • Laster onartuko dira gazteen mugikortasunerako jardueren deialdiak eta diagnostikoa eta emantzipazioa bultzatzeko planak

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak 1,2 milioi euro erabiliko ditu gazteriaren arloan programak eta jarduerak garatzeko eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko.

Laguntza horiek banatzeko, hiru deialdi egingo dira: gazteriaren arloko programa eta jarduerena, 800.000 euroko aurrekontuarekin; gazteen mugikortasunera edo elkartrukera bideratutako jarduerena, 145.000 eurorekin; eta gazteen emantzipazio-prozesua bultzatzea helburu duten toki-mailako ekimenak egiteko laguntzena, 300.000 eurorekin.

Lehenengo deialdia Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du gaur, eta gazteen asoziazionismoa sustatzera eta elkarteen funtzionamendua eta jarduerak laguntzera bideratuta dago.

Eremu horren barruan sartzen dira Euskadiko gazteen bizi-kalitatea sustatzeko eta hobetzeko gazteen elkarte edo erakundeek bultzatutako lurraldez gaindiko jardueren urteko programak, animazio soziokulturaleko eskolek antolatutako dinamizatzaile soziokulturalen ikastaroak eta izaera berritzailea edo inpaktu soziala duten jarduerak.

Aurtengo deialdiak 800.000 euroko aurrekontua du guztira, eta 120.000 euro handitu da aurreko urteko deialdiarekin alderatuta. 2022ko ekitaldian, Gazteria Zuzendaritzak, deialdi horren barruan, 59 dirulaguntza eman zituen, guztira 679.259 eurokoak.

Gehikuntza hori aurreikusita dago Aisialdiko hezkuntza bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian, eta gazteen esparruan lan egiten duten elkarteek beren egiturei eusteko dituzten bereziko zailtasun egoerari erantzun nahi dio.

Gazteek gizartean modu aktiboan parte hartzeko dituzten ohituretan gertatzen ari diren aldaketek eragina dute elkarte horietako langileen eta boluntarioen erreleboan.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Gazte-erakundeak babestea eta indartzea

Dirulaguntzen hiru deialdi horiez gain, beste jarduera batzuk ere ari dira bultzatzen, gazteen elkarteak, bereziki aisialdiko hezkuntzakoak, laguntzeko eta indartzeko.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Astialdi Sareak elkarrekin diseinatutako hezkuntza-aisialdiko taldeei laguntzeko sistema hedatzen ari da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) dirulaguntza 80.000 euro handitu da, 250.000 euro guztira, eta Astialdi Sareari 180.000 euroko dirulaguntza eman zaio.

Era berean, 75.000 euro bideratuko dira gazte-elkarte horiek gizartea egituratzeko egiten duten lana azpimarratzeko, eta beren ingurunean bizitza soziala, kulturala eta ludikoa dinamizatzen laguntzeko.

Jarduera horiek guztiak, 1,7 euroko guztizko zenbatekoarekin, aisialdiko hezkuntza sustatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren barruan kokatzen dira, eta laguntza handia emango diete gazteriaren esparruan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei.

Gazte-elkarteek gizarteari egindako ekarpena

Laguntza-deialdi horrek laguntza handia emango die gazteriaren alorrean jarduten duten    irabazi-asmorik gabeko erakundeei, eta, bereziki, gazte-elkarteei.

Asoziazionismo-modu horrek aukera ematen die gazteei gizartean aktiboki parte hartzen has daitezen eta erantzukizunak har ditzaten, antolaketa- eta kudeaketa-lanak eta abar eginez; eta, aldi berean, balio eta jarrera demokratiko eta parte-hartzaileetan oinarritutako hezkuntza jasotzen dute.

Eusko Jaurlaritzak beste behin ere nabarmendu nahi du gazte-elkarte horiek gizartea egituratzeko egiten duten lana, beren inguruko bizitza soziala, kulturala eta ludikoa dinamizatzen laguntzen baitute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko