Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

IBILek kapitala 10 milioitan zabalduko du, espainia osoan auto elektrikoak kargatzeko sarearen zabalkundeari ekiteko (2011-12-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 20

Dekretua, Energiaren Euskal Erakundeari Sociedad Ibil, Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico, SAren kapital zabalkundean parte hartzeko baimena emateko dena

Jaurlaritzaren Kontseiluak Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) baimena eman dio 5 milioiko ekarpena egiteko, eta Repsolek ordainduko duen beste erdiarekin osatuko dira.


Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren mende dagoen Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) baimena eman dio IBILen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko; sozietate hori EEEak eta Repsolek % 50ean eratua da, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea martxan jartzeko.

IBIL Gestor de Carga de Vehículo Eléctrico S.A.k bere kapitala 10 milioi eurotan zabalduko du, eta bazkide bakoitzak erdia jarriko du. Beraz, EEEari 5 milioi dagozkio.

2010eko urrian eratu zen IBIL enpresak kargatzeko 100 puntu baino gehiago instalatu ditu dagoeneko, eta zifra horrek sozietateak ezarritako aurreikuspenak erraz betetzen ditu.


Zabalkunde-plana

Kapital-zabalkuntzaren arrazoi nagusia IBILek datozen hilabeteetarako aurreikusita duen zabalkunde-planari lotuta dago. EEEaren eta Repsolen partaidetza duen sozietateak Espainiako hainbat hiritan kargatzeko puntuak ezartzeko prozesu bat abiarazi nahi du 2012an. Aurten hainbat pauso eman dira dagoeneko, auto elektrikoen hainbat fabrikatzailerekin akordioak sinatu baitira. Renault-Nissan, Peugeot edo Opel enpresekin sinatutako protokolo horien bitartez, euskal karga-kudeatzaileak merkatu nazionalerako jauzia egin dezake, fabrikatzaile horien kontzesionarioetan ibilgailu elektrikoa erosten duten bezeroek IBILen zerbitzuak kontratatu ahal izango dituztelako beren etxean karga-zutoin bat instalatzeko eta beren sare publikoan karga-zerbitzuak hornitzeko.

IBILen kargatzeko puntua ibilgailu elektrikoak segurtasun- eta fidagarritasun-baldintza guztiekin kargatzeko aukera ematen duen ekipoa da, ibilgailu elektrikoekin esklusiboki erabiltzeko elementu bereziekin diseinatu da, eta IBILen Kontrol Zentroarekin etengabe konektatuta dago kargen jarraipena egiteko, erabiltzailea identifikatzeko eta izan daitezkeen gorabeherei arreta eskaintzeko.

Zerbitzu hori, IBIL dagoeneko Euskadin garatzen ari den eta "elektrolindegi" gisa ezagunak diren eremu publikoko kargatzeko puntuen hazkundeari gaineratzen zaio. IBILek, gainera, egiaztatzen du ibilgailuei hornitzen dien energia elektrikoaren % 100 berriztagarria dela.

IBILen xede soziala batez ere ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuen azpiegitura bat diseinatu, eraiki, ustiatu, operatu eta mantentzea da, hala aparkaleku pribatuetan nahiz publikoetan. Espainian sistema elektrikoaren karga-kudeatzaile gisa jarduteko ministerioaren baimena jaso zuen ezaugarri horietako lehen sozietatea da.

IBILek ibilgailu elektrikoen karga-zerbitzuak eta balio erantsiko zerbitzuak ere merkaturatzen ditu, adibidez mugikortasun elektrikoari buruzko aholkularitza, eskura dauden kargatzeko puntuei buruzko informazio-zerbitzua denbora errealean, eta abar.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan