Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Beira-ontziak birziklatzeko sistemak 25 urte bete ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoa erreferente da horretan

2023-05-17
  • Beira izan zen birziklatzen hasi zen lehen materiala, eta Euskal Autonomia Erkidegoa da Estatu osoan herritarrek edukiontzi berdeari ekarpen handiena egiten dioten bigarren lurraldea.
  • Azken bi hamarkadetan, % 120 baino gehiago hazi da beira-ontzien berreskurapena.
  • Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde aurreratua izan da birziklatzeari eta gaikako bilketari dagokienez. Euskal herritar bakoitzak, batez beste, Estatuko batez bestekoak baino % 45 beira-ontzi gehiago botatzen ditu edukiontzi berdeetara.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan 25 urte hauetan berreskuratutako beirari esker, 1,5 milioi tona lehengai —San Mames estadioaren bolumenaren baliokidea— naturatik ateratzea saihestu da.

Gaur, jarduera publiko, unibertsal eta nahitaezko gisa beira-ontzien birziklapena Euskal Autonomia Erkidegora iritsi zeneko 25. urteurrena ospatzen da, Bilgarri eta Bilgarrien Hondakinei buruzko 11/1997 Legea onartu ondoren. Azken bi hamarkadetan, euskal herritarren konpromisoari esker, % 120 baino gehiago handitu da beira-ontzien berreskurapena Euskal Autonomia Erkidegoan, 1,3 milioi tona baino gehiago berreskuratu ondoren.

80ko hamarkadan, lehen ekimen puntualak hasi ziren, beira-industriak lehen edukiontzi berdeak jarri ondoren. Horrela, beira izan zen birziklatzen hasi zen lehen materiala.

Ecovidrioren Euskal Autonomia Erkidegoko lehen Esparru Hitzarmena 2001ean sinatu zen, eta, urte horretan bertan, San Markoseko Udal Mankomunitateak —Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernaniko udalek osatzen dute— bat egin zuen horrekin. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoa izan da beira-ontzien birziklapenaren arloan aurrerapen gehien egin dituen Estatuko lurraldeetako bat, bertako herritar guztien eta administrazioaren konpromisoari esker.

25 urte eskasean, euskal herritarrak edukiontzi berdean pertsonako 47 ontzi botatzetik 99 ontzi botatzera pasatu dira, eta edukiontziak, berriz, hirukoiztu egin dira, gaur egun dauden 11.252 unitateetara iritsi arte. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona bakoitzak batez beste 28,9 kg beira-ontzi botatzen ditu edukiontzi berdeetara, Estatuko batez bestekoa (19,8 kg) baino % 45 gehiago; horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa da Estatu osoko bigarren lurraldea herritarrek edukiontzi berdera egiten duten ekarpena kontuan hartuta.

Ecovidrioko zuzendari nagusi José Manuel Núñez-Lagosen arabera: “Berotze globalak, lehengaien eskasiak eta energia-krisiak gure bizimodua arriskuan jartzen dute. Historia modernoaren erronkarik handienetako baten aurrean gaude, eta horiei argi eta garbi aurre egiteko unea da. Unea larria izan arren, oraindik garaiz gabiltza eta aukera dago egoera iraultzeko. Ecovidrioren eredua birziklatze-sistema eraginkor, efiziente eta jasangarri gisa aurkeztu da, gure ekonomiaren eta gure produkzio-sistemaren zirkulartasuna bultzatzeko giltzarria”.

Euskal Autonomia Erkidegoa, eskualde % 100 zirkularra

Euskal Autonomia Erkidegoak jasangarritasunarekin eta hondakinen kudeaketarekin konprometitutako industria-sare indartsu eta berritzaile bat du, eta horrek ekonomia zirkularrean oinarritutako produkzio-eredua duen eskualde eredugarri bihurtzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoan beira-ontziak birziklatzeko zirkulua ixten da.  Trabeira Tratamiento De Vidrio SLren tratamendu-plantari eta Vidralaren erreferentziazko beirateari (biak Laudion daude) eta 160 ontziratze-konpainiari esker, euskal herritarrek edukiontzi berdeetara botatzen duten beira guztia erabat birziklatzen da autonomia-erkidegoan bertan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok hauxe adierazi du: “ekonomia zirkularraren eredu berri horren alde egin du apustu Euskal Autonomia Erkidegoak. Eredu horrek enplegua sortuko du gure lurraldean, gure enpresa-sareari lehiarako abantaila emango dioten berrikuntzak sustatuko ditu, eta pertsonei eta ingurumenari gure osasunean eta ongizatean eragina izango duen babes-maila emango die”.

Iraultza berdearen arrakastaren gakoak

  1. Edukiontzi berdea, gure enbaxadorerik onena: Iritsi zenetik, 80ko hamarkadan, birziklatzearen lehen ikonoa izan zen. 11.200 edukiontzi baino gehiago daude, Euskal Autonomia Erkidegoko herri, hiri eta udalerrietan banatuta, herritarren zerbitzura, urteko 365 egunetan 24 orduz. Berreskuratutako beira-ontzien tonen % 90 baino gehiago edukiontzi berdetik —ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik sistema jasangarriena— dator.
  2. Birziklatzearen kalitatea: Edukiontzi berdeek material desegokien —edukiontzian oker utzitako objektuak— % 2 baino ez dute, eta edukiontzi horietara botatako beira-ontziak % 100ean birziklatzen dira behin eta berriz, eta ontzi berri bihurtzen dira.
  3. Ostalariak, zirkularitatearen bultzatzaileak: Horeca kanalak merkaturatzen diren beira-ontzien hondakinen ia % 50 sortzen du; horrek funtsezko elementutzat jartzen du sektore horren ekarpena.
  4. Kontzientziazioa: Gizarte-mobilizazioa eta kontzientziazio-kanpainak tresna erabakigarriak izan dira beira-ontziak birziklatzea Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dagoen ohitura izan dadin lortzeko.

Beira- ontzien hondakinak birziklatzearen ingurumen-onurak

Beira-ontzien birziklapena funtsezko elementua da klima-aldaketaren eta gure ekonomiaren deskarbonizazioaren aurkako borrokan. Ezinbestekoa da, halaber, 2030 Agendan errotutako garapen-eredu zirkularrago baterako trantsizioan. Ildo horretan, mende laurden honetan Euskal Autonomia Erkidegoko igluetara botatako ontziei esker, honako hau lortu da:

  • 000 tona CO2 baino gehiago emititzeari uztea; hori urtebetez 350.000 auto zirkulaziotik kentzea edo milioi bat zuhaitz landatzea eta 100 urtez zaintzea bezala da.
  • 1,5 milioi tona lehengai (harea, soda eta kareharria) naturatik ateratzea ekiditea, Bilboko San Mames estadioaren bolumenaren baliokidea.
  • 000 Mwh energia baino gehiago aurreztea, Bilboko hiriko etxeetako bi urteko elektrizitate-kontsumoaren baliokidea.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Manuel Núñez-Lagos, Ecovidrioko zuzendari nagusia