Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

EEEK 8 milioi euroko ekarpena egin dio olatuen energiarekin loturiko BIMEP proiektua abiaraziko duen sozietateari (2011-12-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 20

Dekretua, BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) azpiegitura martxan jarri eta ustiatzeko sozietate anonimo berrian parte hartzeko Euskal Energia Erakundeari baimena emateko dena

Armintzako instalazioa 10,4 milioi euroko inbertsioarekin eraikitzen ari da.

Sozietate berria zabalik dago erakunde gehiagok parte hartu nahi izanez gero; esate baterako, Gobernu zentralaren mende dagoen IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua ere bildu da sozietatera.


Jaurlaritzaren Kontseiluak sozietate anonimo bat eratzeko baimena eman dio gaur Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren mendeko den Energiaren Euskal Erakundeari (EEE); hain zuzen ere, BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) azpiegitura abiarazi eta ustiatzeaz arduratuko den sozietate anonimoa. BIMEP azpiegitura hori Lemoiz (Bizkaia) herriko Armintzan eraikitzen ari dira eta olatuen energia izango du xede.

EEEk zortzi milioi euroko ekarpena egingo dio sozietate berriaren kapital sozialari, hau da, guztizkoaren % 80. Beste bazkidea Gobernu zentralaren mende dagoen IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua izango da. Baina enpresa zabalik egongo da, beste bazkide batzuek proiektuan sartu nahi izanez gero.

Enpresa berriaren helburu sozialak lau lehentasun ditu:

Itsas energia berriztagarrien bihurgailuekin saiakuntzak eta frogak egiteko azpiegitura bat garatu eta instalatzea.
Bihurgailu horiekin eskala errealean ikerketak, saiakuntzak, frogak eta operazioak egitea, baita horien osagai eta elementu osagarriekin ere.
Itsas energia berriztagarrien garapenarekin loturiko ikerketak egitea, alderdi guztietan (ingurumena, teknologia, ontzigintza...).
Azpiegitura horren merkataritza-ustiapena eta energia elektrikoa produzitzea.


Une hauetan, proiektua gauzatze-fasean dago eta urte amaierarako zabalduko dela aurreikusi da. Eusko Jaurlaritzak etorkizunean energia berriztagarriak indartzeko egin duen apustu sendoenetako bat da.

Horrezaz gain, BIMEP proiektuak Euskadiko Estrategia Energetikoarekin (3E2020) zuzeneko lotura du; Jaurlaritzaren Kontseiluak lehengo astean onartu zuen estrategia hori eta, besteak beste, energia berriztagarrien aprobetxamendua % 87 hazteko lehentasuna ezarri du. Beraz, azken kontsumoan berriztagarrien kuota % 14ra iritsi ahal izango da.

BIMEP mundu osoko erreferentzia izango da, Euskadira teknologia eta inbertsioak erakarriko dituen eragilea. Itsas energiaren garapenaren alde egin izanagatik, Euskadi aitzindari da energia-iturri berri horren alde egin duten herrialdeen artean.

Energiaren Euskal Erakundeak aurtengo otsailean esleitu zuen BIMEPen itsaspeko komunikazioko eta elektrizitateko lineen instalazioa. Kontratu horrek 10,4 milioi euroko inbertsioa egitea dakar.

Mutriku, martxan dagoeneko

Itsas energia berriztagarrien artean, EEEk lehen proiektu bat abiarazi du 2011. urte honetan Mutrikun. Instalazioa kaia babesteko dikean kokatuta dago eta olatuen energia baliatzen du; sare elektriko orokorrera konektatuta dagoen Europako lehen planta da.

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euro inbertitu ditu proiektu horretan; 296 kW-ko potentzia du eta urtean 600.000 kWh produzituko duela kalkulatzen da, hau da, 600 pertsonak kontsumitzen dutena. Bestalde, proiektu horren produkzio berriztagarriak 80 hektarea basoren pareko efektu garbigarria izango du.

Lehendakariak uztailean inauguratu zuen instalazio berritzailea mundu osoko erreferente da, itsas garapen berriei bide egiten dielako eta aberastasuna eta enplegua sortuko duen sektore berria sortuko duelako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan