Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak kreditu-erakundeekiko finantza-lankidetzako esparru berria onartu du 2011rako etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan (2011-12-20(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko abenduak 20

Dekretua, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan

Jaurlaritzak zabaldu egin du berrerosteko prozedura eta finantza-arriskua murriztu

Etxebizitza Sailak kreditu-erakundeekiko finantza-lankidetzako esparru berria finkatzen duen dekretua onartu du 2011rako etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan.

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza eta lurzoru arloko jarduera babesgarri guztien finantzaketa-lerroak zehaztea da finantza-esparru berriaren helburua. 2010eko abenduaren 31 baino lehen finantza-erakundeei eskaturiko maileguak Dekretu honetan finkatzen diren interes-tasen arabera emango dira.

Xedapen honek egungo hipoteka-merkatuan argi eta garbi nagusi den hipoteka-erreferentziako indizearekin, Euriborrarekin, jarraitzen du; eguneratzeko hiru hilean behingo aldiak mantentzen ditu eta interes-tasen hasierako onarpenei aplika dakiekeen sistema ere, maximo batetik minimo baterainoko urkilaren sistema, alegia, eta jarduketa babesgarriaren arabera finkatuko dira azken horiek. Eguneratu egingo dira kredituen merkatuak bizi izan dituen eraldaketa zorrotzak kontuan hartuta.

Etxebizitzak berrerosteko prozedura mantendu egingo da, ordaindu ezin eta etxebizitza galtzeko arrisku kasuetarako. Etxebizitza babestua erosi egingo dio Etxebizitza Sailak finantza-erakundeari edota jabeari zuzenean, erosketa-prezioa mailegua kitatzera bideratuko da partzialki edo osorik, eta jabeak ondoriozko zenbatekoa jasoko du, kasuan kasu.

Horrela, berme handiagoa ematen zaio, eta finantza-arrisku txikiagoa, babes publikoko sistemaren babesean emandako jarduketa babesgarrien gaineko mailegu-eragiketei.

2009ko Dekretuan sartu zen berrerosteko prozedura hori indartu eta zabaldu egingo da, ezabatu egingo baitira ezarrita zeuden bi mugak, hots, erakunde bakoitzak finantzatutako zenbatekoaren % 2,5 arteko berrerosketa-estaldura, eta epealdia maileguaren lehenengo 9 urtera mugatzen zuena.

Dekretu berrian aurreikusitakoaren arabera, ez-ordainketako egoeran dauden etxebizitzak maileguaren iraunaldi osoan erosi ahal izango dira eta erakunde bakoitzak finantzatutako zenbatekoari jaramonik egin gabe.

Berreroste-araubidearen funtsezko aldaketa honek kausa objektiboetan oinarritutako ez-ordaintzeen estaldura orokortzen du eta Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak 2011ko apirilaren 13an onartutako Ebazpenari erantzuteko bideratu den formula da.

Etxebizitza Sailak, finantza-erakundeek emandako maileguekin osorik edo partzialki finantzaturiko babes publikoko etxebizitzak baino ez ditu eskuratuko, alegia, dekretu honen babesean eta 2011ko finantza-hitzarmenaren eta, kasuan kasu, ondoz ondoko luzapenen kontura emandako maileguekin, eta erosleak honelako egoeraren batean badaude: langabezian, langabeziagatiko ordaindutakoaren araberako prestazioa agortu, ezintasun iraunkor osoa, hobera egin eta ezintasun iraunkor osoaren edo lanpostua gorde gabe erabateko ezintasunaren berrikuspena, lan autonomoa edo norberaren konturakoa amaitu arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik edota antolaketa edo ekoizpen arrazoiengatik.

Etxebizitza Alokabide sozietate publikoak eskuratuko du eta errentamenduan edo erosketa araubidean esleituko ditu etxebizitza eta atxikitako eranskinak.


Finantza-hitzarmena

Kreditu-erakundeek emango duten gehieneko kreditu-bolumena 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean ezarritakoaren arabera zehaztuko da. Lehenik eta behin 439,9 milioi euro izango dira, hain zuzen, eta honela banatuko dira:

2011
Alokairurako sustapenak 123.184
Azalera-eskubidean erosteko eta saltzeko 242.760
Birgaitzea 41.520
Lurzorua erosteko 32.400
GUZTIRA 439.864

(Milako eurotan)


Kreditu-erakundeek etxebizitza babestuen erosketa finantzatuko dute, eskatzaileak honako hauek betetzen baditu: babes publikoko etxebizitza modalitate bakoitzaren araudi erregulatzailean aurreikusitako baldintzak eta betekizunak, eta kreditu-erakundeek horretarako maileguak emateko ezarritako irizpideak eta baldintzak.

Erreferentzia-tasa 12 hilabeterako Euriborra izango da, aldaketa-tarteak ezarrita figura bakoitzeko tasa-motaren arabera.

Iaz, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetutako hitzarmenaren babesean kreditu-erakundeek 328,7 milioi euroko kredituak eman zituzten, hots, 2010eko Plan Zuzentzailean ezarritako 339 milioitako kopuruaren %96,9.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan