Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Euskal Enplegu Estrategia 2011-2014 (2011-12-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 20

Erabakia, (2011-2014) Enpleguko Euskal Estrategia onartzeko dena

Enplegu-politikako tresnen lehen helburua langabezia estrukturalerako joera jakin batzuek indar daitezela saihestea da, horrek kalte nabarmena eragiten baitie kolektibo kalteberenei, eta diru-sarreren bilakaera orekatuago bat lortzea hazkunde iraunkorreko ereduaren lehen formula gisa. Horrekin batera, funtsezkoa da enplegu-politika egokia lehiakortasun-estrategiaren zati gisa, pertsonen kalifikazioa eta prestasuna hobetuz, produkzio-eskakizunei eta irekitako merkatuen ondoriozko malgutasun-ezaugarriei jarraiki.

Horri jarraiki, 2011-2014ko Euskal Enplegu Estrategiak jardun-erreferentzia izan behar du gorputz sozial osorako, batez ere eragile sozial eta produktiboentzako, gobernu-jardunera eta baliabide publiko erabilgarrien aplikazio koherentera mugatuko ez dena. Horrenbestez, enplegu-estrategia norabidetan zehazten da, partekatutako helburu orokor eta espezifikoetarako orientazio moduko norabidetan.

2011-2014ko Euskal Enplegu Estrategia hirugarren sektorearekin, agente sozialekin, Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuekin eta aldundiekin, garapen-agentziekin eta euskal udalekin elkarrizketa-prozesu luze baten ondoren garatutako lanen emaitza da.

Lan-merkatuaren egoera eta bilakaera ikuspuntu soziekonomikotik funtsezko elementua da etorkizuneko estrategia bat gauzatzeko. Horretarako hainbat alderdi aztertu dira. Aztertu diren datu guztiek adierazten dute lan Merkatuak Euskadin elementu bereizgarriak dituela, portaera propioa eta merkatu espainiarrak bere osotasunean duen portaeraz bestelakoa izanik, batez ere egungo krisialdi ekonomikoaren testuinguruan. Identifikatu diren alderdi bereizgarri nagusiak honako hauek dira:

- Produkzio-egitura desberdina, non eraikuntzaren sektoreak estatuko gainerakoarekin alderatuz pisu txikiagoa duen, eta hala eta guztiz ere, industriak protagonismo handiagoa du bere sektore desberdinetan. Ekonomiaren sektore eragile bat denez gero, industria krisialdiekiko sentikorragoa da, baina oso errotuta dagoenez gero, funtsezko elementua izan daiteke errekuperaziorako.

- Kanpoaldera begira dagoen enpresa-sarea. Esportazioak BPGaren gaineko % 26 dira. Eta industriaren punta-puntako sektoreetan balio nabarmenak izanik, adibidez % 73 aeronautikoan, % 71 automozioan edo % 68 ontzigintza-sektorean.

- Espainiaren osotasunak baino gastu-intentsitate handiagoa I+G+Ban, hau da, BPGaren gaineko % 2ko tasaren inguruan, eta Espainian, ordea, % 1,4 da.

- Azpiegituren presentzia handia enpresa-lehiakortasunari laguntzeko eta babesteko: teknologia-parkeen garapena Erkidegoko hiru lurraldeetan, industria-poligono eta enpresa-garapenerako zentro ugari.

- Enpresa- eta gizarte-sare bereizgarria, industria-talde eragileak dituena, enpresa-esperientzia indartzen duten eta jakintzaren gizartea sustatzen duten kluster sektorialak, enpresari lotutako lanbide-prestakuntzako sistemak.


Formulazio estrategikoa

Barnean hartuta dauden agenteek egoerari buruz egindako azterketaren eta hausnarketaren emaitza gisa, 6 ardatz estrategiko formulatu dira, garatu beharreko ekintzen eta norabideen ardatz nagusi direnak. Helburuak honako hauek dira:
- Produktibitatea hobetzea lan-merkatu ireki eta iraunkor batean.
- Aukera-berdintasuna ziurtatzea enpleguan, baita gizarte- eta lurralde-kohesioa ere.
- Produkzio-jarduera eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa handitzea.

Ardatzak honako hauek dira:

1. Enpresa-lehiakortasuna hobetzea, nazioartekotzearen, talentuen erakarpenaren eta enpresa-lankidetzaren bitartez.

2. Enplegagarritasuna eta moldagarritasuna hobetzea, gizarteratzearen eta lanbideratzearen bitartez, baita ikaskuntzatik eta prestakuntzatik eratorritako lanbide-gaitasunak indartzearen bitartez ere.

3. Gazteen enplegua sustatzea eta hezkuntzatik enplegurako trantsizioa hobetzea.

4. Gizarte- eta lurralde-kohesioa hobetzea, kolektiborik kalteberenek lanerako sarbidea izan dezaten lagunduz.

5. Teknologiari, antolaketari, azpiegiturei eta prestakuntzari lotutako baliabideak hobetzea, enplegurako zerbitzu eraginkorragoa eta efizienteagoa eskaintzeko.

6. Enplegu-politika aktiboen kontrola eta ebaluazioa bermatzea.

1. ARDATZA: ENPRESA LEHIAKORTASUNA HOBETZEA (3 norabide)

1. norabidea: ekonomia irekia sustatzea, enpresen nazioartekotzea bultzatuz.
Lortu nahi dituen helburuen artean, proiektu eragileei, hazkundeko eta hedatzeko proiektuei laguntzea nabarmentzen da.

2. norabidea: inbertsioak eta talentua erakartzea.
Lortu nahi dituen helburuen artean, berrikuntzan laguntzea eta berrikuntza bultzatzea dago, baita talentu zientifiko, akademiko eta profesionalaren trukea sustatzea ere.

3. norabidea: enpresaren lankidetza sustatzea.
Lortu nahi dituen helburuen artean, enpresa-sarearen batez besteko tamaina handitzea nabarmentzen da.


2. ARDATZA: ENPLEGAGARRITASUNA ETA MOLDAGARRITASUNA HOBETZEA (7 norabide)

4. norabidea: langabezia murriztea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- 20-64 urtekoen enplegu-tasa % 69raino igotzea 2011n, eta % 75eraino 2020an.
- 16-64 urtekoen jarduera-tasa igotzea.
- 16 urtetik gorakoen langabezia-tasa murriztea, 2014an % 8ren azpitik utziz, eta 2020an % 6aren azpitik.

5. norabidea: lan-merkatuaren premiei erantzuten dien biztanleria aktibo kalifikatua lortzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Funtsezko gaitasunen arloko prestakuntza ematea hori behar duten enplegu-eskatzaile guztiei.
- Prestakuntza ematea langabeen % 20ari urtean.
- Prestakuntza ematea landunen % 40ari urtean.
- Gizarteratze aktiboko hitzarmenarekin DBEa jasotzen dutenen % 50ari prestakuntza ematea urtean.

6. norabidea: hezkuntza- eta prestakuntza-sistemen kalitatea eta emaitzak hobetzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- 18-24 urteko gazteen artean eskola-uztearen indizea % 12,5era jaistea 2014an, eta % 10era 2020an.
- 25-64 urteko biztanleen % 15ek prestakuntza-prozesuetan parte har dezan lortzea.
- Hizkuntzen berehalako gaikuntzari lehentasuna ematea hezkuntza-sisteman.
- Zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegu- eta prestakuntza-programak sustatzea lehentasunez.
- Berrikuntzari lotutako eta abangoardiako arloetako eta lan-jardueran gehien eskatzen diren gaiei lotutako prestakuntza-planei lehentasuna ematea.

7. norabidea: giza kapitalean egin beharreko inbertsioa zabaldu eta hobetzea, eta prestakuntza-sistemak gaitasunen kudeaketara egokitzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Enpresekiko lankidetza handitzea prestakuntza-premiak detektatzeko.
- jarduera hasiberrietako enpleguetarako prestakuntza sustatzea, aldaketa teknologikoetara egokitua.

8. norabidea: kalitatea hobetzea enpleguan, eta enpresetan gizarte-erantzukizuna sustatzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Enpleguaren behin-behinekotasuna murriztea.
- Lana bateragarri egiteko planak sustatzea, produktibitatea hobetuz.

9. norabidea: enplegu-politiken prospekzioa eta prebentzio-izaera indartzea, eta berregituratzeen inpaktua murriztea
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Enpresekiko lankidetza handitzea eraldaketei aurrea hartzeko.
- Lanbide-birziklatzerako planak sustatzea eta zeharkako gaitasunak indartzea enpresa-sektore desberdinetan.

10. norabidea: ekintzailetza sustatzea eta enpresa-gaitasunak erraztea, batez ere gazteei.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Enpresa berrien sorkuntza eta proiektu berritzaileak bultzatzea.
- Ekintzailetza errazten duten neurriak sustatzea.


3. ARDATZA: GAZTEEN ENPLEGUA SUSTATZEA ETA HEZKUNTZATIK ENPLEGURAKO TRANTSIZIOA HOBETZEA (3 norabide)

11. norabidea: gazteen lanbide-kalifikazioa hobetzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Bigarren mailako ikasketak gainditu dituzten 20-24 urteko biztanleen proportzioa % 80ra igotzea.

12. norabidea: talentua bultzatzea, eta gazteen ekintzailetza sustatzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Gaitasun ekintzaileen gaineko prestakuntza txertatzea hezkuntza-sisteman eta enplegurako prestakuntza-sisteman.

13. norabidea: gazteen enplegua sustatzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Gazteen (16-24 urte) langabezia-tasa % 25etik behera jaistea 2014an.
- Mugigarritasun geografikoa eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako egonaldiak sustatzea.
- Lehen lanbide-esperientzia sustatzea enpresekiko eta erakundeekiko lankidetzaren bitartez.


4. ARDATZA: GIZARTE ETA LURRALDE KOHESIOA SENDOTZEA (3 norabide)

14. norabidea: gizarteratzea sustatzea, eta kolektiborik kalteberenen enplegu-tasa handitzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- 20-64 urteko emakumeen enplegu-tasa % 63tik gora igotzea 2014an, eta % 67tik gora 2020an.
- 55-64 urtekoen enplegu-tasa % 47raino igotzea 2014an, eta % 50eraino 2020an.
- Desgaitasunen bat duen biztanleria aktiboaren eta etorkinen jarduera eta enplegua handitzea.
- Ezkutuko enplegua murriztuko duten eta hondotik ateratzen lagunduko duten neurriak sustatzea.

15. norabidea: enplegagarritasuna eta gizarteratzeko eta laneratzeko politika aktiboak indartzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Enplegu-zerbitzu publikoak gizarte-sistema guztiekin duen lankidetza handitzea.
- Diru-sarrerak bermatzeko politika enplegu-politikarekin bateratzea, DBEa jasotzen dutenen lan-aktibazioaren bitartez.

16. norabidea: enplegu-politiken eraginkortasuna eta biztanleriaren irisgarritasuna bermatzea, bizilekua alde batera utzita.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Zerbitzuak eta programak diseinatzea, enplegurako zerbitzuetako beste eragile eta hornitzaileekiko sare moduan.
- Enplegu-politikaren toki-dimentsioa indartzea, beste toki-eragile batzuekin akordioak lortuz.

5. ARDATZA: ENPLEGURAKO BALIABIDEAK ETA ZERBITZUAK HOBETZEA (2 norabide)

17. norabidea: Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Sistema behar bezala definitu eta ordenatzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
-Euskal Enplegu Sistemak bete behar duen zeregina eta lurraldeetan esku hartzen duten agente desberdinekin izan behar duen harremana definitzea, eta lankidetza-formulak bilatzea.
- Enpresekin hitz egiteko eta lankidetzan jarduteko esparru egonkor bat ezartzea, Lanbide sendotzeko.
- Lan-merkatuan gardentasuna handitzea, jakintzaren kudeaketa, ebaluazioa eta prospekzioa gidatuz, kostu/erabilgarritasun irizpideekin.

18. norabidea: Enplegu Zerbitzu Publikoa eraginkortasunez diseinatu eta kudeatzea, biztanleria aktiboari eta enpresei arreta pertsonalizatua eskainiz.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Lanbideren bulegoak egokitu, banatu eta modernizatzea, arreta-kultura berri baten sinbolo gisa.
- Langabeen premietara egokitutako prestakuntza-baliabideak sustatzea, produkzio-ingurune hurbila erreferentzia gisa hartuta.
- Zerbitzuak behar diren baliabide teknologikoez eta plantilla egokiez hornitzea, tamainaren, osaeraren eta prestakuntzaren arabera.
- Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko konfiantza- eta sinesgarritasun-giroa sortzen laguntzen duten enpresentzako zerbitzu espezifikoak garatzea.


6. ARDATZA: NORABIDEEN KONTROLA ETA EBALUAZIOA BERMATZEA (norabide 1)
19. norabidea
: dokumentu honetan ezarritako norabideen eta helburuen ebaluazioa, jarraipena eta lorpena bermatzea.
Honako helburu hauek ditu, besteak beste:
- Neurketa-sistemak ezartzea.
- Betearazpen- eta betetze-maila aldizka berrikustea.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan