Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek hitzarmen bat sinatuko dute ertzain-etxeetan sendagaien kudeaketa errazteko (Gobernu Bilera 2023-5-23)

2023-05-23
  • Helburua da Ertzaintzaren bulegoetan atxilotutako pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzea eta sendagai horien horniduraren kudeaketa administratiboa erraztea

Jaurlaritzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren (Segurtasun Sailaren bitartez) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoen arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzeko baimena ematea erabaki du gaur, Ertzaintzaren bulegoetan atxilotutako pertsonei sendagaiak eta beharrezkoak diren beste farmazia-produktu batzuk emateko administrazio-kudeaketak errazteko.

Poliziaren zaintzapean dauden pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzeko interes komunaren barruan sartzen da hitzarmena, eta euskal lurraldeko farmazietan farmazia-produktuak banatzeko, fakturatzeko eta kobratzeko arauak eta prozedurak ezartzen ditu.

Ertzaintzak atxilotuei zuzendutako berariazko formularioen bidez eskatuko ditu sendagaiak eta bestelako farmazia-produktuak. Formulario horiek farmazietako langileek jasoko dituzte, sendagaiaren edo produktuaren kodearekin, publikoarentzako salmenta-prezioarekin eta Ertzaintzak ordaindu beharreko zenbatekoarekin, eskatutako medikazioa behar bezala emango dela bermatzeko eta, ondoren, Segurtasun Sailaren eta farmazialarien elkargoen artean administrazio-kudeaketa egingo dela bermatzeko.

Preskripzioa behar duten produktuen kasuan, formularioekin batera kasuan kasuko aginduak aurkeztu beharko dira e-errezetan edo paperean, behar bezala beteta.

Hitzarmena betetzen dela bermatzeko, Jarraipen Batzorde bat sortu da, farmazialarien elkargoetako eta Segurtasun Saileko ordezkariek osatua, ezarritako helburuak lortzeko beharrezko koordinazioa sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko