Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak onartezintzat jo ditu kirol-lehiaketetako indarkeria-ekintzak

2023-05-23
  • Horrelako gertakariei elkarrekin aurre egitearen alde agertu da Jaurlaritza, prestakuntza-pilulen formatuko hezkuntza bultzatuz

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, 

Kirol-lehiaketetan ikusi diren indarkeria-ekintzei dagokienez, Bingen Zupiria bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, gaitzespen irmoa helarazi du horrelak gertaeren aurrean. “Jokabide horiek guztiz onartezinak dira. Talde aurkariekiko eta pertsonekiko errespetu falta larria erakusten dute”, azpimarratu du.

Halaber, Zupiriak nabarmendu du kirolaren figura horiek erreferenteak direla gazteentzat, eta ematen ari den adibidea kirol-lehiaketa batek eta kirol-jarduerak eman beharko luketenaren kontrakoa dela.

Gertakari horien aurrean, euskal erakundeak, federazioekin batera, hezkuntzara eta prestakuntzara bideratutako hainbat ekintza bultzatzen ari dira. Sailburuak azaldu duenez, indarkeria prebenitzeko batzordeetan gertatzen diren kasuak aztertzen ari dira, eta egoera horri aurre egiteko, monitorizazio-sistema bat ezarri da, prestakuntza-pilulak sortuz. “Horrek erakundeen, federazioen, kluben eta arbitroen arteko lankidetza maximoa eskatzen du”, gaineratu du.

Azken urteotako datuak aztertuz gero, gertatzen ari diren gertakarien kopurua pandemiaren aurretik zenbatzen zirenen antzekoa da, baina oraindik ere asko dira. Azken azterketaren arabera, 20 topaketatik 1ek onargarriak izan behar ez luketen jokabideak dituzte. Halaber, egiaztatu da gertakari horietako asko liga denboraldiaren amaieran eta, batez ere, igoera edo jaitsiera bat jokoan dagoenean izaten direla.

“Lanean jarraitu behar da. Beharrezkoa da kirol-jardueran parte hartzen duten estamentu guztiek arreta handia jartzea gai horri, eta ahalik eta kirol-diziplina gehienetara zabaltzea azterketa-, prestakuntza- eta zuzenketa-ariketa hori; halaber, kanpainen eta informazio-ekitaldien bidez, horrelako gertakarien larritasuna azpimarratzea ere garrantzitsua da”, amaitu du bozeramaileak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio zer jarduera bultzatzen ari diren gazte-erakundeak babesteko eta indartzeko, bereziki, hezkuntza-aisialdiarekin lotutako erakundeekin zerikusia dutenak. Hasteko, gazteei zuzendutako laguntzen deialdien berri eman da, 1,2 milioi eurokoa, hiru deialdiren bidez banatuko dena: gazteriaren arloko programak eta jarduerak, gazteen mugikortasunera edo trukera bideratutako jarduerak eta emantzipazioa bultzatzeko tokiko ekimenetarako laguntzak. Era berean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Astialdi Sareak elkarrekin diseinatutako hezkuntza-aisialdiko taldeei laguntzeko sistema zabaltzen ari da, eta beren inguruko bizitza soziala, kulturala eta ludikoa dinamizatzen laguntzen duten gazte-elkarteek egiten dituzten jarduerak lagunduko dira. Bozeramaileak azaldu duenez, laguntza horien guztien zenbatekoa 1,7 milioi eurokoa izango da, eta Jaurlaritzak beste behin aitortu nahi du gazte-erakunde horien lana, gazteei gizartean aktiboki parte hartzen hastea eta erantzukizunak betetzea ahalbidetzen baitiete, eta, aldi berean, balio eta jarrera demokratiko eta parte-hartzaileetan oinarritutako hezkuntza jasotzen baitute.

Beste alde batetik, Lehendakariak gogorarazi du Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak oraintxe bertan lehendakariaren izenean, Arku Atlantikoko Batzordeak Cardiffen (Galesen) ospatzen ari den Batzar Nagusia presiditzen duela eta bilera hau oso garrantzitsua dela eta erabakigarria izango dela bozkatuko den Adierazpenean Makroeskualde Atlantikoaren konfigurazioa ezartzen delako.

Landutako gaien artean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek hitzarmen bat sinatu dute ertzain-etxeetan sendagaien kudeaketa errazteko. Helburua da Ertzaintzaren bulegoetan atxilotutako pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzea eta sendagai horien horniduraren kudeaketa administratiboa erraztea.

Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, 835.000 euroko hainbat laguntza-agindu onartu ditu gaur Gobernuak Gizarte-Ekonomia sustatzeko, enpresen eta erakundeen elkarte-egiturak finkatuz eta Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabalduz. Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egiturak finkatzeko dira laguntzak haien interes amankomunak ordezkatu eta defenda ditzaten eta bide batez, Kontseiluak argi berdea eman dio ere Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan Enpresen Gizarte Erantzukizuna hedatzeko eta ezartzeko laguntzen deialdiari, helburu hau 150.000 euroko zuzkiduraz.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren eskutik, alde batetik, Euskadiko nekazaritza-ustiategietako sasoikako langileentzako etxebizitzak erosteko edo hobetzeko 80.000 euroko laguntzak onetsi dira; eta, bestalde, 105.000 euro bideratzea onartu da ITSASORATU programarako, ikasleei arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak errazteko. 

Hezkuntza arloan, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta laguntzen deialdia 2 milioi euroan handitzea erabaki da, 2022-2023 ikasturte honetarako. Zupiria nabarmendu du gehikuntza hau beharrezkoa dela beka jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei erantzuna emateko, bai eta dirulaguntza aldatu zaien eskaerei edo oraindik ebatzi gabe dauden errekurtsoei erantzuteko ere. Gaur onarturiko gehikuntzarekin, ikasturte honetarako beka deialdiaren diru-kopuru osoa 72.500.000 eurokoa izango da.

Eta azkenik, Gobernu Kontseiluak Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena onartu du, Principal Antzokia eraberritu eta handitzeko. Aurreikusitako kostua 12 milioi eurokoa izango da 2023-2026 aldirako eta hitzarmen honi esker, antzokia modernizatu ahal izango da, hiria aukera eszeniko handiagoez hornitzeko eta leku seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa bihurtzeko. Bozeramaileak adierazi du, Eusko Jaurlaritzaren ustez, proiektu hau Gasteizko kultura-eskaintza handitzen eta hobetzen jarraitzeko aukera paregabea dela. “Balio erantsia emango dio euskal gizarteari, eta hiriaren esparru sozioekonomikoan ere eragina izango du: espazio modernoa, gaitasun eszeniko handiagoa eta irisgarria izateak hiriaren bihotzean kultura biziberritzen lagunduko du, bai artistentzat eta Euskadiko kultura-industriarentzat eta euskal gizartearentzat oro har”, esan du. 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • 2023-05-24

    Yo también quiero expresar mi más rotunda condena

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak