
Jokin Bildarratzek ziurtagiriak banatu dizkie Jakin-Mina Bizkaia zikloan parte hartu duten ikasleei
- 2022-2023 ikasturte honetan, DBH 4. mailako 279 euskal ikaslek hartu dute parte Jakiundek antolatzen duen hitzaldi zikloan
- Programaren xedea da gazteen ezagutza zabaltzea eta haien jakin-mina piztea, ezezagun zaiena bilatzeko interesa sortaraziz ikasleengan
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Bizkaiko Jakin-Mina hitzaldi zikloaren amaiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Bilbon. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatzen du ziklo hau, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta.
Deustuko Unibertsitatean burutu den ekitaldian parte hartzaile izan dira, sailburuarekin batera, José María Guibert unibertsitate honetako errektorea, Sonia Gaztanbide Jakiundekoko akademikoa, eta Leire Jaureguibeitia Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari nagusia.
Ekitaldiaren irekieraren ondoren, aurten hitzaldietan parte hartu duten ikasle bizkaitarrek euren ziurtagiriak jaso dituzte. Ikasle hauek, halaber, Bilboko Arte Ederren Museoko Lagunen txartela ere eskuratu dute, urte beterako. 2022-2023 ikasturtean Jakin-Mina zikloak 35 hitzaldi eskaini ditu guztira, eta DBHko 4. mailako 279 ikaslek hartu dute parte (22 Arabakoak, 134 Bizkaikoak eta 123 Gipuzkoakoak), hiru lurralde historikoetako 49 ikastetxetakoak.
Oparia
Ekitaldian hitza hartu duelarik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak “opari” hitzarekin deskribatu du gazteek ikasturte honetan Jakiunderen eskutik jaso dutena, eta eskerrak eman dizkio erakunde horri Jakin-Mina programarekin egiten duen ahaleginagatik. Ildo horretan, programak duen balio edo ezaugarririk nagusiena ere azpimarratu du: “ikastea eta jakitea, ikasteko plazer hutsagatik; ez azterketa bat gainditzeko”, hortxe dago sailburuaren esanetan hitzaldi-ziklo honen balioa.
Era berean, Jakiundek DBH-ko ikasleei proposatzen dizkien gaien aniztasuna ere hizpide izan du Bildarratzek, eta horretarako hizlaririk onenak aukeratzeak duen garrantzia nabarmendu du. “Ikasleengan interesa sortzeko helburu horretan, bada gaia bera bezain garrantzitsua den beste elementu bat: hizlaririk onenak aukeratu behar dira. Hizlarien maila altu horrek ikasleei igorriko zaien edukiaren kalitatea bermatzen du”, azaldu du, eta aurten berriro ere Jakiundek mailarik goreneko ikertzaile eta hizlariak hautatu izana txalotu du. Amaitzeko, “jakintzak libre egiten gaitu, ez ahaztu inoiz. Eta askatasun horrek asko balio du” esanaz zuzendu zaie bertaratu diren ikasleei.
Jakin-Mina
Jakiundek antolatuta, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduriko hitzaldi zikloa da Jakin-Mina, hainbat diziplina eta gaitan ezagutza zabaldu asmoz. Ekimen honek aukera paregabea ematen die parte hartzen duten ikasle gazteei, azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ditzaten, bai ikerketan, bai hainbat arlotako egungo joeretan. Hitzaldiak beren jakintza-arloetako aditu ezagunek ematen dituzte.
Jakin-Minaren bidez, ikasleak harremanetan jartzen dira errealitate zientifikoarekin (hitzaren zentzurik zabalenean, natura eta gizarte-zientziak barne), artistikoarekin eta literarioarekin, eta hezkuntza-sistemak ikuspegi estandarizatu batetik hurbiltzen dizkien gaietan sakontzeko modua izaten dute, edo curriculum-gaietan ohikoak ez diren gaietara gerturatzekoa.
Programa honek akademikoki motibatutako gazteen garapen intelektual eta pertsonala sustatu nahi du, lehen mailako adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez. Jarduera honen bidez, Jakiundek gazte horien ezagutza zabaldu nahi du, eta haien jakin-mina piztu, ezezagun zaiena bilatzeko interesa sortaraziz.
Hitzaldi zikloak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Arrasaten burutzen dira, ikasturtean zehar.
Musikatik klima aldaketara
Bizkaiko Jakin-Mina zikloaren baitan, 2022-2023 ikasturte honetan 15 hitzaldi eman dira orotara, lurralde honetako ikasleei zuzendurik, ezagutzaren hainbat arlotan, hala nola, 4.0 osasungintza, musika, klima aldaketa, neurozientziak edo artea.
Hitzaldi horien artean izan dira, beste askoren artean, Jabi Elortegi zinemagileak eskaini zuen “Zelan egin pelikula bat. Ideiatik pantaila handira”; Jon Bagües Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendari ohiak emandako “Musikaren lanbideak artxiboen bidez” hitzaldia; “Juanjo Mena: a life on and off a podium”, orkestra zuzendari ezagunaren beraren eskutik; edo “Cambio climático y ciudades: de la distopía a la acción”, Marta Olazabal Ikerbasqueko ikertzaileak eskaini zuena.